Turkiako armadak PKKren aurka arma kimikoak erabili ote dituen ikertzen ari dira

Europako ordezkaritza batek iragan urriaren 19an Ankarak eginiko eraso baten laginak batu ditu Kazango haranean

2011ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Europako ordezkaritza batek ikerketa abiarazi du Turkian, Recep Tayyip Erdoganen gobernuak PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aurkako erasoetan arma kimikoak erabili ote dituen argitzeko. Iragan urriaren 19an, Turkiaren mendeko Kurdistanen, Kazango haranean, 37 gerrillari hil zituen armadak eraso batean. Senide nahiz lekukoek arma kimikoen erabileraren susmoa salatu zuten berehala, eta horixe argitzeko laginak hartu dituzte ikerlariek. Ez da Ankarari antzekorik leporatzen dioten lehen aldia.

Hildakoen gorpuak kiskalita topatu zituzten erasoak amaitu eta gero, eta berehala arma kimikoen ondorio izan zitekeela ohartarazi zuten lekukoek eta biktimen senideek. BDP Bakearen eta Demokraziaren alderdi kurduak azalpenak eskatu zizkion orduan Erdoganen AKP Justizia eta Garapenerako alderdiari legebiltzarrean, eta Hakkari giza eskubideen erakundeak ikerketa abiarazteko eskatu zuen. Gobernuak, baina, ez du erantzunik eman.

Oraindik arma kimikoen erabilera ezin dutela baieztatu argitu dute ikerlariek. Europako Legebiltzarreko kide ohi Feleknas Uka, Alemaniako legebiltzarkide Jan Van Aken eta Alemaniako nahiz Frantziako bost abokatuk osatzen dute nazioarteko ikerlarien taldea. BDPko kide eta Çukurcako alkate Mehmey Kanar ere taldeko partaide da.

Oraingoz «eraso bortitz» baten frogak bildu dituztela jakinarazi dute. Bonbardaketa handi bat egin zutela diote, eta inguru horretan hainbat ibilgailu kiskalita topatu dituztela. 250 eta 950 kilo artean pisatzen duten bonben arrastoak ere aurkitu dituzte.

PKK-k 1990eko hamarkadaz geroztik egin duen eraso handiena egin zuen urriaren 18an: 24 militar hil zituen Hakkari probintzian. Turkiako lehen ministroak «mendeku handia eta era askotakoa» iragarri zuen, eta Turkiaren mendeko Kurdistan bonbardatzeari ekin zion. Erasoaldi horren harira hil zituen Kazango haranean 37 gerrillariak.

Aspaldiko susmoa

Hainbatetan leporatu izan diote Turkiako armadari PKKren aurkako borrokan arma kimikoak erabili izana. «Turkiak urteak daramatza kurduen aurka arma kimikoak erabiltzen», dio Sores Toprak kazetariak.

Abuztuan, IHD Giza Eskubideen Turkiako Elkarteak jakinarazi zuen gaiaren inguruan ikerketak egiten ari zela, eta aurki debekatutako armen erabileraren inguruan txosten bat kaleratzekotan dira. Erdoganen gobernuak, berriz, salaketak «PKKren propaganda» baizik ez direla adierazi du hainbatetan, auziari garrantzia kentzeko asmoarekin. IHD eta beste hainbat erakundek egin dituzten ikerketek bestelakoa diote. 1999an, 2003an, 2006an, 2007an eta 2008an Turkiako armadak arma kimikoak erabili izanaren frogak bildu izan dituzte. Betalde, 1997. urtean sinatu zuen Ankarak arma kimikoak gordetzea eta erabiltzea debekatzen duen nazioarteko hitzarmena.

1984an, negoziazioek etengabe porrot egin ostean, PKK-k borrokaren bidea hautatu zuen kurduen independentzia aldarrikatzeko. Ordutik, 45.000 lagun hil dira talde armatuaren eta Turkiako segurtasun indarren arteko borroketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.