Kataluniako hauteskundeak. Elkarrizketa. Francesc de Dalmases. Junts per Catalunyako hautagaia

«Ukatzen diren ideal politikoak herritarrek eskatutakoak dira»

Hauteskundeak «bidegabeak» direla uste du De Dalmasesek, Espainiako Gobernuak «inposatu» dituelako. Hala ere, parte hartzea beharrezkoa dela uste du, «besteak beste, lidergoa berreskuratzeko».

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Gizarte hezitzailea eta kazetaria da Francesc de Dalmases Junts per Catalunyako diputatugaia (Bartzelona, 1970). 1999tik 2007ra Associacio de Publicacions Periodiques en Catala elkarteko presidentea izan zen, eta, gaur egun, ONGC eta Catalan International View aldizkarietako zuzendaria da. Erreferendumaren Aldeko Itun Nazionaleko kide ere izan zen, eta argi du adostutako erreferendumaren aldeko aukera guztiak erreta daudela. Carles Puigdemonten zerrendaren komunikazio taldeak hauteskunde kanpainaren azken ukituak amaitzen dituen bitartean solastatu da BERRIArekin, alderdiak Gracia auzoan duen egoitzan.

Lleidako museoan zeuden Sixenako monasterioko lanak Aragoira eraman zituzten atzo. Mariano Rajoyren gobernuaren jazarpenaren albo kalteak…

155. artikuluaren aplikazioa babestu duen PSCko Angel Ros alkatea orain konturatzen ari da estatu batek autoritatearen bidea aukeratzen duenean ez duela mugarik. Parlamentua desegin dute, ordezkariak preso daude, eta Junts pel Si baliogabetuta utzi dute, beste behin banaketa sustatuz. Baina horrek azkenean eragingo du, Lleidan gertatu den bezala, Rajoyren errepresioa babestu duten alderdiengan ere.

Hamar egun gelditzen dira abenduaren 21erako. Zerrendaburua erbestean duzue, eta bigarrena, preso. Nola aurreikusten dituzue bozak?

Hauteskundeak legez kontrakoak dira. Gobernuko presidentea eta parlamentua, izan, bagenituen; beraz, salbuespen egoera honen barruan Espainiako Gobernuak inposatu dizkigu hauteskunde bidegabe hauek. Edozein modutan, hautetsontziek ez gaituzte beldurtzen, eta urriaren 1ean estatuaren aparatuek adierazi zutenez emaitza hura ez zela fidagarria, abenduaren 21eko bozketak balioko du herritarren nahimena berresteko, beste behin.

Abenduaren 7an presoen askatasunaren aldeko aldarria egin zuten milaka herritarrek Bruselan. Zer iritzi duzu?

Agerian utzi genuen katalanon europeismoak osorik jarraitzen duela, baina Europako erakundeena zalantzan dago. Europako Batasuna aintzat hartzen ari da Espainiako Gobernuaren estrategia, eta ez du erabakirik hartu, historiako beste hainbat kapitulutan egin zuen bezala; Hungariarekin edo Turkiarekin, esate baterako. Gertatzen ari den guztiaren gainetik, Europak oraindik ere esaten du anomaliarik ez dagoela, eta, ondorioz, Rajoyren bidea babesten du.

Kazetaria zara. Halako aldarrikapenik ezagutzen zenuen Europan?

Sekula ez. Erabakigarria da herritarren mugimendu baketsu hau Europara joatea Katalunian gertatzen ari dena azaltzera. Errotik harro sentitu nintzen agerian gelditu delako, beste behin, demokraziarekin dugun konpromisoa. Bide onetik goaz, eta PDECatek zeharkako zerrenda egiteko egin duen apustua berretsi da. Gure aldarria beti izango da salbuespen egoeraren amaiera.

Auzitegi Gorenak Oriol Junqueras, Joaquim Forn, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart preso mantentzea erabaki zuen abenduaren 4an. Nola eragiten du testuinguru horrek hauteskundeetan?

Kasu! Espetxeratuta ez daudenak ere Espainiaren Damoklesen ezpata dute gainean. Iritzi delituaegiten ari direla erabakitzen duten edozein momentutan haien askatasuna ere jokoan baitago, argi geratu denez, epaileek egiten duten gertaeren analisiarekin. Eta ezin dugu ahaztu ukatzen zaizkigun ideal politiko horiek, besteak beste, 2015eko irailaren 27ko hauteskundeetan Kataluniako herriak babestutakoak eta eskatutakoak direla. Testuinguruak erabat eragiten du, noski, bozetan.

Salbuespen egoeraren aurrean zein da irtenbidea?

Kataluniaren izaera gizalegekoa, baketsua eta demokratikoa berrestea. Junts per Catalunyak argi utzi nahi du Espainiak erbesteratu eta espetxeratu dituen kideek hauteskunde hauek aldarrikatzen dituztela, besteak beste, lidergoa berreskuratzeko. Errepresioaren eta demokraziaren arteko kontraesana da Junts per Catalunyak duen ondasun pizgarrienetako bat. Ohiz kanpoko irtenbideak eskaintzen ditugu salbuespen egoera honetan.

Aste honetan iskanbila egon da Carles Mundok egindako adierazpenen harira. Hark esan zuen zure zerrendak hauteskundeak irabaziz gero presidentearen inbestidura ezinezkoa izango dela. Zuek gizalegearekin erantzun duzue…

Ez dugu energiarik galduko bidelagun izan behar dutenen kontra aritzeko. Hautetsontzien mandatuarekin leialak gara, eta abenduaren 21ean gure erronka da emaitza hori bermatzea. Gizartearen termometro politikoa non dagoen jakiteko egun erabakigarria izango da A-21a. Tira, badakigu Espainiako legezkotasun demokratiko urria dela-eta zaila izango dela Puigdemonten presidentetza berrestea, baina Espainiako antidemokrazia eta demofobiak ezin gaitu baldintzatu: jende guztiak onartu beharko du hautetsontzietatik aterako den emaitza.

Kazetari gisa, uste al duzu hedabideek piztu nahi dutela ERCren eta Junts per Catalunyaren arteko talkarik?

Uste dut ERCk eta Junts per Catalunyak liskartu nahi ez badute ez direla liskartuko. Junts per Catalunyako kideok ez dugu orain arteko ibilbidea ahaztuko, eta kanpaina honetan bereziki dugu kontuan bai ERC eta bai CUP.

Azken asteetan Junts pel Siko hainbat kidek autokritika egin dute. Katalunia prest al dago aldebakarreko bidetik jarraitzeko?

Izugarri harritzen nau aldebakarraren inguruko eztabaida horrek. Bide honetan inor baldin badago aldebakarretik ibili dena, hori Espainiako eraikuntza politiko eta konstituzional osoa da. Tira, zoritxarrez, batek baino gehiagok ahazten du adostutako erreferendumaren alde egin dugun bidea. Ni Erreferendumaren Aldeko Itun Nazionaleko kidea izan nintzen, eta baiezta dezaket Madrilgo Gorteetara joan nintzela Joan Ignasi Elenarekin batera, besteak beste, gure proposamena aurkeztera. Bitxiki, 155. artikuluaren aldeko hirukoak ez zuen tarterik ere hartu proposamena entzuteko. Nola da posible, orduan, Miquel Iceta, Xavier Garcia Albiol eta Ines Arrimadas lotsatuta ez egotea orain, eztabaidarik nahi izan ez dugula baieztatzen dutenean? Ateakbeti egon dira zabalik eztabaidarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.