Esan ohi da kontzientzia ekologikoa garatzeko ez dagoela espaziotik Lurra ikustea bezalakorik, baina nik esango nuke Txinako kutsadurarekin topatzea esperientzia aski dela ohartzeko asko aldatu behar dugula". Xabi Telletxea beratarra Txinan bizi da. Gizarte gaietan ikerlaria, blog batean (Historias de China ) kontatzen ditu bere gorabehera eta gogoetak.
Hasieran, Wuhanen bizi izan zen, Txina erdialdean, eta beste denboraldi bat egin zuen Lanzhou-n (ipar-mendebaldean); orain, ipar-ekialdeko Changchun hiria du bizitoki. "Oroitzen naiz behin Yangzi ibaia zeharkatzen ari ginela, Wuhan banatzen zuena, zerumugara begiratuta bazirudiela ibaiertzetako bi hiri zatiak airean zeudela, kutsaduran murgilduta. Agian, baten bati gehiegikeria irudituko zaio esango dudana, baina halakoak ikustean, benetan, batek ezin du mundua bukatzear dagoela besterik pentsatu. Euskal Herrian bizi nintzenean, ingurune osasuntsu batean bizitzea gauza normal gisa ulertzen nuen, eta asko kostatzen zitzaidan beste lekuetatik isuritako kutsadura irudikatzea. Txinan bizi naizenetik, alderantzizko zerbait gertatzen zait: normaltzat hartu dut kutsatutako inguruan bizitzea, eta jada ezin dut sinetsi Bortzirietako xoko garbi horiek betiko garbi egongo direnik".
Iñaki Antoñanzas donostiarrak, Txinara iritsi eta hasieran, egunero begiratzen zuen Airearen Kalitatearen Indizea bere eskuko telefonoko aplikazioan. Pekinen bizi da, Fagor Automationek Asian (Txina, Taiwan eta Hego Korea) dituen bulegoetako arduradunordea baita. "Gaur egun, goizero gortinak ireki, eta gutxi gorabehera ikusten dugu zenbateko kutsadura dagoen". Antoñanzasek neurgailu propioak dituela esan daiteke: "Aireportutik hurbil bizi gara, eta urrutian hegazkinak ikusteko gai ez garenean... seinale txarra".
Aldiro iristen zaigu Txinako hiri handietan pairatzen duten kutsaduraren berri. Lainopeko hiriak, maskara daramaten herritarrak... Horrela, otsail honen amaieran, atzera Txinako aire kutsadura hizpide izan da nazioarteko hedabideetan, Pekin eta inguruetan agintariek hainbat egunez alerta laranja ezarri zutelako airearen kutsadura biztanleen osasunarentzat kaltegarri izan zitekeela eta.
Baina gure berriemaile berezi Telletxeak eta Antoñanzasek azaltzen duten moduan, alerta egunak gorabehera, Txinan aire kutsatua biztanleen eguneroko bizimoduaren parte da.
Maskarak kaleetan
Antoñanzasek berak kontatzen du: "Guk kalean maskara erabiltzen dugu, Pekinen oso gutxitan baitago kutsadura maila 50etik behera [arrisku gabeko mailan]". Etxean bertan ere aire iragazkiak dituzte: "Handia, egongelan, eta txikia, gure gelan. Etxean ordu asko egiten ditugu, eta hor aire garbia izateko ahalegina egiten dugu". Dena den, kutsadurak, oro har, bere eguneroko bizitza ez duela aldatzen dio. "Hala ere, noski, kalean kirola egiteko edo egun oso bat kanpoan pasatzeko, bai, baldintzatu egiten du".
Telletxea ere adi egoten da airearen kutsadurari. "Nire neska-lagunak eguraldi albisteei begiratu bat ematen die egunero, eta kutsadura bereziki handia izanez gero, 200dik gorakoa, etxean gelditzen gara; edo kanpora ateratzekotan, maskarak jartzen ditugu, nahiz eta ez dugun haien eraginkortasunaren berme ziurrik". Telletxea bizi den hirian, Changchunen, Europan kaltegarritzat hartuko liratekeen kutsadura mailak ia egunero dituztela dio.
Nola igartzen da kutsadura, begi hutsez ikusten den zikin lainoaz gain? Pekinen kutsadurak gora egiten duenean erraza dela nabaritzen dio Antoñanzasek. "200dik gora, kutsadura oso handia denean, eztarrian azkura nabaritzen da. Eta batzuetan, buruko mina". Telletxeak ere antzeko zerbait dio Changchunez: "Aire idorra dela eta, neurri handietara heltzen garenean zintzurreko mina jartzen zaizu".
Zaila da eta begi bistakoa den arazo larriari ez ikusiarena egitea. Joan den astean bertan, Li Keqiang lehen ministroak "gerra deklaratu" zion kutsadurari. Neurriak ere iragarri zituen: urte honetan bertan ikatza erabiltzen duten 50.000 lantegi txiki itxiko dituzte, eta lantegi handietan garbiketa teknologiak ezarri. Isurketa handiko sei milioi auto ere kendu nahi dituzte errepideetatik. Airearen kutsadura soilik ez, urarena ere kezka iturri da Txinan. Eta hori ere zainduko dutela agindu du gobernuak.
