AEBek Mexikoko mugan eraiki zutenaren antzera, Greziak ere Turkiarekiko mugan 12,5 kilometrotako harresia eraiki nahi du, paperik gabeko etorkinak geldiarazteko. Christos Papoutsis Greziako Herritarren Babeserako ministroaren arabera herrialdeak «gainezka» egin baitu. Iaz, esaterako, 50.000 lagun baino gehiago sartu ziren herrialdean Turkiatik. Izan ere, beste hainbat herrialdek segurtasun neurriak handitu dituzten heinean, Europara heltzeko ate bilakatu da Grezia. Ate hori itxi nahi dute, hain justu, hesiarekin.
Turkia eta Grezia arteko muga 205 kilometro ingurukoa da. Etorkinak geldiarazteko hesiak, baina, 12,5 kilometro soilik izango ditu. Gainontzeko eremuan Evros ibaiak egiten du hesiaren lana. Motordun txalupetan kontrolatzen dute eremu hori mugazainek. Gobernuz kanpoko erakundeen esanetan, ordea, etorkinen gehiengoa ibaitik sartzen da. Horrexegatik, erakunde horien ustez, trafikatzaileek muga zeharkatzeko kobratzen duten prezioa igotzea besterik ez du ekarriko hesiak. Gaur egun, pertsona bakoitzak 500 euro inguru ordaintzen ditu ibaia zeharkatzeko.
Greziako Gobernuaren proposamenak kritika ugari eragin ditu. Alderdi Komunistak, adibidez, neurria «gizagabea» dela adierazi du, eta, gainera, murruaren eraginkortasuna zalantzan jarri du. Ezkerreko Koalizioa alderdia ere zentzu berean mintzatu da: «Ez da eraginkorra izango, hesia egon ala ez egon, zorigaiztokoak etortzen jarraituko baitute». EB Europako Batasunak Greziari ohartarazi dio «hesiak eraikitzea» ez dela luzerako irtenbidea. Horren ordez, mugen kudeaketa hobetzea proposatu dio herrialdeari.
Kritikak kritika, Greziako Gobernuak hesia lehenbailehen eraikitzeko asmoa du. Krisi ekonomikoa dela-eta «greziarrek ezin baitute immigranteen etorria gehiago jasan», Emanuil Othonas Immigrazio ministrordearen hitzetan.
EBren laguntza
Gaur egun, Greziako hamar biztanletik bat Europako Batasunetik kanpokoa da; 300.000 etorkin inguru daude egoera irregularrean. Gehienak Afganistandik, Iraketik eta Afrika iparraldetik heldutakoak dira. Askoren helburua Europako Batasuneko beste herrialde batera heltzea da, baina maiz, baliabiderik ez dutenez, ezin izaten dira bertatik irten.
Greziak Europako Batasunari laguntza eskatu dio egoerari aurre egiteko, eta «erantzukizuna bere gain har dezala» exijitu dio. Urrian, EBko mugen kontrolerako Frontex agentziak 175 lan talde bidali zituen Grezia eta Turkia bereizten dituen mugara. Ordutik, paperik gabekoen sarrera %40 murriztu dela diote. Dena den, oraindik ere 140 etorkin inguruk zeharkatzen du muga egunero-egunero.
Turkiatik sartzen diren etorkinak bertara itzultzea onartzea nahi du Greziak. Hori horrela, Bruselari Ankararekin akordio bat lortzeko ahaleginak handitzeko eskatu dio.
Greziako Gobernuarentzat, Europak gaurdaino eskainitako laguntza ez da nahikoa, eta, besteak beste, Dublin II arautegia berrikusteko eskatu dio. Arau horren arabera, atzemandako paperik gabeko etorkinak Europara sartzerakoan zapaltzen duten lehen herrialdera bidaltzen dituzte. Alegia, kasu gehienetan, Greziara. EBeko herrialde gehienak—Erresuma Batua, Irlanda, Bulgaria, Errumania eta Zipre ezik— daude akordio horretan. Horiez gain, Norvegia, Islandia, Suitza eta Liechtenstein ere badaude Schengen espazioa deiturikoan.
Babes politiko eske
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak Greziari gogorarazi dio babes politikoa eskatzen dutenak hartzera behartuta dagoela. Izan ere, uneotan 50.000 lagun inguru daude Grezian babesa eskuratu zain. Gehienak Afganistan, Irak, Sudan eta Somaliakoak dira.
Papoutsis Herritarren Babeserako ministroak azaldu du babes politikoa eskatu dutenak soilik geratuko direla. «Inor gehiago ez. Gainontzekoek mezua ulertu beharko dute. Greziatik joango dira, borondatez edo behartuta. Gainera, pertsonekin trafikatzen duten sareen aurka ere egingo dugu», adierazi du Papoutsisek.
Immigrazioa
Turkiarekiko mugan harresi bat eraikiko du Greziak immigrazioa geldiarazteko
Afrikatik eta Ekialde Hurbiletik Europako Batasunera iristen diren paperik gabeko etorkinen %90a Greziatik sartzen daEgunero 200 etorkin inguruk zeharkatu zuten bi herrialdeen arteko muga 2010ean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu