TXINAKO HERRI ERREPUBLIKA. 60 urteko eternitatea

Txinako Herri Errepublikak denetariko sistemak saiatu izan ditu, 1949an sortu zutenez geroztik. BERRIAk hurbiletik kontu egin dio Txinan izandako eraldaketa sakonari, sistema askotariko horretako aldi ugarien lekuko izan direnei esker.

Zigor Aldama.
Shanghai
2009ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Pobretasuna ez da sozialismoa. Loriatsua da aberastea». Deng Xiaopingen esaldi horrek 180 graduko bira eman zion 1978an Mao Zedongen politikari. Mao Zedongek, aldiz, Kuomintangen erregimena etenarazi zuen honako beste esaldi honekin: «Komunismoa ez da maitasuna, arerioa suntsitzeko darabilgun mailua baizik». Lemazain Handiak orain dela 60 urte sortu zuen Txinako Herri Errepublika, Txina berria zeritzona, mailua esku batean eta igitaia bestean zituela. Gaur egun, Tiananmengo mausoleoan dute baltsamatua haren gorpua, eta, ziur askorik, burua goratuko balu, berbertan hilko litzateke berriro ere, ikusirik egungo enperadore gazteak beren iPoden mende bizi direla, MacDonald'setako hanburgerrak harro irensten dituztela, eta Chivas whiskiaz blai egindako orgiak antolatzen dituztela diskoteketan.

Bete egin dira haren ondorengo Xaiopingen iragarpenak. «Lehenik, bakar batzuk aberastuko dira», ziurtatu zuen. Eta halaxe gertatu da. Katu zuria edo beltza izan, kontua da saguak harrapatzea. Eta katu txinatarra, alajaina, aukera aukeraren atzetik dabil. Hamabost urtetik behin, bikoiztu egin du BPGd-a; eta aurten, urte amaieran, munduko ekonomia potentzietan bigarrena izango da Herensuge Handia, eta luze gabe hark bakarrik itzal egin ahal izango die AEBei.

Beste inongo herrialdetan ez dute izan han adinako aldaketarik eta erreformarik. Gizarte, etnia eta eskualde ugariren koktel ezinago lehergarria ekarri du emaitza gisa, eta horiek guztiek beren bidea egin dute garapen prozesu honetan. Gizarte desberdintasun sakonak ditu ezaugarri Txinako erakunde geopolitikoak. Ez dago asko mugitu beharrik horiek aurkitzeko. Hiri bakarrean aurki daitezke asko. Denboran zeharreko bidaia bat da, ia, herrialdean zeharreko bidaia. Mendebaldean, iragana. Ekialdean, geroa.

Mendebaldea

Aniztasun oparoko probintzia da Yunnan, ez hainbeste diru paperean. Myanmar, Laos eta Vietnam ditu mugakide hegoaldean, eta Tibet mendebaldean; Konstituzioaren arabera, lurralde zabal horrexetan biltzen dira 55 gutxiengo etnikoetatik 26. Naxi etniakoa da Mai Niu; munduan beste inon ez bezala, idazkera piktografikoa darabilte oraindik etnia horretakoek, antzinako Egipton zerabiltena bezalakoa. Zoritxarrez, Maok Txinako Errepublika sortu eta hiru urtera jaio zen Niu, eta, beraz, karaktere txinatarretan bakarrik daki idazten: «Gutxiengo etnikoek izugarri sufritu zuten komunisten garaian, kultura estandar bat sortzen ahalegindu baitziren», ziurtatu digu. Hala ere, emakumeentzat eta nekazarientzat ona izan zelakoan dago. «Genero berdintasunaren alde egin zuen beti Maok, eta landa eremua garatzearen alde. Orain lehen baino askoz ere hobeto bizi gara». Hori bai, Niuk mailu-igitaiak darabiltza oraindik familiako lur sail txikian barazkiak jorratzeko. «Traktore bat aloka dezakegu, ordea, lan handia pilatzen zaigunerako, eta gure seme-alaba guztiak doaz eskolara. Lehen, hamabi urterako aritu beharko zuketen lanean lur jabeentzat».

