Turkiako 30 soldadu hil dituela aldarrikatu du PKK-k

Ankarak dio, ordea, hamabortz gerrillari kurdu hil dituela Kurdistan iparraldean eginiko operazio batean

Erredakzioa
2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Kurdistan iparraldeko Hakkari probintzian Turkiako armadak PKK Kurdistango Langileriaren Alderdiaren aurkako operazio bat egin du azken egunotan. Bi aldeek, ordea, bertsio kontrajarriak eman dituzte horren inguruan. Gerrillaren arabera, 30 soldadu hil ditu borroketan, eta militarrek PKK-ko lau kide hil dituzte. Armadak dioenez, ordea, hamabortz gerrillari hil dituzte operazioan, eta hiru soldadu zauritu dira. Iazko udan PKKren eta Ankararen arteko elkarrizketek huts egin ondoren, gatazka militarrak ez du etenik izan urtebetean.

Armadaren azken operazioa Hakkari probintziako Semdinli barrutian izan da, Iraken menpeko Kurdistango mugan. PKKren prentsa bulegoaren arabera, hiru egun iraun du erasoaldiak. Armadak hegazkinak, helikopteroak eta artilleria erabili ditu, eta airez eta lurrez bonbardatu du ingurua. Helikoptero bat bota duela ere aldarrikatu du PKK-k.

Militarren arabera, PKK-ko gerrillariek hainbat errepidetan kontrol guneak ezarri zituztelako abiarazi zuten operazioa. Ankarak dioenez, armadako unitate bereziak atzo goizean ailegatu ziren Semdinlira, eta PKK-ko gerrillariek ihes egin zuten. Helikopteroekin eta artilleriarekin bonbardatu zituzten orduan «ezkutatuta» zeuden eremuak. Semdinliko borrokez gain, PKK-k dio Van probintzian bertze soldadu bat hil duela tiroketa batean.

Ocalanen aldeko adierazpena

Kurdistango 763 gobernuz kanpoko erakundek, berriz, Abdullah Ocalan PKK-ko sortzaileari espetxean ezarritako bakartzea bukatzeko eskatu diote Turkiari. IHD Giza Eskubideen Elkarteko eledun Raci Bilicik irakurri du adierazpena Diyarbakirren egindako agerraldian. Ankarari eskatu dio utzi diezaiola Ocalani bere abokatuekin biltzen, horrek egoera politikoan «giro positiboa» sor dezakeelakoan. «Denok dakigu borrokek ez dutela lagunduko herrialde bakar baten arazoak konpontzen», irakurri du Bilicik. «Eztabaidari bidea emateko, elkarrizketa bermatzea nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.