G7koen goi bilera Miarritzen

Tusk: "Oraindik ez dago argi irtenbide komunak adostuko ote ditugun"

Amazoniako suteez, adierazi du "zaila" izanen dela EB-Mercosur merkataritza akordioa berrestea Brasilgo presidenteak "suntsipena onartzen" badu.

ander perez zala
2019ko abuztuaren 24a
00:29
Entzun

Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteari ohartarazi dio "zaila" izanen dela Europako Batasunak (EB) eta Mercosurrek adostu berri duten merkataritza akordioa berrestea: "Akordioaren alde gaude, baina [Bolsonarok Amazoniako] suntsipena onartzen badu, arazoak egon litezke. Egungo testuinguruan, zaila da akordio hori imajinatzea, itunak klimaren babesa kontuan hartzen duelako", adierazi du gaur eguerdian, G7koen goi bilera hasi aurreko prentsaurrekoan. "Oraindik ez dago argi irtenbide komunak adostuko ote ditugun".

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Amazoniako suteei helduko die gaur hastekoa den G7koen goi bileran, Miarritzen (Lapurdi). Hitzorduaren atarian hartu dute indarra suteek, eta Macronek atzo adierazi zuen "gure etxea sutan" dagoela, Twitter sare sozialaren bidez; kezka handia dago nazioarteko agintarien artean, batez ere Bolsonarok gertakari horrekiko eta klima larrialdiarekiko duen jarreragatik. Brasilgo presidenteak nazioarteari erantzun dio "desinformazio handia" dagoela suteen inguruan, eta hori ez dela "aitzakia" herrialdearen aurkako zigorrak adosteko.

Frantziak eta Irlandako Errepublikak merkataritza ituna bertan behera uzteko asmoa adierazi dute jada, eta Finlandiak EBri proposatu dio utz diezaiola Brasilgo haragia inportatzeari, Bolsonarori erantzute aldera. Macron haserre agertu da Brasilgo presidentearekin, eta egotzi dio gezurra esaten duela Amazonia babesteko asmoa duela dionean.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak ere kezka agertu du Amazoniaren inguruan, eta, egunotako goi bilerari begira, ados jarri beharrari eman dio arreta: "Aztertu beharko dugu nola lagun diezaiokegun Amazoniari. Mezu bat helarazi behar dugu goi bileratik: dena egin behar dugula oihana ez dadin gehiago erre".

“Akordiorik Ez jauna”

Tuskekbrexit-aren prozesuaren egoerari ere erreferentzia egin dio gaurko prentsaurrekoan. Bihar da Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroarekin biltzekoa, eta, ekitaldi horri begira, agintari britainiarrari eskatu dio "egiazko proposamen onargarriak" egin ditzala: "Horrelakoak entzuteko prest gaude".

Gaur-gaurkoz, Johnsonen helburua da Irlandako mugarako protokoloa akordiotik kentzea, baina Europar Kontseiluko presidentea ez da aukera horren alde agertu. Ezer adostu ezean, Erresuma Batuak akordiorik gabe atera liteke EBtik: "Ez dut uste Johnson Akordiorik Ez jauna gisa sartu nahi duenik historian".

Errusiaz, Tuskek azaldu du ez dela herrialdea goi bilera itzultzearen aldekoa. Donald Trump AEBetako presidenteak iazko bileran proposatu zuen aukera hori, eta Macronen babesa izango luke; ordea, ez dago argi gainontzeko herrialdeek baiezkoa emango dioten. Errusia 2014an bota zuten garai hartan G8a zen taldetik, Ukrainako Krimea eremua anexionatu zuelakoan. Horren ordez, Europar Kontseiluko presidenteak proposatu du Ukraina gonbidatzea datorren urteko goi bilerara.

Macronen helburuak

Frantziako presidentea ere mintzatu da G7aren bileraren atarian, aurrez grabaturiko bideo baten bidez. Aurtengo hitzordua haren gobernuak antolatu du, eta "desberdintasunen aurkako borroka" jarri du helburu nagusitzat: "G7 hau baliagarria izatea nahi dut", adierazi du Macronek, Miarritzeko hondartza atzean zuela.

Egunotan landuko dituzten gai batzuez aritu da: "Hitzordu garrantzitsua dugu aurretik. Garrantzitsua da, horrelakorik gabe bakoitza bere kabuz joango zelako. Bakea bermatzea nahi duzue, eta horregatik arituko gara Siriaz, Libiaz, eta beste hainbat krisiz. Bakea defendatzea eta ados jartzea izango dira helburuak.

Ekonomian ere arreta jarri du Frantziako presidenteak: "Hazkunde ekonomikoa eta lanpostuak sortzea, horiek ere izango ditugu hizpide. Agintariei, gainera, ohartaraziko diet tentsio komertzialak txarrak direla denontzat, eta egoera egonkortzeko beharra dagoela".

Hamasei agintari goren

Gai horiez gain, G7ko agintariak Irango akordio nuklearraz, teknologien erabileraz eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaz arituko dira gaurtik etzira. Denera, hamasei herrialdetako estatuburu eta gobernuburuak elkartuko dira. G7a Frantziak, Erresuma Batuak, Italiak, Alemaniak, Japoniak, Kanadak eta AEBek osatzen dute.

Horiez gain, Miarritzen izango dira Nazio Batuen Erakundea (NBE), Afrikako Batasuna (AB), Munduko Bankua, Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea (OCDE), besteak beste. Gobernuz kanpoko erakunde batzuk ere gonbidatu ohi dituzte; horietako batzuek errefusatu egin dute parte hartzea, Greenpeacek adibidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.