Udazkeneko orbela nola

Udaberri Arabiarren ostean ustelkeria hedatu egin da; herrialde batzuetan protestak piztu aurretik baino sakonagoa eta larriagoa da. Agerikoa da erregimen eta diktadoreen gainbeherak ez duela amaitu ustelkeria. Transparency International erakundeak egindako txostena da horren erakusle.

Mohamed Mursi presidentearen kontrakoprotesta Kairon, Tahrir plazan. Egipton osohedatuta dago ustelkeria. ANDRE PAIN / EFE.
Ricard Gonzalez.
Tunis
2016ko urriaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Baldin eta Mohamed al-Buazizi gaztearen heriotza gertatu baino lehenago ezagutarazi ez baziren Zine el-Abidine Ben Aliren ondasun ustelkeriazkoaren ingurukoak Wikileaksen, beharbada, ez zatekeen gertatuko Jasminen Iraultzarik Tunisian. Poliziak salerosketa gurdia konfiskatu ziola-eta kaleko barazki saltzaileak bere burua immolatu zuen 2010eko abenduaren 17an.Askatasunik eza eta langabezia ez ezik, matxinada arabiarrek bazuten beste eragile komun bat ere: erregimen autokratiko arabiarrak ustelkeria habia bihurtu zirelako pertzepzioa. Herritarrak, izerdi patsetan hil amaierara iritsi ezinik; eta tiranoak eta haien lausengariak, luxu iraingarrizko bizimodua egiten.

Bosturteko baten eta hainbat gatazkaren ondoren, herrialde horietan guztietan hedatua da ustelkeria. Udazkeneko orbela nola, zimeldu eta usteldu egin dira gobernuak. Baita Tunisian ere, bere trantsizio demokratikoaren ataka onik gainditu duen herrialde bakarrean.

Transparency International gobernuz kanpoko erakundea espezializatua dago ustelkeria pertzepzioa neurtzen duten zundaketak eta sailkapenak egiten. Bada, hark egindako txosten batean jasota dagoenez, bederatzi herrialde arabiarretako herritarrek uste dute azken urte honetan larriagotu egin dela gaitz hori. Zehazki, halakoxe ustea dute honako herrialde hauetako herritarren %61ek: Aljeria, Jordania, Egipto, Maroko, Palestina, Yemen, Tunisia eta Libano. «Badirudi ez zela sekula gertatu Udaberri Arabiarrik. Sekretismoa galarazten, adierazpen askatasuna sustatzen eta ustelkeria guztiak behin betiko amaitzen porrot egin duten buruzagiak, hain zuzen, ez dira gai bizimodu duin bat eskaintzeko ere Ekialde Hurbilean eta Afrika iparraldean bizi den jendeari». Hala salatu du Jose Ugaz Transparencyko arduradunetako batek.

Libanon eta Yemenen dute horren pertzepziorik zorrotzena. Ikerlan horretan ageri ez badira ere, antzeko egoera dute Sirian eta Libian. Ez da harritzekoa halako fenomeno bat, gerrek eta gatazka sektarioek barren-barrenetik jaten baitituzte estatuak eta haien instituzioak. Are harrigarriagoa eta kezkagarriagoa da, baina, egonkorrak diren herrialdeetan areagotzea iruzurra, hantxe izan baitituzte buruzagi ustelak eraistea lortu duten mugimendu iraultzaileak, edo, gutxienez, buruzagiei erreformak agintarazteko baliatu zituztenak.

Ezbairik gabe, Tunisia da kasurik paradigmatikoena, zeinari Bakearen Nobel saria emana baitiote. Transparency Internationalek sailkapen bat egin du, ustelkeriaren pertzepzioa oinarritzat harturik, eta, zerrenda horretan, Magrebeko herrialdeak 14 toki galdu ditu 2010-2015 bitartean; hala, gaur egun, 76. ageri da, guztira ikerturiko 168 herrialderen artean. «Iraultza baino lehen, Ben Aliren familiaren inguruan bilduta zegoen ustelkeria; baina, orain, deszentralizatu eta hedatu egin da», dio Muheb Garuik, I Watch gobernu kanpoko erakundearen zuzendariak; gaitz horren kontrako borrokan espezializatuta dago. Hala ere, Garuik ohartarazi du zaila dela zehazki alderatzea garai biak, lehen askatasunik ez zegoenez ezin baitzen halakorik salatu jendaurrean.

