EUROPAKO BATASUNAREN HEDAPENA

Turkiaren sarreraren kontra daude europarren erdiak

Austrian, Alemanian eta Frantzian daude, bereziki, bat-egitearen kontra

Kristina Berasain Tristan.
2005eko urriaren 4a
00:00
Entzun
Turkia ezberdina da oso. Europa ekialdeko muturrean dagoen herrialde txiroa, musulmana, populatua eta kulturalki eta sozialki ezberdina da. Horrek guztiak kezkak eta zalantzak eragin ditu eta agerian utzi du ezberdina den herrialde baten beldur direla Europan. Eurobarometroak iragan uztailean kaleratu zuen inkestaren arabera, europarren %52 sarreraren kontra daude. Turkiaren sarrera sostengatzen duten herritarren kopurua %35 baino ez da. Giza eskubideak ez errespetatzea leporatzen diote, besteak beste, Ankarari.

Inkestari xehetasun gehiagorekin erreparatuz gero, baina, gauza deigarriak ondoriozta daitezke. Austria, Alemania eta Frantzia dira kontrako jarrera irmoagoa duten herrialdeak. Turkia estatu kide gisa onartu beharrean, harreman akordio berezi bat sinatzea proposatu du beti Austriak. Frantzian ere gero eta babes zabalagoa du ideia horrek. Nicolas Sarkozy Barne ministroak herritarrek horren alde daudela berretsi zuen atzo. Europako Konstituzioa errefusatzean herritarrek hedapenaren inguruko jarrera agertu zutela eman zuten aditzera hainbat informazio iturrik.

Jacques Chirac, ildo horretan, gero eta isolatuago dago, alderdiaren barnean ere bai.

Alemanian afera honek bi alderdi nagusien arteko zatiketa politikoa areagotu du. Gerhard Schroeder kantzilerra sarreraren alde agertu da baina orain arte oposizioan egondako kristau demokratek harreman berezia defendatzen dute. Zipreren jarrera ulergarriagoa da herritarren %16k soilik sostengatzen dute sarrera. Zipreko Errepublika uhartearen hegoaldean dagoen zati greziarra ezinbestean onartu behar duen baldintza dela jakinarazi diote bertan Ankarari. Europako Batasunean orain arte sartu diren beste edozein herrialdek baino arazo gehiago izan dituela agerian gelditu da orain arte atzoko eguna horren erakusle izan zen. Negoziazioak abiatzeak ez duela zertan sarrera bermatzen ohartarazi diote behin baino gehiagotan Ankarari. Elkarrizketak, ildo horretan, hamabost urtez luza daitezkeela iritzi diote estatuburu eta gobernuburuek.

Ekialdean ados

Azken hedapenean sartu ziren herrialdeak dira sarrera gehien sostengatzen dutenak. Polonia (%54) da zerrendan aurrenekoa. Suedian, Hungarian, Italian eta Espainian aferan ez du barne politikan eraginik izan. Erresuma Batuan aldeko jarrera nagusitzen da. Suitza sartzea hobesten dute, dena den, europarrek. Bernarekin bat egitea nahi dute europarren %78k.

Orain artekourratsak





1959: Europako Ekonomia Erkidegoan (EEE) sartzeko eskaera egin zuen Turkiak.

1963: Merkataritza eta ekonomia arloko harremanak sendotzeko akordio bat sinatu zuen Bruselarekin.

1974: Zipreko iparraldea okupatu zuen Ankarak.

1980: Estatu kolpea eman zuen Armadak. EEEk harremanak bertan behera utzi zituen.

1983: Erregimen militarra bertan behera gelditu zen.

1987: EEEn sartzeko eskaera egin zuen Turkiak.

1997: EB Europako Batasunak bat egiteko aukera onartu zuen, baina negoziazioak hastea baztertu.

2004: Europako Batzordeak negoziazioak hastea aholkatu zuen. Europako Legebiltzarrak negoziazioak hasteko argi berdea eman zuen.

2005: Ankara erreformak egiten hasi da.

Bidean barrena





eb-ren hurrengo hedapenA. Turkiaz gain, beste zortzi herrialdek EBn sartzeko asmoa erakutsi dute

K b.

Europako Batasunaren hurrengo hedapenean sartzeko zain dauden herrialdeak zortzi dira Turkiaz gain. Bakoitza, baina, prozesuaren une batean dago.

-kroazia: Iragan martxoan abiatzekoak ziren negoziazioak baina atzeratu egin zituzten. Yugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiaren txostenaren berri jaso behar zuten gaur EBn. Kroaziako agintariak gerra krimenak aztertzeko neurriak hartzen ari diren zehazten da bertan eta horren arabera zehaztuko da negoziazioak abiatzeko data.

-errumania: Sarrera ituna sinatu zuen apirilean. 2007. urteko urtarrilean sartzea espero da baina data atzeratu daiteke. EBk hilabete honetan argitara emango du prozesuaren dokumentua.

-bulgaria: Apirilean sinatu zuten ituna eta hemendik bi urtera sartzea espero da. Data kasu honetan ere atzeratu egin daiteke hilabete honetan kaleratuko den dokumentuaren edukia aintzat hartuta.

-bosnia: EBn sartzeko asmoa agertu du, baina 2015. urtera arte ezingo du asmoa gauzatu. Balkanetako herrialdeek egin beharreko erreformak ugariak dira eta guztiak antzeko egoeran daude. SAA Egonkortasun eta Elkarlan Akordioan adosteko prozesua abiatu du.

-serbia eta montenegro: Aurreko herrialdearen egoera berean dago. Kooperazio akordio bat sinatu zuen atzo Bruselarekin.

-albania: SAA negoziatzen ari da. Uztaileko bozak ontzat jo zituen Bruselak. Urtea amaitu baino lehen prozesuaren aurreneko urratsak egitea espero da.

-mazedonia: Kide izateko eskaera egin zuen iaz eta aurten erantzuna jasotzea espero da.

-ukraina: Iraultza laranjaren ondoren bozak irabazi zituen Viktor Yustxenkok hurrengo hedapenean sartzeko borondatea duela adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.