Gerra Ukrainan

Ukrainak segitzen du frontearen hegoaldean presioa handitu nahian

Kievek jakinarazi du bederatzi pertsona hil zituela duela bi egun Krimean egindako bonbardaketan; aldarrikatu du, gainera, Zaporizhian «aurrerapauso handiak» ematen ari dela kontraerasoan

Emakume bat, Ukrainako soldadu bat irudikatzen duen mural baten aurretik pasatzen, Kieven, lehengo astean. EFE.
Igor Susaeta.
2023ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Azkeneko egunak AEBetan eta Kanadan igaro ondoren, Mendebaldearen aldetik jasotzen ari den laguntza militarrari dagokionean beste bi diru sail bat hitzartuta itzuliko da etxera VolodimirZelenski Ukrainako presidentea. AEBek 325 milioi dolar —305 milioi euro inguru— emango dizkiote Kievi, eta Kanadak 650 milioi dolar —610 bat milioi euro—. Pentagonoa, gainera, laster da Abrams tanke batzuk entregatzekoa; hasteko, 31. Behin berri horiek mahai gainean jarrita, Ukrainak jarraitzen du, gainera, gerra frontearen hegoaldeko alderdian presioa handitu nahian: Krimean eta Zaporizhian.

Krimean ia egunero sirena hotsa entzutera ohitu dira azkeneko asteetan, eta atzo ere aktibatu zuten Sebastopol kostaldeko hirian. Errusiak 2014an anexionatutako penintsulako gobernadoreak sare sozialen bidez jakinarazi zuenez, aireko defentsa sistemek Ukrainako armadak jaurtitako hainbat misil erorarazi zituzten. Ez zen inor hil zati horien eraginez.

Herenegun ere eraso egin zioten Sebastopoli; hain zuzen ere, Errusiako armadaren Estatu Nagusiak Itsaso Beltzean duen egoitza nagusiari. Horretan gutxienez bederatzi pertsona hil eta hamasei zauritu zirela esan zion Kirilo Budanov Ukrainako zerbitzu sekretuen buruak Voice of America AEBetako irrati kateari, atzo; zehaztu zuen zaurituen artean Errusiako armadako bi jeneral daudela. Kremlinek esan du beren militarretako bat desagertuta dagoela erasoaren ondorioz.

Arrazoi historikoak eta estrategikoak direla medio, Errusiak ez dio Krimeari uko egin nahi. Horregatik da, analista militarrek azken hilabeteetan nabarmendu dutenez, munduan aireko defentsa sistema onenetako bat duen eremua. Ukrainak esana du, ordea, segituko duela Krimeako helburu militarren kontra egiten. Orain dela hilabete batzuk arte, Mendebaldeak ez zuen nahi Ukrainak penintsulari eraso egitea, Errusiak ohartarazi izan baitu aliatuen armekin bere lurrei eraso egiteak gatazka koska bat estutzea ekar dezakeela. Baina NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideentzat Krimea ez da, jada, marra gorri bat. Frantziak eta Erresuma Batuak ekoitzitako Storm Shadow misilak erabiltzen ari da han Ukraina, eta, AEBetako NBC telebistan Washingtongo iturriak aipatuz atzo esan zutenez, Etxe Zuriak irismen luzeko ATACMS misil batzuk emango dizkio Ukrainari; «kopuru txiki bat». 300 bat kilometroko irismena daukate; Storm Shadowek baino 60 bat kilometro gehiagokoa, alegia.

Krimeatik iparraldera, Zaporizhia eskualdean, kontraerasoan «aurrerapauso handiak» eman dituztela eta Verbove herriaren inguruan hala jarraitzen dutela esan zuen Ukrainako armadako komandante Oleksandr Tarnavskik AEBetako CNN telebista katean, atzo. «Ez gara ari espero genuen bezain azkar; ez, behintzat, Bigarren Mundu Gerrari buruzko filmetan bezala». Azpimarratu zuen erasoaren «gutxieneko helburua» dela Tokmak (Zaporizhia) kontrolpean hartzea, balio estrategikoa duelakoan Melitopol hiria berreskuratzeko ahaleginean. Ukrainaren lerroak urrun daude handik, baina helburua lortuko balu, hautsiko luke iazko otsailean inbasioa hasi eta pare bat hilabetera Errusiak Donbasstik Krimearaino egindako lurreko korridorea. «Ekimena ez galtzea da inportanteena», aldarrikatu zuen Tarnavskik.

Errusia, negoziatzeko prest

Mosku negoziatzeko prest dagoela baina «su eten bati buruzko proposamenik» ez duela aintzat hartuko esan zuen Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak atzo, NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian mintzatu ondorengo agerraldian. «Behin eseri ginen, eta engainatu egin gintuzten», gehitu zuen, gogoratuz iazko apirilean Ukrainako eta Errusiako ordezkaritzen arteko bilerak izan zirela. Atzo, Lavrovek Kievi leporatu zion gatazkaren alde egitea, Errusia «akitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.