Txinako hainbat hiritara zabaldu dira Japoniaren aurkako protestak

Senkaku uharteen harira hasitako mobilizazioak ugaritu egin dira Japoniaren inbasioaren urteurrenean

Arnaitz Lasarte.
2012ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Txinan gero eta protesta gehiago ari dira egiten Japoniaren aurka. Senkaku-Diaoyu artxipelagoaren auziaren harira sortutako mobilizazioek Pekin dute erdigune. Hain zuzen ere, Japoniak Txinako hiriburuan duen enbaxadan bildu da herritar gehien. Berri agentzien arabera, arrautzak eta botilak jaurti dizkiote egoitza horri. Hala ere, herrialdeko beste hainbat hiri nagusitan ere egin dute protesta herritarrek. Shanghai eta Chengdu hirietan, esaterako. Atzo, gainera, egun esanguratsua zen Asiako bi herrialdeen arteko eztabaidan. Izan ere, 81 urte bete ziren Japoniak Txinako Mantxuria lurraldea inbaditu zuela. Eraso haren ondoren hasi zen bien arteko gerra.

Inbasio hura oraindik gogoan, bi herrialdeen arteko harremanak are gehiago gaiztotu dira azken egunetan. Oraingoan Japoniako Gobernuak jabe pribatu bati Senkaku artxipelagoko hiru uharte erosteak eragin du tentsioa. Milaka herritarrek uharteak Txinarenak direla aldarrikatu dute. Pekingo gobernuak protesta modu «arrazoizkoan» egiteko eskatu die herritarrei.

Hala ere, Txinako Liang Guanglie Defentsa ministroa neurriak gogortzeko aukeraz mintzatu da: «Negoziazio baketsuen bidez konpondu nahi dugu artxipelagoaren auzia, baina neurri gehiago hartzeko eskumena ere badugu». Leon Panetta AEBetako defentsa idazkariarekin bildu ostean hitz egin zuen ministroak. Izan ere, Panetta Txinan izan zen atzo.AEBetako idazkariak Txinari harreman militarrak indartzeko deia egin zion, borrokak eragin ditzaketen «gaizki ulertuak» saihestu ahal izateko.

Japoniako Gobernuak, berriz, jakinarazi du artxipelagoko segurtasun neurriak sendotu dituela. Atzo goizean, uharteetatik gertu, Txinako hamar bat barku ikusi zituzten Japoniako kostako zaintzaileek. Yoshihiko Noda Japoniako lehen ministroak esan du bere gobernuak zorrotz zainduko dituela gisa horretako mugimendu guztiak. Txinako Gobernuak lehengo astean 2.000 itsasontzi baino gehiago bidali zituen artxipelagora. Fuji TV telebistak azaldu duenez, Japoniako Gobernuak «segurtasun eremu bat» eraikiko du uharteak barku horietatik babesteko.

Japoniako enpresak, itxita

Hala ere, Japoniako hainbat enpresa beldur dira, eraso ote dieten. Toyota, Honda eta Panasonic etxeek, esaterako, lantegiak ixtea erabaki dute. Toyotaren arabera, egoera «oso azkar» ari da aldatzen Txinan, eta horrek behartu ditu erabakia hartzera. Panasoniceko zuzendaritzak dionez, bere hainbat lantegiri eraso egin diete.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.