Bart arratseko azken berrien arabera, 1.500 inguru dira Nepal astindu duen lurrikararen ondorioz hildakoak. Kopurua handiagoa izan litekeela ohartarazi dute agintariek: batetik, eraikinen hondarren artean harrapatuta gorpu gehiago egon litezkeelako, eta, bestetik, arratsean lurrikararen erreplika gehiago espero zituztelako. Richter eskalan 7,8 graduko indarra izan du astinduak, eta Katmandu haranean izan du epizentroa. Horregatik, bereziki eragin dio hiriburuari. Larrialdietarako Operazioen Zentro Nazionalaren arabera, gutxienez 200 lagun hil dira Katmandun. Lurrikarak txikizio eta biktima kopuru handiena Nepalen eragin badu ere, Indian eta Tibeten ere pairatu dituzte ondorioak.
«Epizentroan kaltea izugarria da», jakinarazi du Minendra Rijal Informazio ministroak. «Hainbat nazioarteko agentziaren laguntza behar dugu, guk baino jakintza handiagoa eta tresneria hobea baitute halako egoerei aurre egiteko». Gobernuak larrialdi egoera ezarri du, eta hainbat herrialdek eskaini diote laguntza Nepali. Katmandu haranean bi milioitik goiti biztanle bizi dira, horietako milioi inguru hiriburuan. Lurrikara eguerdi aldean gertatu zen (08:00etan Euskal Herrian). Handik ailegatutako irudietan, agerikoa da hiriek jasandako txikizioa. Eraikin zahar eta historiko anitz daude Katmandun, eta, berri agentzien arabera, horiek bereziki pairatu dute lurrikararen astindua. Espainiako Efe berri agentziak, adibidez, nabarmendu du newar etniako biztanleen auzuneek txikizio handia jasan dutela, eraikinak estilo tradizionaletan egiten dituztelako. Katmandu haraneko jatorrizko etnia bat dira newarrak, eta Nepalgo herritarren %5 inguru dira.
Erresuma Batuko BBC kateak, berriz, Katmanduko Dharahara dorrea erori dela nabarmendu du, eta jakinarazi du horren hondakinen artean «jende anitz harrapatuta» egon zitekeela. 61 metro garai zuen dorreak, bederatzi solairu zituen eta turistek bisitatutako eraikin nagusietako bat zen. 1824an eraiki zuten, helburu militarrekin. 1934an, bertze lurrikara batean kalte handiak jasan, eta soilik bi solairu gelditu zitzaizkion zutik. Berregin zuten, baina oraingoan oinarriaren zati batek baino ez dio eutsi.
Agintariek lehenbiziko orduetan ez dute eman biktima kopuruaren eta herrialdeak jasandako kalteen datu zehatzik. Orduak pasatu ahala, gero eta hildako gehiagoren berri eman dute, eta kopurua handiagoa izan litekeela adierazi dute beti. Ram Sharam Mahat Finantza ministroak Twitterren idatzi duenez, armadak gutxienez 1.457 hildako eta 1.055 zauritu zenbatu ditu. Erreplikek sortutako beldurraren ondorioz, Katmanduko herritar anitzek arratsa karrikan pasatzeko asmoa zuten. Azpiegituretan ere kalte handiak izan dira. BBCren arabera, Katmanduko nazioarteko aireportuak ere jasan du txikizioa. New Delhitik Nepalgo hiribururako hegaldiak bertan behera utzi zituzten atzo
Tibeten eta Indian ere hilak
Nahiz eta txikiagoak izan, Indian eta Tibeten ere kalteak utzi ditu Nepalen sortutako lurrikarak. Indian, gutxienez 34 lagun hil dira, L. C. Goyal Barne idazkariaren arabera. Nepalekin muga egiten duten Bihar, Uttar Pradesh eta Mendebaldeko Bengala estatuei eragin die gehienbat. Tibeten, berriz, gutxienez hamahiru lagun hil dira, China Daily egunkariaren arabera. Nepalekin muga egiten duen Nyalam eskualdean,eraikinen %70ek jasan dute kalteren bat. Txinako Xinhua agentzia ofizialaren arabera, Chongqing hirian ere sentitu dituzte lurraren dardarak. Nepaldik 2.000 kilometrora baino gehiagora dago.
Himalaia mendikatearen bihotzean dago Nepal. Indiako azpikontinenteak Asiarekin bat egitean sortu ziren Himalaiako mendiak, eta Indiako plakak mugitzen segitzen du. Horregatik, lurrikara eremua da. 2005ean, Kaxmirren 87.000 lagun inguru hil ziren, 7,6 graduko astindu baten eraginez.
Txikizioa Katmandun
Nepalgo hiriburutik gertu izan du epizentroa 7,8 graduko lurrikara batek, eta, gutxienez, 1.500 lagun hil dira.Gobernuak adierazi du «kaltea izugarria» dela

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu