TXILE. MEATZARIEN ERRESKATEA. Orroak, errai-erraietatik

Lur azpitik banan-banan atera dituzten 33 meatzarientzat egun handia izan zen atzokoa; 70 egun egin dituzte meategian

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
/ Andoni Etxeberria.
2010eko urriaren 14a
00:00
Entzun
San Jose meategiaren erraietatik atera zenean, Florencio Avalosekberotu egin zuen Atakamako basamortuaren atzoko gauerdi hoztua; munduko 33 meatzari famatuenen artean ateratzen lehena izateak ematen duen harrotasunez igo zen zulotik, senideen besarkada jasotzera, baita haien artekoak ziruditen Sebastian Piñera presidentearena eta emazte Cecilia Morelena ere. «Txileko historiaren iragana eta geroa markatu dituen eguna» izango dela oihukatu zuen Piñerak euforiko, dataren «kasualitatea» aipatuz -10-10-23 (=33)-, bat-batekoa balitz bezala zuzenean gertakaria jarraitu zuten mila milioi ikusleei esandakoa. Atzo Txileko presidenteak bere legealdiko unerik goxoena bizi izan zuen.

Bera izan da meatzariak ateratzeko prozesu zail eta arrakastatsu horren gidaria; inor gutxik meatzarien aldeko apustua egiten zuenean, esperantza galdu ez zuten bakarretakoa bera izan zela esaten ari dira agintari kontserbadorearen irudia goresteko aukera galdu nahi izan ez dutenak. Atzo munduari erakutsi nahi izan zion Txile batuak bere mailako agintaria duela; hantxe hartu zituen banan-banan igoz joan ziren meatzariak, besarkadetan. Lehenik arinenak, gero ahulenak eta gaixoak, gazteena, zaharrena. Protokoloa jarraituz, azkena iritsi bitartean iraungo duen jai mundialaren batuta izan zen Piñera.

Evo Morales Boliviako presidentea bera ere han izan zen, Piñeraren lana goraipatzen, Carlos Mamani meatzari atzerritar bakarrari esker doako publizitatea baliatzen.

Agintariak milimetroz aztertutako operatiboaren emaitza onak alboratu gabe, meatzarien erreakzioa makinak bezain garrantzitsua delako prestatu dituzte medikuek, psikologoek eta prestatzaile fisikoek zulotik atera aurretik. Fenix 2 kapsularen barruan ia 700 metroko bidaia egiteak ez ditu klaustrofobikoak onartzen; zorabioak, itolarriak eta nerbioetakoak ezin aurreikusi, eta igo aurretik hainbat egunetan dieta egin dute horien etorrera zailtzeko.

Betaurreko ilunak jantzita atera ziren denak, 70 eguneko ilunpetik argirako kontrastea ez nabaritzeko. Gertatutakoarekin eta kanpoan sortutako ikusminarekin pozik, festarako zeuden, Copiapoko ospitalera osasun azterketa egitera joateko baino. Lur azpitik ateratzen bigarren izan zen Mario Sepulvedaren hitzek euforia horren berri ematen dute: «Ikaragarria da: bizia itzuli diguzue».

Meatzeen irregulartasunak

Duela 70 egun 33 meatzariak lurrak jan zituen San Josen, ez besterik gabe, 100 urteko jarduera duen meategiak segurtasun neurri eskasak zituelako baizik. 33 meatzarion amaiera zoriontsuaren aurretik mundua zeharkatu ez duten giza tragediak bizi izan dira lur idor horietan.

Nestor Jorquera Rodriguez Txileko Meatzeen Konfederazioko presidenteak Estatua egin du gertatutakoaren erantzule, aurretik izandako tragediak aintzat ez hartzeagatik, meatzeei eskatzen zaizkien kontrolak ez betearazteagatik, eta Justiziak gutxienez hiru alditan lur azpi horiek kudeatzen dituzten enpresen alde egin duelako, kaltetutako langileei muzin eginez.

