Txinaren aurkako gerra ez da «aukera bat», Taiwanen arabera

Irlaren egun nazionaleko hitzaldian, Tsaik esan du irlak ez diola «inoiz uko egingo demokraziari»

Tsai Ing-wen Taiwango presidentea, Taipein, atzo, hitzaldia eman aurretik. DANIEL CENG SHOU YI / EFE.
ander perez zala
2022ko urriaren 11
00:00
Entzun
Tsai Ing-wen Taiwango presidenteak elkarlan eta lankidetza mezuak bidaltzeko baliatu zuen atzo uhartearen egun nazionalean eman zuen hitzaldia. Taiwango itsasartean «bakea eta egonkortasuna» bermatzea beharrezkoa dela argudiatuta, Tsaik Txinako Gobernua deitu zuen bi aldeentzat «onargarria» den akordio bat adostera, uste baitu gerra ez dela «aukera bat», ez Pekinentzat, ezta Taipeirentzat ere.

«Argi utzi nahi diet Pekingo agintariei konfrontazio armatu bat ez dela inolaz ere aukera bat bi aldeentzat», esan zuen uharteko presidenteak gaur eman duen hitzaldian. Hori bai, eskua luzatzeko mezu horrekin batera, Tsaik jakinarazi du irla bere defentsarako baliabideak sendotzen ari dela, eta «autodefentsaren ardura bere gain hartuko» duela.

Zehazki, Taiwango presidenteak azaldu zuenez, «misil doien eta goi errendimenduko ontzien ekoizpena» ari dira handitzen, baita tamaina txikiko misil doiena ere, uhartea «erabat prest» egon dadin «atzerriko mehatxu militarrei erantzuteko».

Balizko mehatxu hori Txinarekiko erreferentzia bat izan da, Tsaik, eskua luzatu arren, Txinako Gobernuarekin kritikoa den hitzaldi bat egin baitzuen: «Deitoragarria da Pekinek handitu egin dituela larderia militarra, presio diplomatikoa, merkataritzako obstrukzionismoa eta gure subiranotasuna ezabatzeko saiakerak. Horrek zera besterik ez du ekarri berekin: Taiwango itsasarteko bakearen eta egonkortasunaren statu quo-ari mehatxu egitea». Egoera horren aurrean, Taiwango presidenteak esan zuen uharteak ez diola «inoiz uko egingo demokraziari».

Abuztu hasieran berriz egin zuen gora Pekinen eta Taipeiren arteko tentsioak, Nancy Pelosi AEB Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberako presidenteak uhartera egindako bisitaren ondorioz. Konpromisoa eta babesa berresteko bidaia bat izan zen, Pelosik azaldu zuenez, eta Tsairi esan zion AEBek ez dutela Taiwan «abandonatuta utziko» Txinaren esku.

Hori bai, AEBetako Ordezkarien Ganberako presidenteak babesa helarazi zion irlari, baina ez zen harago joan: «Statu quo-aren aldekoak gara; ez dugu nahi Taiwani ezer gertatzea indarkeriaren bitartez». Bisita horren ondoren, Txinak maniobra militarrak egin zituen uhartearen itsas eta aire eremuetan, eta Taipeik bereak abiatuta erantzun zion.

Kongresuaren bezperan

Harrezkeroztik tentsioa ez da erabat baretu bi gobernuen artean, eta Tsaik uhartearen egun nazionala baliatu du Pekini eta munduari bere jarrera jakinarazteko. Ekitaldi garrantzitsu baterako egun gutxi falta den honetan egin du hori, datorren igandean XX. Kongresua hasiko baitu Txinako Alderdi Komunistak; kongresu horretan, herrialdearen lehentasunak eta helburuak finkatuko dituzte datozen bost urteetarako, eta, ezustekorik ezean, Xi Jinping Txinako presidentea hirugarrenez aukeratuko dute alderdiko idazkari nagusi.

Horregatik, Pekinek argi utzi du asteotan ez duela sorpresarik eta liskarrik nahi, eta horren harira erantzun zion atzo Txinako Atzerri Ministerioaren bozeramaile Mao Ningik Taiwango presidenteari, ohiko argudioekin: uhartea Txinaren parte dela, ez direla «herrialde independente bat», eta irlak ez duela presidenterik.

«Taiwango itsasarteko egungo tentsioen erroa Alderdi Demokratiko Aurrerakoiko agintariak dira [irlan agintean dagoen indar politikoa da], Taiwanen independentzian eta sezesioan tematuta baitaude», Maoren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.