loke Nazionalista Galiziarrak (BNG) Europako Konstituzioaren itunari emandako ezezkoa da, erreferendumari buruz Galizian nolabaiteko eztabaida eragin duen elementu bakarra. Bestelakoan, udazkeneko hauteskundeetarako saio orokorra bilakatu da itunaren inguruko kanpaina. Galizia Planaren azpiegiturak eta indarrean dagoen Estatutuaren erreforma dira, hain zuzen, boz horietarako gai nagusiak. Galiziako Alderdi Popularrak (PPG), baina, Estatutuaren erreforma errefusatu du Parlamentuan, horrek hauteskunde prozesua oztopatuko lukeela esanez.
Europari dagokionez, Espainian ordezkaritza duten bi alderdi politiko nagusiek, PPG eta Galiziako Alderdi Sozialistak (PSG), ez dute itunaren inguruko barne eztabaidarik izan. Izan ere, beren argudioak eta Espainian erabiltzen dituztenak antzekoak dira. Sozialisten kasuan, haien buru Emilio Perez-Touriño hurrengo hauteskundeetara begira bere irudia sendotzea helburu duen kanpaina egiten ari da. Horretarako, Ferrazetik (Alderdi Sozialistak Madrilen duen egoitza) heldutako Felipe Gonzalezen, Pepe Blancoren, Espainiako presidente Jose Luis Zapateroren beraren edota hainbat ministroren laguntza izan du.Galiziako kontserbadoreen artean, berriz, Manuel Fragak baiezkoa defendatzen du, baina gogo handiegirik gabelaguntza eskatu dio Raxoiri, zeina bere sorterrira bueltatu den. Xuntako presidenteari sostengua emateko. Inkestek diotenez, baina, Fragak presidente izateari utziko dio udazkenean. Galiziako egunkari nagusiak, La Voz de Galicia-k, argitaratutako datuok PPGren estrategia irauli dute. Inkestaren datuak argitara eman baino lehenago, BNG zen Fragaren kritiken helburu nagusia, orain baina, Touriñoren aurka egiten hasi da. Izan ere, Touriño izango litzateke BNGk eta PSGk osatutako balizko kolizioaren burua. Horretan, Zapatero efektua-ri esker, sozialistek alde txikia aterako liekete nazionalistei.Inkestak eta iragarpenak alde batera utzita, Fragaren eta oposizioaren arteko lehia estua izango dela dirudi. Xuntan gertatzen diren mugimenduak azkarrak dira oso, eta ez dira gutxi funtzionario gisa lan egiteko oposaketetara aurkeztu diren Galiziako Gobernuko goi karguak. Bestalde, Xuntak lur gaineko telebista digitalaren baimenak eman ditu udazkeneko bozak egin baino lehenago. Horren eraginez, baimen horiek lortu nahi dituzten hedabideak presionatu ahal izango dituzte.
BNGren ezezko lotsatia
Erreferendumaren gaineko barne eztabaida izan zuen alderdi politiko bakarra BNG da. Beraien zuzendaritzak hasiera batean igorritako txostenean ezezkoa eskatu zuten. Ondoren, beren baseei galde egin zieten, eta hauek ere zuzendaritzak erabakitakoa babestu zuten, botoen %80rekin. Dena den, hainbat hiritan emaitzak berdinketaren inguruan ibili ziren, eta BNGko zenbait kolektibok Konstituzioari eman beharreko sostengu kritikoa defendatzen jarraitzen dute. Kasurik nabarmenena, eskarmentu handiko nazionalisten buru Camilo Nogueirarena da. BNGk izan duen eurodiputatu bakarra baiezkoaren aldekoa da, «nahiz eta arlo zenbaitzuetan, batik bat sozialen, hutsuneak egon».
Erabaki honek beren balizko kideetatik urruntzen ditu eta, analista politiko batzuen arabera, BNG bizitzen ari den bere irudiaren berreskuratzea hondatuko luke. Orain bi hilabete hedabideek argitaratutako hainbat inkestak ziotenez, hautesleek Anxo Quintanaren inguruan zuten iritziak dezente egin zuen gora. Bere aurrekoarekin kontrajarrita, buruzagi serio eta moderatu gisa ari da sendotzen nazionalisten bozeramaile gaztea. Izan ere, hura hobea zen intelektualki, baina Galiziako iritzi publikoaren zati handienaren ustez, xelebreegia ere bazen. Nazionalisten leloa Europa hobe baten alde da, eta ezezkoa saihestea erabaki dute, globalizazioaren aurkako sektoreek erabilitako «Beste Europa bat posible da» parafraseatuz. Era berean, BNGko Exekutiba Nazionaleko kide Anxela Bugallok PPG eta PSG akusatu ditu, «erreferenduma erritu eta ituna dotrina» bihurtu dituztela esanez. «Ezezkoa emateak ez du esan nahi europarrak ez garenik, koherenteak izateko Europaren eraikuntzarako beste eredu bat defendatu beharko dugula baizik», esan du.
EBrekiko mesfidantza
Halere, BNGk itunari ezetz esateak ez du inor harritu. Alderdi politiko hau euroeszeptikoa da izatez. Jarrera hori Europako Batasunak (EB) politika ekonomikoan egindako murrizketek eragin dute. Izan ere, aipatutako mozketek nekazaritzan, abeltzaintzan, arrantzan edo ontzigintzan gertatu dira, eta horiek oso sektore garrantzitsuak dira Galiziako ekonomian. Sindikatu nazionalistek, Galiziako Sindikatuen Arteko Konfederazioak (CIG) eta Galiziako Nekazarien Sindikatuak (SLG), EBk ezarritako erreformen aurka egin dute beti. Haatik, sentimendu hau oso errotuta dago Galiziako gizartearen zati handi batean, batik bat baserri giroan, non Europako legeek sektorearen modernizazioa modu zakarrean dramatikoki kasu askotanbehartu duten.
EBk Galizian duen eraginaren inguruko analisian aurkitu behar da, nazionalisten eta PPG zein PSGren arteko desadostasunen jatorria. Azken bien ustez, EBk emandako diru publikoa onuragarria izan da.
EUROPAKO KONSTITUZIOA
Udazkeneko bozak buruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu