Klima larrialdia

Txinak eta AEBek adostu dute 2030erako energia berriztagarrien potentzia hirukoiztea

AEBetako hedabideek eman dute bi herrialdeen arteko akordioaren berri, Xi Jinpingek eta Bidenek gaur egingo duten bileraren atarian

Txinaren eta AEBen arteko goi bilera izango da gaur San Franciscon. MARK R. CRISTINO / EFE
inaki petxarroman
2023ko azaroaren 15a
13:25
Entzun

Erregai fosilen erabilera ordezkatzeko asmoz, Txinak eta AEBek konpromisoa hartu dute energia berriztagarrien ahalmena hirukoizteko hamarkada honen amaierarako. Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Estatu Departamenduak eman du bi herrialdeen akordioaren berri, Xi Jinping Txinako presidenteak eta Joe Biden AEBetakoak gaur San Frantziskon (AEB) egitekoa duten goi bileraren atarian.

Bi herrialdeek iragarri dute energia sektorearen karbono dioxido (CO2) isurketek goia jo ostean, «modu nabarmenean» hasiko direla jaisten. Sunnylandseko Akordio gisa bataiatu dute jadanik hedabideek, eta garrantzitsutzat jo dute eragile eta adituek,baina, berez, jakinarazi diren edukietan ez dute isurketak murrizteko helburu zehatzik ezarri munduko bi potentzia nagusiek. Hori bai, haiek finkatzeko elkarrekin lan egingo dutela iragarri dute.

Txinaren kasuan, onartu egin du, lehen aldiz, berotegi gas guztien murrizketak egingo dituela ekonomiaren sektore guztietan. Adituek garrantzitsutzat jo dute hori, orain arte bakarrik karbono dioxidorako iragarriak baitzituen murrizketak. Kasu honetan, beraz, metano eta oxido nitroso isurketak ere gutxitzeko promesa egin du.

AEBek eta Txinak hainbat hilabete daramatzate klima aldaketa eragiten duten isurketen inguruan hitz egiten, akordio bat lortu nahian. Uztailean Pekinen egin zuten bilera John Kerry AEBetako klima gaietarako ordezkariak eta Xie Zhenhua Txinako Gobernukoak, eta azaoaren 4tik 7ra Sunnylandsen (Kalifornia, AEB) elkartu ziren bi buruzagiak. Lortu duten akordioak garrantzia du oinarri bat ezar dezakeelako bi aste barru, azaroaren 30an, Dubain hasiko den COP28 klima aldaketari buruzko Nazio Batuen Erakundearen (NBE) goi bilerarako.

Txinako Gobernuak metanoaren isurketak gutxitzeko plan bat aurkeztu zuen aurreko astean, baina ez du bat egin munduko 150 herrialdek gas kutsagarri hori —CO2ak baino 80 aldiz berotze ahalmen handiagoa du— apaltzeko egindako akordioarekin. Hain zuzen ere, 2030erako energia sektoreko metano isurketak %30 gutxitzea adostu dute 150 herrialde horiek. AEBek bai sinatu dute itun hori.

Bi potentzien arteko elkarrizketetan ika-mika sortzen duen beste gaietako baten inguruan ere ez dute adostasunik lortu. Hots, Txinaren ikatz kontsumoa gutxitzeari buruz. Txinak ez du hartu horren inguruko konpromisorik, ez ikatzaren erabilera intentsiboa gutxitzen joateko ez ikatz zentral berriak eraikitzeko baimenak emateari uzteko.

Aste honetan bertan Carbon Brief Erresuma Batuko klima aldaketari buruzko atariak, Txinaren datu ofizialen azterketa batean oinarrituta, iragarri du Asiako potentziaren CO2 isurketak jaisten hasiko direla 2024tik aurrera, aurten instalazio berriztagarrien hazkundea inoiz baino handiagoa izan baita han. Aurreikusten da Txinako CO2 isurketek hazkunde handia izango dutela aurten. Mundu mailako isurketen datuak biltzen dituen Carbon Monitor erakundearen arabera, urtarriletik irail bukaerara bitartean iaz baino %3,37 handiagoak izan dira isurketak Txinan. Mundu mailan, %0,7 handiagoak izan dira denbora tarte berean.

EB eta metano isurketak

Bestalde, Europako Batasunak energia sektorearen metano isurketak gutxitzeko akordioa lortu du. Europar Kontseilua eta Europako Parlamentua ados jarri dira, eta orain erakunde bakoitzak berretsi beharko du ituna. Hitzarmenaren arabera, erregai fosilen ekoizleek metano isurketak atzeman eta haiek zuzentzeko neurriak hartu beharko dituzte. Araudi berria indarrean jarri eta bederatzi hilabetera horretarako planak aurkeztu beharko dizkiete estatuei, eta haiek zuzentzeko ikerketak egin beharko dituzte hamabi hilabetean. Metanoa aireztatzea eta erretzea debekatuko dute 2025erako, eta ikatz putzuen aireztatzea galaraziko dute 2027rako. Bi jarduera horiek ohikoak dira erregai fosilen industrian, eta metano sortzaile handiak dira. Halaber, utzitako ustiaketen inbentario bat egin beharko dute herrialdeek, eta haietan dauden metano isurketak gutxitzeko planak egin beharko dituzte.

Inportatutako petrolioari eta gasari ere neurriak jarriko dizkiete. 2027ko urtarrilerako inportatzaileek bermatu beharko dute ekoizpenari dagozkion neurriak EBn daudenekiko bateragarriak direla. Europako herrialdeek kontsumitzen duten gas eta petrolioaren zati handiena (%80) inportatutakoa da. Beraz, horrek kanpoko esportatzaileek neurriak hartzen lagun dezakeelakoan dira.

Atmosferako CO2a

Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) iragarri du karbono dioxidoaren atmosferako pilaketa industria aurreko aroan baino %50 handiagoa dela jadanik. 2022ko datuak jakinarazi ditu MMEk gaur. CO2 pilaketa 418 milioi partekoa (ppm) zen 2022an, eta 2,46 ppm handitu da, batez beste, urtero azken hamar urteotan. Lur planetan duela hiru eta bost milioi urte artetik hona inoiz ez da egon horrenbeste karbono dioxidorik atmosferan. Garai hartan bi edo hiru gradu beroagoa zen batez besteko tenperatura eta itsas maila 10 eta 20 metro garaiagoa zen gaur egun baino. Beste bi berotegi gas nagusien pilaketak —metanoa eta oxido nitrosoa— ere hazi dira azken urteotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.