Nolanahi ere, agerikoa da erregimenaren gainbeherak ez duela amaitu ustelkeria, ez herritarren eta administrazioaren arteko eguneroko harremanetan —batik bat Poliziarekin—, ez tartean kopuru handiak daudenetan. Eroskeriaren kultura elikatzen du, hain zuzen, huraxe borrokatzeko sortutako mekanismoak ahulak izateak. 2014tik, ILCC Ustelkeriaren Kontrako Borrokarako Instantziak aurrekontu ezinago murritza du zeregin horretarako; beren bulegoen errenta ordaintzeko baliatzen dute aurrekontuaren ia erdia baino gehiago. Hango presidente Xwaki Tabibek kalkulatutakoaren arabera, 800 milioi euro inguru ebazten zaizkio estatuari urtean ustelkeria bidez: «Endemikoa da ustelkeria, instituzio guztietan sartua baitago: justizian, alderdi politikoetan eta hedabideetan».

IDV Duintasunaren eta Egiaren Instantzia izeneko batzordea arduratzen da justizia trantsizionala aplikatzeaz eta diktadura garaian izandako ustelkeria kasuak ikertzeaz; bere zeregina eragotzi diote, ordea, kereila alderdikoien bidez eta batzordeari prestigioa kentzeko asmoz antzinako erregimenaren itzal eragin handikoek eginiko kanpaina baten bidez. «Neurri bat hartu behar da lehenbailehen: lege bat onartzea whistlers edo salatariak babestuko dituena. Gaur egun, mobbing-aren biktima baitira praktika ustelaksalatzen dituzten funtzionarioak»; hala azaldu du Garuik.

Egoera ez da askoz hobea Egipton, non estatu kolpe batek galarazi egin baitzuen trantsizio demokratikoa. Ustelkeria izan da uda honetako protagonista nagusia hango egoerari buruzko albisteetan. Lehenik, Hussein Salem handi-mandi hispano-egiptoarrak itun bat egin zuelako agintariekin, 534 milioi euroren truke amnistia bat eman ziezaioten ustelkeriagatik ezarriak zizkioten hainbat zigorrengatik.

Paradoxaz, litekeena da kartzelako zuloan amaitzea Kontu Epaitegiaren baliokide den erakundeko presidente izandakoak: Hixam Geneinak, hain zuzen ere, zeinari urtebeteko kartzela zigorra ezarria baitiote bere lana egiteagatik. Goi kargudun horrek salatu zuen, izan ere, Egiptoko Justizia ez zitzaiela jazartzen ari ustelkeriak jota egoteaz susmagarri zirenei, haien txostenetan nabarmen ageri ziren haiexei; haren kalkuluen arabera, 2012tik 2015era, 60.000 eurotik gora atereak zituzten estatuaren kutxetatik iruzur bidez. Bekatu bat egin zuen Geneinak: bere aurkikuntzaren berri jakinarazi prentsari. Polemika handia eragin zuen, eta kargutik kendu eta auzipetu egin zuten. Hauxe, berriz, haren kontrako kargu nagusia: «Estatuaren instituzioei irain egitea». Aztikeriaz bezala galduak ziren, nonbait, bi milioi tona gari inguru, estatuak erosiak zituen haiexek jendeari ogia salneurri apalagoetan eskaini ahal izateko. Transparency Internationalen arabera, Egipto 88. tokian dago 168 herrialdeko zerrendan, eta, egiptoarren %80ren ustez, ustelkeria bere hartan dago edo areagotu ere egin da 2011z geroztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.