Turkia

Turkiak iragarri du ez duela muga itxiko EBk bere hitza bete arte

Greziak salatu du 4.000 pertsona saiatu direla «indarrez» muga zeharkatzen, eta Turkiari egotzi dio taldeak antolatzea. Erdoganek esan du bonbardaketetan 2.100 soldadu siriar hil dituztela.

Iheslariak Grezia eta Turkia banatzen dituen Meric ibaia zeharkatzen, Europan sartu ahal izateko. ERDEM SAHIM / EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 1a
13:09
Entzun

Recep Tayyip Erdoganek eta Europako Batasunak trukerako txanpon bilakatu dituzte gerretatik ihesi doazenak. Duela lau urteko iheslarien fluxua geldiarazteko Bruselarekin hitzartutako akordioak boterea eman dio estatuburu turkiarrari, eta baliatu egin du. Siriako gerrak okerrera egitearekin batera, beste milioi bat inguru lagunek Turkiara jo dute ihesean, eta, hark iheslari gehiago ezin dituela jaso argudiatuta, mugak zabaldu ditu, eta ohartarazi du ez dituela itxiko baldin eta EBk bere hitza betetzen ez badu. Izan ere, Turkiak Bruselari egozten dio ez ematea akordioan jasotako diru laguntzak.

Ez da lehen aldia estatuburuak ohartarazten duena ez duela nahikoa baliabide Siriatik ihesi doazen migratzaile guztiak jasotzeko —3,5 milioi inguru errefuxiatu daude egun herrialdean—. Oraingoan, ordea, testuingurua bestelakoa da.

Babes bila

Herenegun, Siriako Armadak, Errusiako hegazkinen laguntzarekin, 33 soldadu turkiar hil zituen, eta Turkiak haren kokalekuak bonbardatuz erantzun zion. Azken orduetan bi aldeek nolabaiteko menia bat hitzartu duten arren, ez dago argi noiz arte iraungo duen, eta, lehia horretan, Turkiak EBren eta NATOren babesa lortu nahi du. Ankarak, aliantzako kide izanik, badu aukerarik estatu kideen laguntza eskatzeko, bere subiranotasuna arriskuan dagoela argudiatuz. Baina NATOk berak izango luke azken hitza, eta ez dirudi haren alde egingo lukeenik. Horregatik, Turkiak beste bidea aukeratu du; alegia, errefuxiatuei atea ireki eta estatu kideak ataka estuan jartzea.

Bien bitartean, Bruselak dio akordioak indarrean jarraitzen duela, eta mugak zabaltzeko erabakia «behin-behinekoa» dela —Turkiako Gobernuko bozeramaileak herenegun esandakoari eutsiz—. Izan ere, iheslariek oztopo asko gainditu behar dituzte Europaren bihotzera heldu aurretik, tartean Greziak lurreko eta itsasoko mugan jarritako Poliziaren eta militarren kontrolak.

Atenasek herenegun itxi zuen Turkiarekiko muga, eta, bart gobernuak salatu duenez ,«4.000 pertsona inguru saiatu dira hura legez kanpo eta indarrez zeharkatzen». Greziako Barne ministro Michalis Chrysohoidisek Turkiari egotzi dio haiek «antolatu» eta bidaltzea.

Turkiako Atzerri ministro Mevlut Cavusogluk ukatu du halakorik, eta iheslariei negar gasa jaurtitzea egotzi dio: «Guk ez ditugu zertan geldiarazi gure herria utzi nahi dutenak, baina Greziak haiek gizaki gisa tratatzeko betebeharra du». Atenasek, baina, ohartarazi du bere esku dagoen guztia egingo duela inork muga igaro ez dezan.

Greziak ez ezik, Bulgariak ere segurtasun neurri bereziak hartu ditu Turkiako mugan, eta kontrolak iragarri ditu Austriak ere. «Mendebaldeko Balkanetako bideko gure kideekin eta EBrekin harremanetan gaude. EBko kanpo mugetako segurtasunak geldiarazten ez baditu, Austriak bere mugak babestuko ditu», iragarri du Sebastian Kurz kantzilerrak.

Biltegi kimikoak

Errusiak zabaldu duenez, «tentsioa murrizteko» akordio bat itxi dute bi aldeek. Aurrez, baina, Turkiako armadak Siriako Gobernuaren kontrolpeko hainbat gune bonbardatu zituen, tartean biltegi kimikoak, betiere Ankararen arabera. «Gai kimikoen zazpi biltegi suntsitu ditugu», azaldu zuen Erdoganek, eta gaineratu zuen erasoetan 2.100 soldadu hil eta 300 ibilgailu militar ere suntsitu dituztela.

Erdoganek ohartarazi du ez dela Siriatik erretiratuko «herriak eskatu ezean», eta eskatu dio Errusiari utz diezaiola Al-Assad babesteari. Vladimir Putin Errusiako presidenteak, ordea, asko du irabazteko buruzagi siriarra garaile irteten bada; izan ere, pisuzko aliatu bat lortuko luke Ekialde Hurbilean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.