Handik mila kilometro ekialdera, Tong Jia herrixka xumean, Hainan uharte tropikalean, Maoren poster bat ageri da buru nabarmen Hong Kinen adobezko bizitoki txikian. Harrigarria badirudi ere, posterraren azpian, familiaren aldare budista ageri digu harro-harro li etniako gizonezkoak; buruzagi komunistak ez zukeen halakorik onartuko. Saski-naskiko ginga modura, berriz, bi semeetako batek lorturiko soldadu onaren egiaztagiria ere badu paretatik zintzilik. Beste semea kartzelan du, legez kanpoko borroketan parte hartzeagatik eta droga trafikoan ibiltzeagatik. «Latza da bizitza, eta probatu egiten gaitu, baina gure egoera hobea da orain», ziurtatu digu. «Duela bost urtetik badaukagu argindarra, baina joan-etorri dabilkigu, eta garestia da; duela hiru urtetik, berriz, badugu iturriko ura ere». Seme soldaduak iaz oparitu zion telebistak, baina, berenaz zeharo bestelako mundu baterantz darama, nahiz eta ozta-ozta sinesten duen halakorik badenik. «Shanghain edo Pekinen nola bizi diren ikusita, ez dakit zergatik den dena hain desberdina hemen». Tong, Niu bezala, urtean 4.700 yuanekin (700 eurorekin) bizi diren 800 milioi laborarietako bat da.

Shen Yuanek ere ezin sinetsi du halako baldintzetan bizi daitezkeenik li etniakoak. Yuan duela hogeita bat urte jaio zen Shanghain, eta hamabost urterekin bazeuzkan sakelako bat eta DVD bat, Hollywoodeko azken ekoizpenak ikusi ahal izateko. Eta, hori, ekonomiaren hiriburuko erdi mailako familia batekoa izanda. Tabako fabrika bateko kontu ikuskaria du aita, eta 250 euro inguru kobratzen ditu hilean. Ezbairik gabe, Txinako ekonomia mirariari etekinik handien atera dion taldeko partaideetako bat da, eta bere larrutik ordaindu behar izan zuen Kultura Iraultza izenekoa; Sichuan probintziara alde egin zuen lurra lantzera, baina garapenaren trena hartzeko doi-doi itzuli zen. Garai hartako kontuez hitz egiten dion aldi oro, alabak Lurretik kanpoko izakitzat hartzen du aita, arrazoi osoz. «Sinesgaitza egiten zait bizitza hain latza izatea duela hain gutxi, baina harro sentiarazten nau. Globalizazioak dakartzan erosotasunez goza dezakegu orain guztiok, eta atzerrian ikastea da gure helburua, gure herrialdea boteretsuagoa izan dadin». Finantza alorretik saiatuko da horretan.

Ma Yanlik, berriz, Maoren garaian nekez baliatu ahalko zituzkeen bi ezaugarriri zor dio arrakasta: gorpuzkera ikusgarria eta enpresari baten adimen urratzailea uztartu izanari. Horrela lortu du XXI. mendeko Txinako ikurretako bat izatea eta hiru arlo zeharo desberdinetan gailurra jotzea. Lehenik, arrauneko kirolari profesional gisa, harik eta bizkarreko lesio batek Olinpiar Jokoetan parte hartzeko ametsa zapuztu zion arte. «Presioari aurre egiteko eta sakrifizioak eramateko prestatu ninduen kirolak», aitortu digu. Hurrengo, modelo aritu zen, herrialdeko lehena izateraino, Txinan 1995ean lehenbizikoz egin zuten edertasun lehiaketa irabazita. «Ospea lortu nuen, eta banitate halako bat, baina urteek aurrera egin ahala apalduz joan zait, betiere aintzakotzat hartu izan baitut ibilbide hartatik etorkizun laburra zetorkidala». Azkenik, bere ospearen tirainaz baliatu da Yanli, eta diseinatzaile arrakastatsu bihurtu, Beckhami trajeak egiteraino. «Txinaren irekieraren emaitza naiz; halakorik gertatu izan ez balitz, ez zegokeen nire negozioarentzat merkaturik, eta ez nukeen mundua ezagutzeko aukerarik izango».

Kritika gutxi Pekini

Ekonomia erreformek ere izan dute eraginik kultura arloan, hala nola berrikuntza artistikoa dugu orain lehen propaganda geneukan tokian. Ezbairik gabe, oraindik ere badira muga zorrotz batzuk, eta inongo sortzailerik ez da ausartu horiek gainditzen; nolanahi ere, gizabanakoen askatasunak gero eta koloretsuagoak dira. Etorkizun handiko margolaria da Huang He; formatu handiko erretratuen erakusketa bat egin berri du Alemanian. Haren antzeko ibilbidea egin dute beste ehunka artista txinatarrek. «Izugarri sufritu nuen 1990eko hamarkadaren amaieran. Ez nuen ia zer janik ere. Hilean 100 yuan inguru irabazten nituen -orduko 2.000 pezeta baino zertxobait gehiago-. Baina uko egin nion nire estiloa aldatzeari, Gobernuko zirkuluetan sartzeko. Azkenik, iritsi zaigu aukera; iPhone bat darabilt orain, markako jantziak daramatzat, eta autoa erostekotan nabil». Noiz edo noiz kritikatuko al luke Txinako Gobernua edo gizartea? «Neure buruaz beste egitea bezala litzateke. Gainera, ez dakit zergatik kritikatu beharko nukeen? Gauzak ondo egiten ari da Alderdia».

Nekez aurki daiteke besterik dioenik. Onartzen dituzte unean uneko hutsegite jakinak, salatu ohi dute ustelkeria, eta beldurra diote gizarte aldakortasunari. Gutxi batzuek baino ez dute gaizki baloratzen, ordea. «Mendebaldea setatuta dabil gure hutsegiteak nabarmen uzten, hangoek sekula hutsik egin izan ez balute bezala». Hedy Ge 22 urteko emakume gazte immigranteak dio hori; Shanghain aurkitu du bere El Dorado, eta gogoko du ardoa-gai zeharo mendebaldartar horren zale bihurtu da-. «Onartu beharra daukazue gure herrialdearen txanda dela orain, hemen dago aukera; horrexegatik dator hona hainbeste atzerritar. Zuen kapitalismoak hondoa jo du, eta hura azaleratzen lagun diezazuegun nahi duzue. Agian, zuek ere baduzue zer ikastekorik 60 urtean Erdi Arotik globalizazio garaira igaro den herrialde honetatik. Demokrazia askok ez dute beste horrenbeste lortu». Izan ere, behin hasiera bateko ikaratik eta ondorengo bihotzekotik lehengoratuz gero, zilegi izango litzateke Mao berpiztua kontent antza izatea berak sorturiko herrialdea noraino iritsi den ikustean.



Tibeten eta uigurren aldeko ospakizunak Taiwanen

Pekinekin kritikoak diren hainbat film emango dituzte gaur Taiwango hiriburuan. Haietako bat Rebiya Kadeer buruzagi uigurraren bizitzari buruzkoa. Bestalde, Amnesty Internationalek salatu du azken egunetan disidenteen kontrako jazarpena gogortu egin duela Txinako Gobernuak.



Botere erakustaldia

Minutu bat: 11 pauso. Pauso bat: 75 zentimetro. Zangoa goratu: 25 zentimetro. Errore marjina: 5 zentimetro eta 0,15 segundo, minutuko. Askapenerako Herri Armadako soldaduek buruz dakizkite zenbaki horiek. Soldadu horiexek markatuko dute erritmoa Pekingo Chang’an etorbidetik Tiananmengo plazara ibiliko den desfile aberkoian. Desfileko kideak 1,50-1,80 zentimetro dira luzean, eta batez beste 19 urte dituzte, eta begitarterik ederrena dutenak joango dira buruz buru, kameren aurrean itxura ona ematearren. Ezerk ezin du huts egin botere erakustaldi horretan, teknologia militarrik aurreratuena erakutsiko du Txinak, kultura ezaugarri berezkoak uztartuko baitituzte; 40 milioi lore erabiliko dituzte abagunerako apaingarri modura.

«Egonkortasun ekonomiko eta soziala da Txina munduko bigarren potentzia bilakatzeko bidea»

Wen Jiabao
Txinako lehen ministroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.