Aurten, %12,7 handituko du Txinak defentsa militarreko gastua; BPGaren %1,4 bideratuko du armadara. Aurrekontuak «garapen ekonomikoaren eta defentsa nazionalaren arteko oreka» bermatzen duela azaldu du Li Zhaoxing Herri Batzar Nazionaleko bozeramaileak, urteko bileraren atarian. Datozen egunotan gobernuaren lege proposamenak eztabaidatu eta onartuko ditu Txinako Alderdi Komunistak batzar horretan.
Igoerarekin, 65.500 milioi euro gastatuko ditu Pekinek armadan. Analista askoren aburuz, ordea, gobernuak jakitera ematen duen baino askoz gehiago gastatzen du defentsan.
Krisi ekonomikoa hasi aurreko urteetan igoera handiak egin zituen Txinako Gobernuak defentsako aurrekontuan. 2003tik 2007ra bitartean, adibidez, urtean %15,8ko batez besteko igoerak agindu zituen. Iaz, baina, krisiarekin, igoera gutxitzea erabaki zuen. Lehendabiziko aldiz %10 baino txikiagoa izan zen gastu militarraren urteko igoera. Hori horrela, aurtengo gorakadari susmo txarra hartu diote inguruko herrialdeek eta Mendebaldeko potentziek; AEBek eta Japoniak, batik bat. Pekinek azken urteotan armaz hornitzeko duen jokabideak kezka sortzen baitu herrialde horietan.
Munduko armadarik handiena du Txinak, bi milioi militar baino gehiagorekin. Munduko herrialderik jendetsuena dela argudiatzen du Pekinek eta, ondorioz, gastu igoera arrazoituta dagoela dio. Are gehiago, munduko gainontzeko herrialdeekin alderatuz, gastu militarra «txiki samarra» dela azaldu du Lik.
Defentsarako erabiltzen duten diruarekin helburu baketsuak bete nahi dituztela dio Txinak. Herrialdearen burujabetasuna babestea da armadaren xedea, Liren arabera. Besteak beste, «armamentua hobetzeko, entrenamendu ariketetarako eta militarren bizi-baldintzak hobetzeko» erabiliko dute aurtengo defentsarako aurrekontua.
Ekonomia lehentasuna
Inguruko herrialdeetan, ordea, kezka Txinako armadaren aurrekontuarekin batera ari da handitzen. Japoniaren eta Txinaren arteko harremana tirabiratsua izan da azken urteotan, Txinako Itsasoaren ekialdeko uharte batzuen jabetza dela eta, besteak beste. Eremu horretan petrolio eta gas erreserba handiak baitaude. Txina gatazkarako prestatzen ari den susmoa eragin du Japonian armada indartzeko iragarri dituen neurriak.
Dena den, bi herrialdeen artean gatazka militarra pitz daitekeenik ez dute uste adituek; izan ere, lurralde aldarrikapenak bigarren mailako arazo dira uneotan Pekinentzat. Etxeko ekonomiaren hazkundea eta egonkortasuna dira Txinaren kezka nagusienak une honetan.
Hain justu, urteroko Herri Batzar Nazionalean lehentasuna gai ekonomikoei emango dietela espero dute. Eta datozen egunetan iragarriko dituzten neurri gehienak Txinaren hazkunde ekonomikoa indartzeko izango direla espero dute. Horretaz gain, gizarte gaietarako eta hezkuntzarako inbertsioen iragarpena ere espero dute.
Txinak gastu militarra handitzeak kezkatu egin ditu AEBak eta Japonia
Aurtengo aurrekontua 65.500 milioi eurokoa dela dio Pekinek; esaten duen baino gehiago gastatzen duela uste dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu