Lore dotoreak, Txinako banderak etxe guztien atarietan, kartel gorriak alde guztietan; baina baita segurtasun neurri zorrotzak eta sekretismoa ere. Txinako Alderdi Komunistak gaur ospatuko du bere sorreraren ehungarren urteurrena, eta ez edozein modutan. Egitarau ofizialik ez dute argitaratu, baina Pekin hiriburuko Tiananmen plazak egunak daramatza itxita, eta ez dira faltako kontzertuak, su festak eta bestelako ikuskizunak. Han izango da gaur goizean Xi Jinping Txinako presidentea eta alderdiko idazkari nagusia.
Egun handiaren aurretik ere nabarmena izan da Pekinen eta Shanghain gaurkoa egun berezia dela; apaingarri guztiez gain, bi hirietako erdiguneko trafikoak egunak daramatza mugatuta. Zehazki, Shanghain egin zuen alderdiak bere lehen kongresua 1921eko uztailaren 23an; han izan zen, beste hamabi kiderekin batera, Mao Zedong, 1949an Txinako Herri Errepublika sortu eta 1976an hil zen arte haren burua izan zena. Aurrerago, 1941ean, Maok berak hartu zuen urteurrena uztailaren 1ean ospatzeko erabakia.
Hong Kongeko eskualde administratibo berezian, berriz, litekeena da istiluak izatea: erakundeek debekatu egin dute urtero uztailaren 1ean Txinako Gobernuaren aurka egin ohi den protesta. Izan ere, Hong Kongen esanahi bikoitza du egun horrek: batetik, Alderdi Komunistaren sorreraren urteurrena ospatzen da; eta, bestetik, 1997ko egun horretan bilakatu zen Hong Kong, berriz, Txinako eskualde bat. Poliziak 10.000 agente baino gehiago mobilizatuko ditu bihar, eta hiriko hainbat gune ere itxiko ditu.
92 milioi kide
Osasun onean helduko da Txinako Alderdi Komunista bere urteurrenera: munduko erakunde politiko handienetako bat da. Gaur egun 92 milioi kide baino gehiago ditu —Txinako biztanleen %6,6—, eta haren eragina nabarmena da txinatarren egunerokoan. Badira beste zortzi alderdi ere herrialdean, baina haien garrantzia hutsala da. Munduan kide gehiago dituen alderdi politiko bakarra Indiako Bharatiya Janata da, 100 milioi kide baino gehiago dituena.
Azken asteetan Xi Jinping buru duen gobernuak inoizko kanpainarik handienetako bat jarri du martxan alderdiko militanteek haren historiari buruz ikas dezaten. Hirietan ere hainbat ikuskizun eta ekitaldi egin dira hasieran legez kanpokoa izan zen alderdiaren bidea gogoan izan dutenak. Guztiek alderdiaren historia nihilista bat kontatzen dute, hori baita Xiren agintaldiaren ezaugarrietako bat; iraganeko akatsek eta krisiek ez dute lekurik egungo kontakizunean.
Txinaren etorkizunari buruz jarduteko ere ari dira baliatzen alderdiaren urteurrenaren ospakizuna. Geroz eta nabarmenagoa da munduko ekonomian Txina dela azken hamarkadetan AEB Ameriketako Estatu Batuek izan duten hegemoniaren lekukoa hartzeko hautagai nagusia. Etorkizuneko paradigma aldaketan industria politika moda-modan jarri da, batez ere Txinaren estatutik gidatutako industriaren erreferentzia gero eta agerikoagoa delako.
Xiren gobernuaren helburuetako bat da 2035. urterako herrialdearen ekonomia bikoiztea, baita herritar bakoitzaren diru sarrerak ere. Ondo bidean, 2049. urtean ospatuko du bere ehungarren urteurrena herri errepublikak, eta ordurako potentzia politiko, ekonomiko, teknologiko eta militar finkatua izan nahi du Txinak.