Deniz Ozturk. Arkitektoa

«Turkiako Gobernua da hondamendiaren erantzulea»

Ozturkek nabarmendu duenez, eraikuntza prozesua kontratisten esku dago Turkian, eta estatuak ez du horren gaineko kontrolik. Gainera, hirigintza arloko amnistiek erraztu egiten dute prozesua hala egitea.

ORSOLA CASAGRANDE.
2023ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Otsailaren 6an izandako lurrikaran 45.000 lagun baino gehiago hil ziren Kurdistanen eta Turkian, eta 5.000 baino gehiago Sirian. Gutxienez 227.027 eraikin erori ziren edo larriki kaltetu.

Deniz Ozturk arkitektoa eremu sismikoetako eraikuntzan espezializatua da. TIP Turkiako Langileen Alderdiko Batzorde Exekutiboko kidea da, eta Hatayn egon da lurrikararen biharamunetik. Hiri horretan, ia 11.000 eraikin erori dira, eta milaka larriki kaltetu.

Lurrikarak hondamendi naturalak dira, jakina, baina ez da hain naturala eraikinak hain erraz erortzea. Nortzuk dira eraikinak pilaka erori izanaren erantzuleak?

Turkiako Gobernua da hondamendi horren erantzulea, kontrol prozesu guztiak zokoratuak baititu. Ez du plangintza prozesurik egiten hiriak hondamendi naturalei aurre egiteko moduan eraiki daitezen. Ez ditu kontuan hartzen zientzialarien eta profesionalen ohartarazpenak, eta ez du hondamendiak kudeatzeko planik.

Nolakoa da Turkian eraiki ahal izateko prozesua?

Lehenik eta behin, orubea ikuskatu behar da. Txosten horretan, lurzoruaren ezaugarriak jasotzen dituzte, zer eraikin mota egin daitekeen zehazteko. Arkitektura proiektu hori eraikina egingo den herriko udalari ematen zaio, azterketa topografikoarekin eta proiektu zibilarekin batera, eta modu horretan lortzen da eraikitzeko baimena.

Prozesua arazorik gabe egiten bada, udalak baimena ematen du, eraikitzen hasten dira, eta eraikinak ikuskatzen dituen enpresa batek gainbegiratzen du prozesu osoa; kontratistak erabakitzen du zer enpresa arduratuko den horretaz. Horrela esanda, ematen du kontrol handia dagoela eta ondo funtzionatzen duela, baina ikuskapen batzuk kontratistak berak egiten ditu, hala nola orubearena eta eraikinarena. Hau da, eraikuntza prozesua kontratisten esku dago Turkian, eta, haiek egiten dituzten txostenez gain, ez da beste kontrolik egiten.

Beste erakunde batzuek ere esku hartuko dute prozesuan, ezta?

TMMOB Turkiako Ingeniarien eta Arkitektoen Ganberen Batasunak gainbegiratzen zituen arkitektura proiektuak, proiektu zibilak, elektrikoak, mekanikoak eta orubearen azterketak. Baina AKP Justiziaren eta Garapenaren Aldeko Alderdiaren gobernuak hartu zuen erakunde horren kontrola, eta, agintean egon den 22 urteetan irabaziak bakarrik lehenetsi ditu.

«Amnistiak» ere badaude tartean. Zertan datza gobernuaren legezko praktika hori?

2018an amnistia bat onartu zen bake urbanistikoa izenpean. Amnistia horiek ez daukate justifikazio zientifikorik. Etxebizitzaren jabeak deklarazio bat egin behar duenez, haren gain uzten da erantzukizuna, eta, ondoren, legeztatu egiten da. Hau da, estatuak jabeen esku uzten du etxeen segurtasuna, eta, berez, estatuak bermatu beharko luke herritarrak etxe seguruetan bizi direla. Amnistia urbanistikoei lotutako eraikin gehienak planifikatu gabe egin dituzte, eta ez dute ingeniaritza aholkularitzarik jaso. Amnistia urbanistikoak gobernuaren azpijoko bat izan dira, eta haren helburua zen botoak eta dirua lortzea hauteskundeak egiterako. Amnistia horiek dira gaur egun dugun hondamendi honen oinarri nagusietako bat.

Nola laburtuko zenuke gobernuaren etxebizitzaren arloko politika?

Herritar guztiek dute ingurune seguru eta osasungarri batean bizitzeko eskubidea. Hala ere, AKPren gobernuak bizileku urbano eta bizitasunik gabeak sustatzen ditu; leku horietan, dirudunak leku seguru eta osasungarrietan bizi dira; dirurik ez dutenak, aldiz, hiriguneetatik bidaltzen dituzte, eta TOKI agentziak [Etxebizitza Masiboen Administrazioa] egiten dituen etxeetan bizitzera kondenatuta daude: guztiak berdinak dira, eta eraldaketarako proiektuen bidez desitxuratzen diren hiri ehunetan egoten dira.

Oso zaila da etxebizitza duin bat lortzea, bereziki hiri handietan, errenta igoerak neurriz kanpokoak eta kontrolik gabekoak baitira. Esate baterako, Istanbulgo biztanle askok ez dute jakin nahi beren etxeak lurrikarak jasateko modukoak diren ala ez, uste baitute estatuak eraitsi egingo dituela lurrikarak jasaten ez dituzten etxebizitzak. Gobernuak, horri erantzunez, hitzeman du dozenaka mila etxe sozial eraikiko dituela. Politika populista bat baino ez da, gizartearen eskaerak aintzat hartzen ez dituena eta diru sarrerak lortzeko helburua duena.

TOKI aipatu duzu. Azal dezakezu zer den eta zer garrantzi duen Turkian?

Hasieran, diru sarrera txikiko familientzako etxebizitza sozialak administratzeko sortu zen TOKI, eta finantza kuota apaleko sistema bat zuen. Denborarekin, alde batera utzi zuen etxe sozial merkeagoak osatzeko politika, eta aliantzak egiten hasi zen luxuzko bizilekuen etxe agentziekin. Hain zuzen ere, gaur egun estatuko kontratista nagusia da ia. TOKI hain modu autonomoan antolatu zen, non estatuko gainerako instituzioek ere ez duten kontrolatzen.

Mucella Yapici arkitektoak zera esan zuen: «Behin eta berriz ohartarazi diegu erakundeei Hatayri buruz, bereziki aireportuari buruz. Dagoeneko ezin dituzte beren krimenak ezkutatu esanez patuak eta naturak dutela errua». Nola ziurtatu beren gain hartuko dutela beren erantzukizuna?

Nire lankide Mucella Yapicik eta beste zientzialari batzuek behin eta berriz ohartarazi zieten erakunde guztiei. Hatayko aireportua Amikeko ordekan eraiki zen, eta lurra likidotzeko arriskua zegoen hor. Arrisku hidrografikoa handitzen ari zela ohartarazi zieten. Egiaz, eremua ur azpian zegoen eraikitzen hasi zirenerako. Lurrikara gertatu denean, pistan bertan ikusi ditugu lurra likidotu izanaren ondorioak. Istanbulgo aireportu berria da beste adibideetako bat: zientzialarien eta teknikarien ohartarazpenez gainera, protesta sozial handi bat piztu zen proiektu horren kontra; izan ere, basoak, meategiak, bazkalekuak eta hegaztien migrazio ibilbideak zeuden proiektua egin nahi zuten tokian.

Orain, berriz, adituek ohartarazi dutenez, lurrikarak gertatzeko arriskua dago aireportua eraiki nahi duten beste toki horretan. Gobernuak entzungor egiten du, kontratistei mesede egitea beste helbururik ez du eta. Kontuak eman beharko dituzte; izan ere, AKPren gobernuak estatu bermerako egindako proiektuaren bidez, herritar guztiek ordaintzen dute zerga bat aireportuengatik, ospitaleengatik, zubiengatik eta errepideengatik, nahiz eta ez erabili. Eta hemen gaude, arduradunek kontuak emango dituztela bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.