TV3, jomugan

Urteetan jaso ditu TV3ek Espainiako batasunaren aldeko zenbait sektoreren kritikak. Abertzaletasunaren ideologizazio erreminta izatea egotzi diote, baita "Espainiarekiko gorrotoa" sustatzea ere. Kataluniako telebista publikoaren jardunaren kontrako kritikak ugaritu egin dira, independentzia prozesuak indarra hartu duen heinean, eta ohartarazpen judizialak jaso ditu. Gaur jakin denez, Espainiako Gobernuak haren kontrola hartzeko asmoa du, konstituzioaren 155. artikuluaren bidez.

TV3ko auto bat, Zaragozan, erasoa jasan ondoren, joan den irailaren 24an. TONI GALAN, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko urriaren 20a
11:40
Entzun

Bosgarren hilabetez jarraian, audientzien buru da TV3 Katalunian, eta haren lidergoa sendotu egin da prozesu independentistaren une beroenetan. Pentsa daiteke, beraz, beste telebista kate batzuen eskaintzarekin alderatuta, kataluniarrek herrialdeko telebista publikoa aukeratu dutela Kataluniaren egoera politiko historikoari buruz informatzeko. Hala ere, ez da falta izan telebistaren jardun informatiboa zalantzan jarri eta manipulazioarekin eta alderdikeriarekin lotu duenik.

Ez dio gauza bera Kataluniako Hedabideen Kontseiluak —aditu independentez osatutako erakundeak— bere txostenean. Atzo jakinarazi zenez, urriaren 1eko erreferendumari buruzko tratamenduan TV3ek eskaini zuen ikuspegi aniztasun zabalena. TVE izan zen, aldiz, ikuspegi murritzena eman zuena.

Kataluniako telebista publikoaren tratamendu informatiboari buruzko kritikez gain, haren gaineko presioak pisu handiagoa hartu zuen erreferendumaren aurreko asteetan helarazi zitzaizkion ohartarazpenekin. Irailaren 12an, Espainiako Konstituzio Auzitegiak TV3eko zuzendariari ohartarazi zion kateak ezin zuela eman erreferendumarekin zerikusia zuten ekitaldien berri. Erreferendumaren iragarkia emititzeagatik, ikerketa abiatu zuen fiskaltzak.

Hain zuzen, erreferendumaren iragarkien emisioarengatik azalpenak emateko, CCMA Kataluniako ikus-entzunezko hedabideen konglomeratuko zuzendariorde Nuria Llorachek deklaratu du gaur Bartzelonan, Guardia Zibilaren aurrean. Harekin batera deklaratzera deituak izan dira Joan Puig Directe.cat-eko arduraduna eta Xavier Xirgu El Punt Avui-koa.

Gaur jakin denez, Espainiako Gobernuak konstituzioaren 155. artikuluaren bidez hartu asmo dituen neurriek TV3i ere eragingo diote. PSOEko Berdintasun alorreko idazkari Carmen Calvok adierazi du Kataluniako hainbat erakundetan "neutraltasuna" falta dela, eta horien artean kokatu ditu TV3, Generalitatea eta Mossos d'Esquadra. Madrilek hartuko dituen neurriek erakunde horiei eragingo diela ziurtatu du.

CCMAk sei telebista katek eta bost irratik osatzen dute: TV3 (kate orokorra), Canal 33 (kultura katea), Super 3 (haurrentzako katea), Esport 3 (kirol katea), 324 (albiste katea) eta TV3 CAT (atzerrirako katea) telebistak, eta Catalunya Radio (kate orokorra), Catalunya Informacio (albiste katea), Catalunya Musica (musika katea) eta iCat (musika eta kultura katea) irratiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.