Ukrainako krisi politikoa areagotu egin da, gobernu koalizioa deseginda

Hilabete gabe beste koalizio bat osatzen ez bada, Viktor Justxenko presidenteak bozak aurreratu ahal izango ditu

2008ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Urte bat baino gutxiago iraun du 2007ko irailaren 30eko hauteskundeen ostean Ukrainan eratu zengobernu koalizioak. Hil honen hasieran, Viktor Justxenko presidentearen alderdiak, Gure Ukrainak, iragarri zuen Julia Timotshenko lehen ministroaren blokearekin osatzen zuen koalizioa uzten zuela. Geroztik izan diren negoziazioek porrot eginda, koalizioaren etetea ofizialtzat eman zuen atzo Ukrainako Legebiltzarreko presidente Arseni Iatseniukek.

Adierazpen horren ondoren, 30 egun dituzte beste gobernu koalizio bat eratzeko. Horrelakorik lortuko ez balute Legebiltzarra desegiteko eta hauteskundeak aurreratzeko eskumena ematen dio Ukrainako Konstituzioak Viktor Justxenko presidenteari. Beste gobernu koalizio bat eratzeko negoziatzen duten bitartean, Julia Timotshenko lehen ministroak bere karguan jarraituko du.

Ukrainako indar politiko europazaleen arteko gobernu koalizioaren hausteak ez zuen inor ezustean harrapatu. Izan ere, Gure Ukrainak, Justxenko presidentearen alderdiak, Timotshenko lehen ministroaren inguruan osatutako blokearekin hitzartutako koalizioa uzten zuela iragarri zuen irailaren lehen egunetan. Timotshenkoren blokeak Viktor Janukovitx oposizioko buruaren Eskualdeetako Alderdiarekin batera Justxenko presidentearen botereak mugatuko dituzten lege batzuen alde bozkatu eta gero hartu zuen Gure Ukrainak erabaki hori.

Etengabeko hausturak

Eskualdeetako Alderdiak eskuratu zuen 2007ko irailaren 30ean egindako Legebiltzarrerako hauteskundeetan boto gehien, Timotshenkoren blokearen aurretik. Bi indar politiko horiek, bat eginda, gehiengoaren jabe dira Rada Nagusian,Ukrainako Legebiltzarrean. Horiek hala, Timotshenko Blokeak eta Eskualdeetako Alderdiak gobernu koalizioa eratzeko prest egoteak ez lituzkeela harrituko adierazi zuten atzo Gure Ukraina alderdiko ordezkariek. Janukovitxek, berriz, bozak berriro egitearen kontra agertu zen.

Timotshenko Blokeak eta Eskualdeetako Alderdiak Justxenko presidentearen botereak mugatzeko bat egin aurretik, beste liskar batek harrotu zituen exekutiboko bi buruenarteko hautsak; Errusiaren eta Georgiaren arteko gatazka izan zen orduan. Justxenkok Tbilisiren alde egin zuen eta Errusiaren erasoa gogor salatu. Timotshenko eta bere jarraitzaileak, aldiz, ez ziren Moskuren aurka jarri. Hori ikusita,Justxenkok bere lehen ministroaren «traizioa» salatu zuen; horrengatik auzibideetan jar zitekeela ere mehatxu egin zuen.Timotshenkok, azken batean, oniritzia azaldu zion Europako Batasunak Errusiari eta Georgiari onarrarazitako bake planari.

Justxenko presidentearen eta Timotshenko lehen ministroaren arteko lehia aspaldiko kontua da,2004ko azaroaneta abenduan gertatu zenIraultza Laranja garaian elkartu egin baziren ere. 2005eko urtarrilean, Justxenkok, presidente karguan sartu orduko, Timotshenko izendatu zuen lehen ministro jardunerako. Baina urte bereko irailean hautsi zen Estatuko buruaren eta Ukrainako lehen ministroaren arteko aliantza.2006ko martxoko hauteskundeen ostean, ordea, berriro osatu zuten Gure Ukrainak eta Timotshenkoren Blokeak koalizioa. Urte hartako uztailera arte baino ez zuen iraun. Ondorioz, Justxenkok ez zuen Janukovitx gobernuburu kargurako izendatzea beste aukerarik izan. Elkarbizitza gobernu honek 2007ko iraileko bozak egin ziren arte iraun zuen.

Koaliziorik ezin bada, bozak

Datozen egunetan izango diren negoziazioek baldintzatuko dute Legebiltzarreko hauteskundeak urte berean bi aldiz egingo diren edo ez. Bozak berriro egin beharko balira abenduaren 21ean gerta litezkeela aurreratu dute hainbat adituk.

Datozen egunetan akordioren bat eskuratuta ere, zaila ikusten dute adituek koalizio batek edo bestek luzaro irautea. Timotshenkoren eta Janukovitxen arteko aliantza osatuz gero, Errusia edo EB Europako Batasunaren alde jartzea aukeratu beharko luke. Eta hori arazoa izango litzateke. Jarduneko lehen ministroa europazalea da, eta aurrekoa, aldiz, Errusiaren jarraitzaile argia.

Bestalde, Justxenko eta Timotshenko artean berriz ere bakea egitea eta Gobernuan eskuz esku jarraitzea ezinezkotzat ikusten dute adituek. Gainera, bien arteko lehia areagotu egingo dela uste dute, 2010. urtean Ukrainan presidentetzarako hauteskundeak egitekoak direla kontuan izanda.

Etorkizun ezegonkorra

Atzoko gertakarien harira, Justxenkok adierazi zuen Ukrainak ez duela onartuko «atzerritik moldatutako gidoirik». Hitz horiekin Errusiaren esku sartzeari egin nahi izan zion erreferentzia argia. Bere aldetik, 2007ko irailako bozetan, laugarren geratu zen alderdiak, Alderdi Komunistak, Justxenkori kargua kentzeko prozesu bat abian jartzea proposatu zien Timotshenko Blokeari, Eskualdeetako Alderdiari eta Ukrainako Legebiltzarrean hautetsiak dituen bosgarren indar politikoari, Volodimir Litvine zentristaren blokeari. «Justxenko presidentea gaizkile hutsa da», azaldu zuen Ukrainako komunisten buruak, Piotr Simonenkok. Justxenko Ukrainako presidentea kargutik kentzeko, Legebiltzarreko 450 diputatuetatik 337k behar dute haren kontra egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.