TURKIA-EB

Turkiarekin duen harremana nola bideratu eztabaidatzen hasi da EB

Ankarak berriki esan du talde komunitarioko kide bihurtzeko negoziazioak aktibatu beharko liratekeela berriro. Borrellen arabera, Turkia klubaren agendan dago atzera.

ErdoganTurkiako presidentea Ulf Kristersson Suediako lehen ministroarekin (bizkarrez), uztailaren 10ean Vilniusen. EFE
Igor Susaeta.
2023ko uztailaren 20a
14:05
Entzun

Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroa argi mintzatu da gaur Bruselan, EB Europako Batasuneko estatu kideetako bere homologoekin bildu aurretik: Turkia talde komunitarioko kide bihurtzeko prozesua «guztiz etenda» egon da azkeneko urteotan. Nagusiki, Bruselak egozten dio Ankarari aurrerapausorik ez ematea zuzenbide estatuaren eta giza eskubideen eskakizunei dagokienez. Baina azken asteetan prozesua berriro aktibatzeko eskatu du Turkiak, eta horri buruz hitz egiteko batzartu dira gaur klubeko estatuetako Atzerri ministroak.

Ezustean heldu zen Ankararen eskaera, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen azken goi bileran, joan den uztailaren 11n eta 12an. Recep Tayyip Erdoganen Turkiako presidenteak baldintza bat jarri zuen Suediari aliantza militarrean sartzeko ezarri zion betoa kentzearen truke: Turkia EBko kide bihurtzeko negoziazioak berriro martxan jartzea. «Turkia 50 urte egon da Europako Batasunaren atean itxaroten, eta NATOko kide ia guztiak dira Europako Batasunekoak», nabarmendu zuen. Ankarak, azkenean, urtebeteren ondoren, betoa kendu zion Stockholmi.

Eta Suediako Gobernuak konpromiso bat agertu zuen, idatziz: «Turkia EBko kide bihurtzeko bat egite prozesua suspertzeko ahaleginak babestuko ditu Suediak». Horren guztiaren harira, Josep Borrell EBko diplomaziaburuak gaur adierazi du, ministroen bilera hasi aurretik, «albiste ona» dela Ankarak negoziazioak biziberritu nahi izatea. «Turkiarekin dugun harremanari nola heldu hitz egingo dugu. Denbora asko pasatu dugu Turkiaz hitz egin gabe, baina agendan dago berriro».

Turkiak 1987an egin zuen kide bihurtzeko eskaera —1993ra arte ez zuten EB eratu; beraz, EEE Europako Ekonomia Erkidegoan sartu nahi izan zuen—, eta orduz geroztik harreman tirabiratsua izan du talde komunitarioarekin. Europa ekialdeko edo Mendebaldeko Balkanetako herrialde bakar baten prozesua ez da hain luzea izan. Egin kontu: azkeneko 36 urteotan hamasei estatu bihurtu dira klubeko kide.

«Dinamika berri bat»

Etenda egon da prozesua, baina 2015eko errefuxiatuen krisiaz geroztik, Europako Batzordeak 8.000 milioi euro inguru eman dizkio Turkiari, Greziako muga —hau da, EBkoa— blindatu dezan, eta, modu horretan, batez ere Siriako gerratik ihesi doazenak atxiki ditzan. Lau bat milioi errefuxiatu siriar daude han. Hain zuzen, Turkiarekin duela urte batzuk egindakoaren antzeko akordio bat sinatu du asteon Europako Batzordeak Tunisiarekin, mugako kontrolak handitzearen truke.

Horri erreparatu gabe, Borrellek azpimarratu du Ukraina EBko kide izateko hautagai bihurtzeak —iaz formalizatu zuten pauso hori— «dinamika berri bat» sortu duela Europako Batasuneko «bizilagunen» artean. Diplomaziaburuaren arabera, behin Ukraina hautagai izanda, azkartu egin da prozesua Balkanetan, eta iruditzen zaio Turkiak ere «joko horretara» jokatu nahiko duela. Eta lehentasun bat jarri du prozesua martxan jartzerakoan: «Aduana batasuna modernizatzea eta bisatuen auziaz hitz egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.