Lagun bat hil eta beste bi zauritu ziren atzo Turkiaren menpeko Kurdistango Bismil herrian, manifestari kurduen eta Poliziaren artean izandako istiluetan. Turkiako Hauteskunde Batzorde Gorenak hamabi hautagai kurdu ekainaren 12ko bozetatik kanpo utziko dituela iragarri zuen joan den astelehenean, eta horregatik ari ziren protestan kurduak Bismil herrian. «Poliziak tiroz erantzun zien manifestariei», Selahattin Demirtas BDP Demokrazia eta Bakerako Alderdi kurduko presidenteordearen esanetan.
Bismilgo gertakariaren ostean, hautagai kurduen auzia konpontzeko Abdullah Gul Turkiako presidentearekin zuten bilera bertan bera utzi du BDPk. Hala ere, Demirtasek nabarmendu du Turkiako segurtasun indarrak Kurdistanen erabiltzen ari diren indarkeriaren berri emango diola estatuburuari. Bestalde, Dijarbakir probintzian erreboltari kurduen talde batek erasoa egin zuen atzo, eta Turkiako landa polizia bat hil zuten.
Kartzela arrazoi bakarra
Turkiako Hauteskunde Batzorde Gorenak arrazoi bakarra eman du hamabi hautagai kurduak hauteskundeetatik kanpo lagatzeko: iraganean kartzelan egon izana. Alabaina, kartzelan egondako hainbat hautagai aurkeztu izan dira aurreko bozetan eta aurkeztuko dira oraingoan ere.
Hautagai kurduei jarritako betoari erantzunez, istilu larriak izan ziren joan den asteartean ere Kurdistango hainbat hiritan eta Istanbulen.
Turkiako Poliziak manifestari bat hil du tiroz Kurdistanen
Kurdu erreboltarien talde batek Turkiako landa polizia bat hil du Dijarbakir probintzian eginiko eraso batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu