Txinan gutxienez 31 lagun hil dira jatetxe batean izandako leherketa baten ondorioz

Gas isuri batek eragin du leherketa. Zer gertatu den ikertzen ari da Txinako Polizia, eta bederatzi lagun atxilotu dituzte istripuaren harira.

Suhiltzaileak erreskate lanetan, leherketaren ostean, Yinchuanen. WANG PENG / EFE
Maddi Iztueta Olano.
2023ko ekainaren 22a
11:57
Entzun

Leherketa bat izan da bart Txinako Ningxia eskualdeko Yinchuan hiriko jatetxe batean, eta 31 lagun hil eta beste zazpi zauritu dira gutxienez. Gertatutakoa ikertzen ari da Polizia, baina, eskualdeko agintariek jakinarazi dutenez, gas isuri batek eragin du leherketa. Adingabeak eta adinekoak zeuden hildakoen artean. Zauritu guztiak ospitalera eraman dituzte, eta larri dago bat. Erredurak eta zauri arinak dituzte besteek.

Herrialdeko Xinhua albiste agentziaren arabera, jatetxeko bi langilek leherketa jazo baino ordubete lehenago izan zuten isuritako gasaren berri. Balbula apurtuta zegoela ikusi zuten, eta beste bat erostera bidali zuten langile bat. Antza, balbula ordezten ari zirela gertatu zen leherketa.

Halere, gertatutakoa ikertzen ari dira oraindik. Txinako Poliziak bederatzi lagun atxilotu ditu; horien artean, jatetxeko nagusia. Ezer argitu artean, atxilotuen aktiboak izoztu dituzte.

Dragoi Ontziaren Jaialdi erlijiosoaren bezperan izan zen ezbeharra. Jende asko bildu ohi da egunotan, eta jatetxearen ingurua hondatua dago oraindik. Guztira, suhiltzaileen departamentuko hogei ibilgailu eta ehundik gora langile ari dira erreskate lanetan, eta lan horiekin jarraitzeko eta zauritu guztiei arreta emateko eskatu du Txinako Presidente Xi Jinpingek. Gertatutakoaren harira, gisa horretako establezimenduetako segurtasun neurriak betetzen direla «bermatzeko» ere eskatu du.

Are, istripuaren nondik norakoak «lehenbailehen» argitzea ere galdegin die eskualdeko agintariei. Eta, horretarako, gobernuko lantalde bat bidali du hara; jatetxeko segurtasun neurriak, lan baldintzak eta egoera orokorra ikuskatzeko.

Frantzian ere, sugarrak

Txinako ezbeharra baino ordu gutxi lehenago, leherketa bat izan zen Parisen, gas isuri baten ondorioz. Frantziako hiriburuko Auzo Latinoko eraikin batean gertatu zen, eta gutxienez 37 zauritu izan ziren. Oraingoz, ez da inor hil.

Suhiltzaileen 70 ibilgailu baino gehiago eta 270 langiletik gora aritu ziren erreskate lanetan. Parisko Polizia istripua ikertzen ari da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.