Neurriak hartzen hasi da Piñera. Besteak beste, Estatuarena den Codelco meategien burua kargutik kendu du, eta multinazionalen produkzioari zerga gehiago jarriko dizkion legea onartzekotan da. Horren aurretik San Joseko arduradunak zigortzen dituen epaia atera da, eta kalean geratu diren San Joseko 300 langileak isilarazi ditu, zor zieten dirua ordainaraziko dutela aginduta. Gaur, denek izan nahi dute Luis Urzua, infernutik ateratzen azkena izango den meatzaria.



«Fedeak mendiak mugitu ditu, 33 meatzarien borondateak eta kemenak, eta txiletar guztionak»

SEBASTIAN PIÑERA
Txileko presidentea

Fundazioa sortuko dute33 meatzariek lankideen alde

Lur azpian egon diren 33 meatzariek fundazio bat sortzeko asmoa iragarri dute, sektoreko langileak laguntzeko. Horren berri emango dute ospitaletik ateratzen direnean, bihartik aurrera. Meatzariek soldata duinak eta segurtasuna izan ditzaten presio egitea izango dute helburu, «meatzariak direna bezala tratatzeko, behingoz», idatzitako gutunetan azaldu dutenez.

Meatzariek aurrerantzean elkarrizketekin-eta lortuko duten dirua fundaziorako izango da. Liburu bat «eta beste gauza askoz gehiago» egingo dituztela idatzi zion meatzarietako batek emazteari. Notario bat eskatu dute kanpalekuan bertan fundazioaren akta idatzi ahal izateko.



Istripuaren osteko gertaera garrantzitsuak

Abuztuaren 5a. San Jose meateagian erroizte baten ondorioz, 33 meatzari harrapatuta geratu ziren 700 metroko sakoneran.

Abuztuaren 6a. Erreskate taldeak erroizte-gunera iritsi ziren, 400 metroko sakoneran.

Abuztuaren 7a. Meatzaritza ministro Golbornek istripuaren berri eman zien senideei.

Abuztuaren 13a. Meategiaren jabeek esan zuten segurtasun neurri guztiak betetzen zituztela.

Abuztuaren 22a. Erreskate taldeek meatzariekin harremanetan jartzea lortu zuten zunda baten bidez. Meatzariak bizirik zeudela baieztatu zuten.

Abuztuaren 23a. Lehen elikagai eta botikak jaso zituzten.

Abuztuaren 26a. Meatzarien lehen bideoa zabaldu zuten.

Abuztuaren 31. A erreskate planeko zulagailua egunean 15 metro zulatzen hasi zen.

Irailaren 5a. B erreskate planari ekin zioten.

Irailaren 19a. C erreskate planari ekin zioten.

Irailaren 30a. Meatzarien senideek salaketa jarri zuten enpresaren aurka.

Urriaren 1a. Justiziak meategiko jabeak auzipetu zituen aurreko istripu batengatik.

Urriaren 9a. B erreskate planeko zulagailua meatzariak zeuden galeriara iritsi zen.

Urriaren 13a. Erreskatearekin hasi ziren.



San Jose meategiak mundu osoaren arreta jaso du bi hilabete eta zortzi egunez; harrapatutako 33 meatzarien senideek Esperanza kanpalekuan gorde dute beren maiteak berriz ikusteko itxaropena.

Itxaropena Esperanzan

Andoni Etxeberria.

Ondo gaude aterpean, 33ak». Iragan abuztuaren 22an papertxo txiki batean tinta gorriz idatzitako mezuak pozez eta itxaropenez bete zuen Esperanza kanpalekua. Lur azpian 700 metrora harrapatutako meatzarien senideek desio zuten albistea jaso zuten: hamazazpi egun igaro eta gero, meatzariek bizirik zirauten. Salbamendu taldeek lortu zuten haiengana zunda bat helaraztea, eta meatzariek notatxo bat itsatsi zioten hari haien egoera jakinarazteko. Berez, gutxik espero zuten albiste ona. Txileko Meatzaritza ministro Laurence Golbornek berak, abuztuaren 11n jadanik, adierazi zuen meatzariek bizirik irauteko aukerak oso urriak zirela. Izan ere, 33 gizonek aterpe batera iristea izan bazuten ere, bertako hornigaiek gehienez 72 orduz irauteko eta elikatzeko baino ez zuten balioko.

Abuztuaren 22an, albiste ona baieztatu eta egun bat geroago, salbamendu taldeek meatzariekin hitz egitea lortu zuten. Lur azaleko ahotsei, meatzariek txaloz, oihuz eta ereserkia abestuz erantzun zieten. «Ondo gaude, zuk gu hemendik ateratzeko zain», erantzun zien Luis Urzua meatzariak hariaren beste aldetik zetozen ministroaren hitzei. Meatzariek lortu zuten miraria: hamazazpi egunez bizirik iraun zuten aterpean aurkitutako ur, melokotoi, atun eta berdel errazio txikiei esker.

Harremanetan jartzea lortu ostean, meatzari eta senideen egoera guztiz irauli zen. «Azken aldera ez geunden haiei buruz ezer ez genekienean bezain urduri». Omar Reygadasek aita izan du harrapatuta lur azpian. Anai-arrebekin batera, salbamendu operazioa nola pasatu duten kontatu dio BBCkateari, eguneroko bat idatziz. «Abuztuaren 23tik aurrera posible izan dugu senideekin hitz egitea eta eskutitzak idaztea», idatzi zuen Reygadasek abuztuaren amaieran. Hain zuzen, bera izan zen anai-arreben artean lehena aitarekin telefonoz hitz egiten. Baimendutako minutu bakarrean, aitak kontatu zion ondo eta lasaiturik zeudela. Meatzarien egoera asko hobetu zen behin haiengana zunda zabalagoak helarazi eta gero: zulatutako hobitik pasarazi zizkieten senideen albisteez gain behar zituzten elikagai, sendagai eta arropak, baita ez aspertzeko hainbat jolas eta liburu ere bai.

Janari eta hitzak kontrolpean

Meatzariei hobitik helarazitako gauza guztiek, hala ere, kontrol zorrotza igaro behar izan dute: Reydagasek bere egunerokoan aipatu du janariarekin adibidez, kontuz ibili behar izan dutela: «Dieta bat jarri diete meatzariei, ezin baitira gehiegi loditu: hobitik igotzeko makinak hirurogei zentimetro inguruko diametroa baino ez du izango, eta neurri hori ezin dute gainditu».

Era berean, senide eta meatzarien arteko komunikazioak guztiz kontrolatuta izan dituzte psikologoek.Senideek aipatzen dute faltan bota dutela luzaroago hitz egin ezin izana, baina adituek hala gomendatu zuten, 33 langileak gogogabetu ahal baitziren oroiminaren ondorioz. Arrazoi beragatik, senideek idazten zituzten eskutitz guztiak ere berrikusten zituzten psikologoek, edozein ideia ezegoki ezabatu aldera.

Bi hilabete eta zortzi egunez luzatu den operatiboan, azken aurreko poz handiena urriaren 9an izan zuten Esperantzan. Orduan, B planeko zulagailuak meatzariak zeuden aterpera heltzea lortu zuen. «Oso pozik nago, gogoak ditut oihukatzeko, negar egiteko eta salto egiteko» adierazi zuen Maria Cortezek, 700 metro beherago zegoen Mario Gomezen koinatak. Erreskate eguna gerturatuz zihoan,pertsona maitatuak berriz ikusteko aukera eskutan zuten. Hala ere, «eta gero zer?» galdera geratuko zaie askori. Brian Rojas umeak adibidez argi aipatu die hedabideei aitonari esan behar diona: «Ateratzen denean esango diot meategi batera inoiz gehiago ez sartzeko»... Txileko meatzaritzaren historian izan den erreskate operazio handiena izendatu duten horretan, bada, meatzariak bezainbat istorio daude kontatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.