Txina

Txinak eta Salomon Uharteek elkartze estrategikoa adostu dute

Salomon Uharteetako lehen ministroak atzo adierazi zuen Pekin azpiegiturak eta garapena indartzeko bazkide «fidagarria» dela

Ohorezko guardia bateko kideak zutik, Salomon Uharteetako lehen ministro Manasseh Sogavareri ongietorria egiteko entsegu batean. EFE/EPA/ANDY WONG
2023ko uztailaren 11
19:01
Entzun

Xi Jinping Txinako presidenteak eta Manasseh Sogavare Salomon Uharteetako lehen ministroak atzo adierazi zuten «elkarrekiko errespetua eta aro berri baterako garapen bateratua» ezaugarri dituen elkartze estrategikoa abiatuko dutela. Neurri hori bi herrialdeen arteko segurtasun akordioa adostu eta urtebetera hartu dute.

«Txina prest dago komunikazio estrategikoa indartzeko eta Salomon Uharteekin hainbat esparrutan lankidetza sakontzeko, aldebiko loturen etengabeko aurrerapena bermatzeko eta bi herriei onura gehiago sortzeko», adierazi zuen Xik, Xinhua agentziak jaso duenez. Presidentearen esanetan, bere herrialdeak «epe luzerako egonkortasunean» eta uharte nazioaren «garapenean» lagunduko du.

Salomon Uharteak eta Txina «lagun eta bazkide fidagarriak» direla esan zuen Xik. Zehazki, bi herrialdeek 2019an ezarri zituzten harreman diplomatiko ofizialak. Horren aurretik, Sogavareren gobernua Taiwanen aliatua zen. Sogavare bat etorri zen Xirekin Pekinekin harremanak ezartzea «erabaki zuzena» izan dela esatean, eta Txina azpiegiturak eta garapena indartzeko bazkide «fidagarria» ere dela adierazi zuen.

Sogavare Txinako lehen ministro Li Quiangekin ere bildu zen. «Txina eta Salomon uharteen arteko harremana azkar garatu da eta orain oso emankorra dela esan dezakegu», nabarmendu zuen Lik. Elkarrizketen ondoren, bi liderrek «garapenerako lankidetzari, merkataritzari, abiazio zibilari, aduanei eta meteorologiari buruzko aldebiko lankidetza dokumentuak» sinatu zituzten.

Gako geopolitikoa

2021eko irailaren 15ean publikoki aurkeztu zen Australia, Erresuma Batua eta AEBen arteko AUKUS aliantza militar estrategikoa, Indo-pazifikoan Txinaren presentziari aurre egiteko helburua duena. Sei hilabete geroago, apirilaren 19an, Txinak iragarri zuen Salomon Uharteekin irismen handiko segurtasun akordioa sinatu zuela.

Segurtasun akordioak ezinegona sortu zuen AEBetan eta Australian. Pekinek Salomon Uharteetan base militar bat eraikiko ote duen beldur dira. Sogavarek, ordea, behin eta berriz esan du ez duela asmorik Txinak base militarra eraikitzeko baimena emateko.

Eskualdean eragina handitzen jarraitzeko helburuarekin, Wang Yi Txinako Kanpo Aferetarako Batzorde Zentralaren Zuzendariak 2022ko maiatzean hamar eguneko bira egin zuen Ozeano Bareko zortzi herrialdeetan zehar. Hiru hilabete geroago, Salomon Uharteek AEBtako Kostazainen eta Erresuma Batuko Errege Itsas Armadaren ontzi bana errefusatu zuten.

Pekinen indarra gutxitzeko asmoarekin, pasa den otsailaren 1ean AEBek enbaxada ireki zuten Salomon Uharteetako hiriburuan, Hoinaran. Enbaxadaren irekieraren helburuetako bat «eskualdean pertsonal diplomatiko gehiago edukitzea» zela adierazi zuen AEBtako Estatu idazkari Antony Blinkenek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.