NBE Nazio Batuen Erakundeak aste honetan zuen aurreikusita Siriari laguntza humanitarioa ematea ahalbidetzen dion mugako sistema luzatzea, baina Txinak eta Errusiak betoa jarri diote ebazpenari, eta, ondorioz, bertan behera gera liteke.
Ondorio larriak izan ditzake erabaki horrek. Izan ere, ostirala baino lehen ez bada beste testu bat onartzen —ordura arte dago indarrean egungo baimena—, gelditu egingo dira herrialde horretara zuzendutako euskarri humanitarioak, eta ia hiru milioi pertsona daude laguntza horien menpe, gehienak estatuaren iparraldean. Hain zuzen, 2014. urtetik ari da NBE Siriako biztanleei elikagaiak eta hornidurak bidaltzen. Hala, mugako bidegurutze horiek irekita mantentzea da erakundearen asmoa, baina munduko bi potentzia horien betoak proiektua gauzatzeko oztopoak sortu ditu.
Alemaniak eta Belgikak idatzi zuten atzo aurkeztutako testua, eta proposamen horrek laguntza humanitarioaren zirkulazioa beste urtebetez luzatzeko aukera jasotzen zuen, Turkiarekin muga egiten duten bi puntutatik. Ordea, Errusiak, Siriako presidentearen aliatu denak, atzera bota du proposamena, Christoph Heusgen Alemaniak Nazio Batuetan duen enbaxadoreak baieztatu duenez.
Era berean, Moskuk iragarri du datozen egunetan berak landutako ebazpen propioa aurkeztuko duela: bertan jasoko denez, proposatutako bi mugetako bat bakarrik egongo da zabalik, eta soilik sei hilabetez. Hori izango da, hain zuzen, Turkia Idlib probintziarekin lotzen duena, herrialdearen ipar-mendebaldean dagoen Bashar al Assaden aurkako oposizioaren azken gotorlekua.
Kelly Craft AEBek NBEn duten enbaxadoreak Txinaren eta Errusiaren jokabidea gaitzetsi du. Hala, Siriako herriaren onura kontuan ez hartzea leporatu die, eta, horren ordez, al Assaden salbazioa bakarrik nahi izatea. Gainera, haren arabera, aurkeztutako ebazpen proiektua ez zen “behar bezain urruti” joan, Irakeko mugan dagoen Al Yarubiyako pasabidea kanpoan uzten zuelako. NBEn arabera, berez, puntu hori giltzarria da Siriako ipar-ekialderako material medikoa sartzeko.
Marc Pecsteen de Buytswerve Belgikako enbaxadoreak azaldu duenez, haiek egindako proposamena “irizpide humanitarioetan” oinarritzen da, eta “herrialdeen jarrera ezberdinen arteko oreka du helburu”. Horiek horrela, proiektuarekin aurrera ez egitea deitoratu zuen, nahiz eta laguntza operazioekin jarraitu ahal izateko lanean segituko dutela ziurtatu.
Bitartean, Txinak Siriaren aurkako aldebakarreko zigorrak bertan behera uzteko deia egin zuen, hori gertatzen ez den bitartean herrialdeko egoera humanitarioa ez dela hobetuko esanez.
Estatu Batuek, bestalde, adierazi dute eurek eta beste herrialde batzuek ezarritako zigorrek salbuespen humanitarioak dituztela, eta bermatzen dutela zibilei ez dietela eragiten.