Turkiak kurduei erasotzen badie bere burua defendatuko duela dio Kurdistango Gobernu Autonomoak

PKK gerrillak ohartarazi du erasotzen badiote Turkiako hiri eta oliobideak ere jomuga izango dituela

2007ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Turkiako armada Iraken menpeko Kurdistanen (Hego Kurdistan) aterpetzen diren PKK Kurdistango Langileen Alderdiko gerrillariei erasotzeko asmotan dela eta, Hego Kurdistango gobernu autonomoko presidente Massud Barzanik ohartarazi du beren burua defendatuko dutela Turkiaren erasoetatik. Atzo ukatu egin zuen bere gobernuak babesa ematen diola Turkiaren menpeko Kurdistandik (Ipar Kurdistan) ihesi joandako gerrillariei.

Turkiak, bere menpeko lurraldeetako kurduei jazartzeaz gain, maiz bonbardatu ditu Hego Kurdistango eremu menditsuak, PKK gerrillak handik Turkiari erasotzeko baseak dituela argudiatuta. Bonbardaketa horietan, ordea, zibil kurdu ugari izan ditu jomuga. Iragan asteartean PKKri erasotzeko baimena eman zion armadari Turkiako Legebiltzarrak, baina erasoaldi zabala «berehalakoa ez» dela izango esan du Ankarak.

Turkiako armadak bi estatuen arteko muga ez igarotzeko Irakeko Gobernuak PKKren baseak suntsitu behar dituela esan du Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdoganek. «Ankarak buru hotzarekin jokatuko du». Bagdadekiko elkarlana ere sakondu nahi duela azaldu du.

Irakeko Atzerri ministro Hoshiar Zebarik herenegun esan zuen PKKri ofizialki eskatu ziotela Iraken menpeko lurraldetik alde egiteko. Ildo berean, Irakeko presidente Jalal Talabanik (kurdua) FrantziakoLe Figaro egunkariari adierazi dionez, Bagdadek PKKri eskatu dio borroka armatua utz dezala eta Hego Kurdistango lurraldea bere helburuetarako erabiltzeari utz diezaiola. «PKK-k ulertu behar du mundua aldatu egin dela. Che Guevararen garaia igaroa da. PKKri dei egiten diot Turkiara itzuli, eta bizitza parlamentario eta demokratikoa egiteko». Hitz horiek ez datoz bat Massud Barzani aurkari politiko kurduak esandakoarekin.



PKK-REN OHARKIZUNA. PKKren buruzagietako batek, Murat Karayilanek, ohartarazi du Turkiako armadak Hego Kurdistan inbadituko balu «hondamendia» izango litzatekeela Turkiako estaturako. «Halako erasoaldirik gertatuz gero, erresistentzia gizarte kurduko sektore guztietara zabalduko litzateke. PPK-k oliobideei eraso egingo lieke. Ez dugu politika berezirik oliobideen kontrako erasoen inguruan, baina defentsa gerra batean gaude. Aldeetako batek erasotzen badigu, oso normala da gerrillak jomugatzat hartzea Kurdistandik igarotzen diren oliobideak».

Kurdistango Gobernu Autonomoak Washingtonen duen ordezkari Kubad Talabaniren iritziz, inbasioren bat izanez gero «Iraken subiranotasuna eta irakiar eta kurduak babestera» behartzen ditu AEBak NBEren ebazpen batek.



Kirkuk: izaera eta petrolioa

lehian
Husseinek hiriko milaka kurdu eta turkmeno egotzi ondotik, gobernu autonomo kurduak Kirkuken izaera berreskuratu eta petrolioaren kudeaketa kontrolpean eduki nahi du.
j.m.s.

Kirkuk hiri kurdu historikoagatik lehia bizian dabiltza kurduak eta irakiarrak. Hiria bere kontrolpera igarotzea nahi du Kurdistango Gobernu Autonomoak, arrazoi historiko, etniko eta kulturalak argudiatuta. Baina Bagdadeko gobernuak ez du hori gertatzerik nahi, eta iraganeko neurri politikoen ondorioz hainbat komunitatek helburu kontrajarriak dituzte orain. Hiria arabiartua izatetik kurdutua izatera igarotzen ari delako salaketak ez dira falta.

Irakeko Gobernuaren kontrolpeko petrolio industriaren iparraldeko erdigunea da Kirkuk. Haren menpeko Kurdistango Gobernu Autonomoak ere hainbat petrolio eremu kudeatzen ditu; ez, ordea, Kirkukekoa. Hango petrolioari ere heldu nahi dio, ez soilik arrazoi ekonomikoengatik, ordea.

Kirkuk berez Kurdistani dagokio historikoki, eta nahasketa etnikoa izan du: asiriar, kurdu, arabiar, turkmeno eta armeniarrek osatu izan dute populazioa.

Alabaina, Saddam Hussein zena Bagdaden agintean zela, Kirkuketik milaka kurdu eta turkmeno -turkiarren etnia berekoak- egotzi, eta hegoaldeko irakiar arabiar sunita nahiz xiita ugari eraman zituen hirira. Zehazki, 1970ean kurduei eginiko autonomia eskaintzatik kanpo geratutako eremuak -tartean Kirkuk- arabiartzeko kanpainari ekin zion 1975ean, baita 1991 eta 2003 artean ere.

1975eko azaroan Irakeko Gobernuko funtzionario batek adierazi zuen 50.000 kurdu inguru deportatu zituztela Irakeko hegoaldeko Nasiria eta Diuaniako barrutietara. Gainera, Michael Rubin ikertzaileak dioenez, Bagdadek 1.400 herri kurdu suntsitu zituen, eta 600.000 kurdu inguru beste hiri batzuetan bortxaz egokitu zituen.

Human Rights Watch giza eskubideen erakundearen arabera, 1991ko Golkoko Gerratik 2003 arte -AEBek eta haien aliatuek Irak okupatu arte- Irakeko Gobernuak 120.000 kurdu, turkmeno eta asiriar kanporatu zituen Kirkuketik eta beste hiri eta herrietatik.

2003tik hona, ordea, PUK Kurdistango Batasun Patriotikoa eta KDP Kurdistango Alderdi Demokratikoaren gobernu autonomoak kurduak Kirkukera itzularaztearekin batera arabiarrak eta turkmenoak baztertu edota egotzi nahi izana salatu dute azken hauek.



ERREFERENDUMA HIRIAREN ESTATUSAZ.Horiek hala, Irakeko Diala, Kirkuk eta Ninive barruti administratiboetako eremu kurduen geroaz erreferendumak egiteko asmoa dute, tartean Kirkuk hiriaren gainekoa. Azken hori heldu den azaroaren 15ean egitekoa da, baina baliteke 2008ko maiatzera atzeratzea, alderdi kurduen aliantzak hala hitzartuta. Atzerapena «arrazoi teknikoengatik, eta ez politikoengatik» dela nabarmendu dute.

Irakeko Konstituzioaren 140. artikuluak dio galdeketa egin aurretik Husseinek eginiko arabiartze politika desegin behar dela. Ikusi beharko da zenbateraino egiten duten hori. Turkiako Gobernuak -turkmenoen aliatua- galdeketa atzeratzeko exijitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.