Txinak eta Errusiak bien arteko mugen liskarraren amaiera hitzartu dute

Errusiak Tarabarov eta Bolshoi uharteak Txinari itzuli dizkio, bereganatu zituenetik 60 urte pasatu ondoren

Naiara Elola.
2008ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Txinak eta Errusiak behin betiko mugak finkatu dituzte atzo sinatutako hitzarmen osagarriaren bitartez. Horren bidez, 2004. urtean sinatutakoari balio juridikoa eman diote. Hori bi herrialdeen arteko hurbiltzearen pausoetako bat da. Astelehenean hasi zuen Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak Txinara egingo duen bi eguneko bisita. Eta iturri ofizialek jakinarazi dutenez, Lavrov Hu Jintao Txinako lehen ministroarekin bilduko da.

Atzo goizean bildu ziren Pekinen (Txina) Errusiako Sergei Lavrov eta Txinako Yang Jiechi atzerri ministroak. Lehenengoaren hitzetan, akordiori esker, bere herrialdeko mugak guztiz finkatuta daude. Horren bitartez, 40 urtez izandako borroka, liskar eta negoziazioei amaiera eman zaie. Errusia eta Txinaren arteko mugak 4.345 kilometroko luzera du eta sinatu berri duten hitzarmenaren bitartez 1929an sobietar lurralde bilakatu zen eremua Txinari itzuli diote.

Sinatutakoaren arabera, Errusiako Chita lurraldean dagoen Amur ibaian kokatzen diren Tarabarov eta Bolshoi uharteak -txineraz Yinlong eta Heixiazi-, Txinari itzuliko zaizkio. 1929. urtean, desagertutako Sobiet Batasun ohiak bereganatu zituen Txinako eremuak. Dena dela, Errusiakohainbat komunikabidek kaleratu dutenaren arabera, itzulitako bi uharteak, bi herrialdeen artean banatuko lirateke: bata errusiarra izanez eta bestea txinatarra. Oraindik ezin izan da jakin zein uharte egokituko zaion herrialde bakoitzari.

Txinak Tarabarov eta Bolshoi irlen gain duen burujabetasuna behin baino gehiagotan aldarrikatu du historian zehar. Honen harira, aipatutako bi herrialdeakelkarren mugak direla eta istilu ugari izan dituzte historian zehar, batez ere Errusiako Tsarren eta Txinako Enperadoreen garaian, hau da 1920ko hamarkadaren amaieran.

Baina gatazka 1960. urtetik aurrera areagotu egin zen, gehien bat gerra hotzaren eraginez. Garai hartan, Sobietar Batasunaren armadak Txinaren askapenerako Fronte Popularra erasotu zuen. Ondorioz, ehunka soldadu sobietar eta txinatar hil ziren izandako borroka odoltsuetan. Hala eta guztiz ere, azken boladan bi herrialdeen arteko merkataritza erlazioak direla eta 2004. urtean mugen arloko lehen akordioa sinatu zuten.

Vladimir Putin Errusiako presidente ohiak Asiako herrialdera egin zuen lehen bisita ofiziala, helburu hau erdiesteko egin zuen. Honentzat garrantzia berezia zuen Txinak. Era honetako saiakerak 1991 eta 1994 urteetan egin ziren; orduan zehaztu zuten bi herrialdeen arteko mugen %98a. Horren bitartez, Txina eta Errusiaren arteko elkarlana batez ere ekonomiaren arloan egonkortu eta indartu egin zen.

Denbora luzez, txinatarrentzat muga zeharka ezina izan zena, 1989. urtean ireki zen. Beraz, behin debekua kendu zenean, herritar ugarik ekin zion Errusiarako bidaiari. Baina joera hau areagotu egin zen 1991. urtean Sobietar Batasuna desagertu zenean. Gainera garai honetan, Txinako ekonomiak nabarmen indartu zen baina hau sustatu ahal izateko, Errusiako petrolioaren izugarrizko beharra zeukan.

Horrek guztiak eraginda bi herrialdeen arteko erlazioa inoiz baino hobea da eta sinatu berri duten akordioa, hau guztiaren isla da. Halaber, Txinak oraindik mugen inguruko arazoak dauzka, Hego Korea, Vietnam, Japoniaeta Indiarekin.

Atentatua Txinan

Txina hegoaldeko Yunnan probintzian bi autobusek eztanda egin dute. Horren ondorioz, herrialdeko mugetan segurtasuna indartuko dutela jakinarazi dute. Atentatua izan den probintzia Myanmar, Laos eta Vietnamekin egiten du muga.

Bi eztanda izan direla jakinarazi dute iturri ofizialek eta ondorioz ikerketari ekin dio Poliziak. Atentatuan oraingoz hamairu lagun hil dira. Azken gertakizun hori, momentu txarrean gertatu da, Olinpiar Jokoak abuztuaren 8an hasiko baitira. Agintariek gertakizun honen ondorioz, eraso «terrorista» gehiago izan daitezkeela jakinarazi dute; gainera, herritarrei atentatu edo bahiketa batean zer egin behar duten ezagutzeko jarraibideak emango dizkiete. Era horretako gertakizunak gerta ez daitezen, Pekinen segurtasun gerriko hirukoitza ezarri du Olinpiar Jokoetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.