Zabaltzen ari da, oraindik ere, Txinako koronabirusa: Frantzian Europako lehen bi kutsatuak atzeman dituzte, Agnes Buzyn Frantziako Osasun ministroak jakinarazi duenez. Parisen eta Bordelen (Okzitania) daude ospitaleratuta.
Buzynek prentsaurrekoan azaldu duenez, Bordeleko kutsatua Wuhanen (Txina) izan zen duela gutxi, lan bidaia bat egiten; hiri horretan agertu zen lehen aldiz birusa, eta han izan da hildako eta gaixo gehien. Bigarren kasuari buruz ezer gutxi adierazi du: gaur arratsaldean atzeman dutela, eta hiriburuko ospitale batean dagoela, isolamenduan. «Ziurrenik kasu gehiago izango ditugu. Batzuk dagoeneko egon behar dira Europan», ohartarazi du.
Euskal Herrian lehen ustezko kasua
Euskal Herrian ere lehen kasua izan daitekeena atzeman dute. Duela gutxi Txinan izandako emakume bat artatu dute Gurutzetan, eta bihar edo etzi jakingo dituzte egindako analisien emaitzak. Jaurlaritzako Osasun Sailak, hala ere, lasai egoteko deia egin du, ez dagoela prebentzio neurririk hartzeko arrazoirik.
Denera zortzi herrialdetan topatu dituzte kutsatuak, baina Txinatik kanpo ez da hildakorik izan. Birusa atzeman duten herrialdeen artean daude Japonia, AEBak, Thailandia, eta Nepal, esaterako. AEBetan bi lagun daude kutsatuta, bi Japonian eta beste bi Hego Korean; Singapurren hiru daude gaixo, eta Vietnamen, bost.
Osasunaren Mundu Erakundearen aholkuak betez, aireportuetako kontrolak zorroztu dituzte, batez ere Txinatik datozen hegaldiekin; Taiwanek beste urrats bat egin du, eta debekatu egin ditu hegaldiak. Zientzialariek zabaldutako datuen arabera, birusa gizakitik gizakira igarotzen da, eta norbanako kutsatu bakoitzak beste pertsona bat edo bi kutsatzen ditu.
Hala ere, kasuen %25 soilik jo dituzte larritzat edo oso larritzat. Orain arte, ez da SARS arnasketa sindrome akutu larria bezain hilgarria, baina sintomarik ageri ez duten kutsatuek ere zabaldu dezakete birusa, eta, beraz, zailagoa da hari eustea. Adituek ez dute argitu noiz hasten den kutsatze aldia.
AEBetako zientzialariek iragarri dute hiru hilabete barru eskura izango dutela birusaren aurkako txerto bat, gizakietan probatzen hasteko. «Piztualdi horrekin zer gertatuko den aurreikustea ezinezkoa bada ere, erantzun egoki batek berehalakoa izan behar du», adierazi du AEBetako Gaixotasun Infekziosoen eta Alergien Institutuak.
Erietxe berria Wuhanen
Txinan, garai honetan, milioika herritarrek bidaiatzeko baliatu ohi dituzte Urteberriko ospakizunak; ondorioz, gobernuak beste sei hiri jarri ditu berrogeialdian —hamar daude egoera horretan—, eta garraio publikoa eten egin du. Hortaz, neurriak 41 milioi laguni eragiten die eta hamar egunean mila oheko erietxe bat eraikiko dutela iragarri du; 896 dira kutsatuak.
Wuhan 11 milioi biztanleko hiri bat da, eta bertan behera utzi dituzte autobus, metro eta tren zerbitzu guztiak, eta etxetik ez irteteko eskatu diete herritarrei. Horrez gain, itxi egin dute Pekingo Hiri Debekatua. Shanghain, berriz, 14 egunez etxetik ez irteteko eskatu diete herritarrei.