Ekonomia eta ingurumena
Badu sinesgarritasunik Txinako Gobernuak kutsadurari egindako gerra deklarazioak ? Zenbait adituren ustez, zaila izango du asmoak betetzea, hazkunde ekonomikoa arriskuan jarri nahi ez badu. Iñaki Antoñanzasen arabera, "gobernu komunista izateak abantailak eta desabantailak ditu, baina gobernuak zerbait egingo duela dioenean, bete egiten du esandakoa".
Horrela, ikatzaren erabilera murrizteko asmoz, hurrengo urteetan mendebaldetik milaka kilometroko gas hodi bat eraikitzeko asmoa du gobernuak, gasa banatzeko Txina osoan. "Beste aldetik", dio Antoñanzasek, "ziurrenik horrelako erabakiek industria eta ekonomia motelduko dituzte. Beste erronka bat gobernuarentzat".
Kezkatuta
Eta zer diote txinatarrek? Badago protestarik? "Txinan ez dago protestarik, eta, egonez gero, ez duzu horri buruz ezer jakingo", erantzun du Iñaki Antoñanzasek. "Dena den, askoren ustearen kontra, txinatarrak gobernuaren erabaki batzuen aurka agertzen dira. Baina gobernuaren erabaki onak eta txarrak balantzan jarriz, haien esanetan onak gehiago dira, eta ez dira kexu".
Gizarte gaietako ikertzailea denez, Xabi Telletxearen analisia akademikoagoa da: "Txinatarrak beti kezkatu dira asko osasunaz. Taoismotik hasita, pentsamendu tradizionalak betidanik goretsi izan du osasuna zaindu eta ahalik eta urte gehien bizitzeko helburua. Gaur egun esango nuke txinatar gehienak oso kezkatuta daudela kutsaduraren arazoarekin".
Xabi Telletxearen arabera, "hiri handietan, ustelkeria edo giza eskubideen egoerak baino gehiago kezkatzen du jendea kutsadurak. Nork daki, agian etorkizunean aldaketa politikorako aitzakia izan daiteke. Txinan modernizazio prozesuak hain doaz azkar, ez ginateke harrituko demokraziarako bidea alderdi berdeen gidaritzatik etorriko balitz".
Baina badaude, ikerlariaren ustez, "kontrako eragina izan dezaketen hainbat faktore. Max Weber soziologoak esaten zuen Mendebaldeko arrazionaltasuna 'barrutik kanpora' doala, ingurumena menperatzea bultzatuz. Txinako arrazionaltasuna, aldiz, 'kanpotik barrura' bideratzen da, ingurumenarekiko egokitzapena sustatuz. Hori egia bada, gerta liteke egokitzapenera bideraturiko arrazionaltasun eredua naturarentzat are kaltegarriagoa izatea, batez ere kutsadura neurri hauek ingurunean edo errealitatean gailendutako korronte berri baten antzera ulertzen badira, kasu horretan ez baitago maskara jarri besterik egokitzapena ahalbidetzeko".
Txinako Gobernuaren jokaeraz ere gogoeta egin du Xabi Telletxeak. "Nahiz eta ustelkeriaren aurka oso erantzun eta neurri zorrotzak erabili gobernuak, ezin dugu ahaztu kasu horietan erantzukizun zehatzagoak topa daitezkeela. Baina kutsaduraren kasuan, zein da erantzule nagusia? Ikatzaren inguruko enpresa erraldoiak? Ikatz hori egunero erabili besterik ez duten herritar txiroak? Garraiobide publiko kaxkarrei agur esan eta autoa erosten dutenak? Erantzuleen bila joz gero, litekeena da azkenik kultura bera eta munduarekiko garatu ditugun jarrera oinarrizkoekin topatzea, eta badirudi, oraingoz, Txina askoz kezkatuago dagoela garapen ekonomikoa mantentzeaz, auzi filosofiko horien inguruan hausnartzeaz baino".
Beratarraren ustez, Txinako modernizazio prozesuei begira, "ez dago zalantzarik Mendebaldeko garapena eredutzat hartu dutela", eta hor itxaropenerako aitzakia bat ikusten du Telletxeak: "Gerta daiteke Txinatik Europara joandako ikasleek balio ekologistekin bueltatzea etxera, baina oraingoz, txantxarako aitzakia baino ez dirudi Alemanian edo Herbehereetan bizikleta erabiltzeari hartu dioten gustua: 'Txinan bizikletan genbiltzan bitartean, zuen kaleetan autoak ziren nagusi, eta Txinan autoa erabiltzen hasi garenean, bizikletarantz itzuli zarete zuek'. Hala esan zidan lagun batek, orain dela ez asko, eta ez du arrazoirik falta".
Hori bai, Telletxeak uste du txinatarrek hala nahi izanez gero bizkor egingo dutela aldaketa. "Txinak garapen berde baterantz abiatzeko konpromisoa hartzen badu, ez dut zalantzarik guk Europan behar izan genituen urte guztien herenak besterik ez dutela behar izango, eta hala izanez gero, ez litzateke batere marka txarra".