Turkia

Turkiak YPG miliziei egotzi die Ankarako erasoa, eta "mendekua" iragarri du

YPG milizien Siriako buruzagitzak erasoaren egiletza ukatu eta atentatua gaitzetsi du. Ustez PKKrenak diren kanpamentuak bonbardatu ditu Turkiako Armadak, Iraken menpeko Kurdistanen.

Recep Tayyip Erdogan lehen ministroa, atzo, atentatuaren ostean egindako agerraldian. TURKIAKO PRESIDENTETZA / EFE
arantxa elizegi egilegor
2016ko otsailaren 18a
08:19
Entzun

Ankarako atzoko erasoaren egiletza inork bere gain hartu ez badu ere, Turkiak dagoeneko izendatu du erantzulea: YPG milizia kurdua. Baita ohartarazi ere ez direla besoak gurutzatuta geratuko. "Ez gara lotsatuko gure burua defendatzeko eskubidea erabiltzeaz, edozein unetan eta edozein tokitan", ohartarazi du Recep Tayyp Erdogan presidenteak. Esan eta egin. Gauean zehar ustez PKKrenak diren kanpamenduan bonbardatu ditu armadak, Iraken menpeko Kurdistanen.

"Siriatik etorritako YPG talde terroristako kide bat izan da erasotzailea", adierazi du Ahmed Davutoglu lehen ministroak, eta jakinarazi du gutxienez 14 pertsona atxilotu dituztela atentatuarekin lotura izan dutelakoan. Dena den, segurtasun indarrek nabarmendu dute litekeela dela erasotzaileak "PKKren laguntza" eduki izana. Azken hilabeteotan, Turkiako Gobernuak gogortu egin du Kurdistango Langileen Alderdiaren aurkako jazarpena.

YPGko Siriako buruzagitzak, bere aldetik, egiletza ukatu eta Ankarako erasoa gaitzetsi du.

 

Artean bigarren atentatu bat izan da gaur goizean Turkian. Oraingoan Amed eta Bingol probintziak banatzen dituen autobidean. Turkiako iturrien arabera, lehergailu bat zartarazi dute konboi militar baten aurka. Komunikabideek gutxienez sei hildako izan direla aurreratu dute, eta anbulantziak bertan direla.

Kurduen kontrako erasoaldia

PKKko buruzagi batek Reuters agentziari aitortu dionez, oraindik orain ez dakit nor izan den Ankarako erasoaren erantzulea, baina "izan daiteke Kurdistanen egiten ari diren sarraskiari erantzuteko modu bat". Izan ere, HDP koalizioak eta Kurdistango bertze eragileek salatu dute azken asteotan armadak gogortu egin duela errepresioa. Bereziki eskandalagarria da Cizre barrutian salatutako hildako kopurua: Firat agentziaren arabera, armadak hilabete honetan 158 zibil hil ditu Cizren, babestuta zeuden soto batzuei erasota. Gobernuak ez du hildakoen zifra berretsi, eta erran du erasoak barrikadetan gotortutako gerrillarien aurka egin dituela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.