Txinak otsail amaieran Ukrainako gatazka konponbidean jartzeko egitasmoa aurkeztu ostean, Asiako potentziako presidente Xi Jinpingek beste urrats bat egin du auzi horretan: Ukrainako estatuburu Volodimir Zelenskik martxoan egindako eskaera onartzea, elkarren artean hitz egiteko. Hain zuzen, Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuenetik hamalau hilabete bete diren honetan, Xik eta Zelenskik «luze» hitz egin dute telefonoz, eta, solasaldi «esanguratsu» horretan, besteak beste, agintari txinatarrak ukrainarrari esan dio Pekinek ordezkaritza «berezi bat» bidaliko duela Ukrainara, gatazkako bi aldeekin «elkarrizketa sakonak» izateko eta «krisi politikoari» irtenbide bat emateko, CCTV Txinako telebistak jasotakoaren arabera.
Mendebaldeak Xiri leporatu izan dio Errusiarekin lerratzea Ukrainako inbasioa hasi zenetik. Txinako estatuburua Kremlinen izan zen iragan martxoan, Errusiako presidente Vladimir Putinekin batzartzeko, eta, Xik Europara egindako bisita baliatuta, Kievek jakinari zuen Zelenskik harekin telefonoz hitz egin nahi zuela. Bada, itxaronaldi baten ostean, Zelenskik bete du bere nahia.
Bi buruzagien arteko elkarrizketan, buruzagi txinatarrak adierazi du «Ukrainako krisiaren bilakaera konplexuak» eragin handia izan duela nazioarteko egoeran, eta ziurtatu Asiako potentzia «bakearen alde» egon dela «beti». Bide horretan, Pekin «bultzatzen» ari da Moskuren eta Kieven artean elkarrizketa eratzeko, CCTV telebista kateak jakinarazi duenez.
Hori bai, Xik esan duenez, Txinak, «Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkor gisa», ez dio gatazkari «urrunetik» behatuko, eta «ez du sutara egur gehiago botako». Horiek horrela, Txinako presidenteak berretsi du negoziazioa dela «irtenbide bakarra». Pekinek otsailean gatazkaren konponbiderako kaleratutako dokumentuan jaso bezala, Xik «lasaitasuna eta moderazioa» eskatu dizkio haren homologoari, «gerra nuklear batean ez baitago irabazlerik».
Horrez gain, Xik azaldu duenez, «subiranotasuna eta lurralde osotasuna errespetatzea da» Pekinen eta Kieven arteko harremanen «oinarri politikoa», eta bi herrialdeen arteko tratuaren garapena «sustatzeko» borondatea helarazi dio.
Zelenski, baikor
Ukrainako presidentea, berriz, baikor azaldu da Xirekin izandako elkarrizketaren osteko adierazpenetan. Haren ustez, telefono dei horrek «bultzada handia» emango dio bi estatuen aldeko harremanen garapenari. Asiako hedabideen arabera, Zelenskik ziurtatu dio «begi onez» hartu duela Pekinek bakea lortzeko egindako ahalegina. Hori bai, Txinako estatuburuari gogorarazi dio bakeak nazioarteko zuzenbidean oinarrituta egon behar duela. «Horregatik, Ukrainaren lurralde osotasuna 1991ko mugetara lehengoratu behar da».
Kremlinek, berriz, txalotu egin du Pekinek Ukrainako gatazkaren konponbidean parte hartzeko azaldu duen jarrera. Errusiako Atzerri Ministerioko eledun Maria Zakharovak ohar batean nabarmendu duenez, Mosku «bat dator» Txinak otsailean kaleratutako bake proposamenarekin.
AEBek, berriz, ontzat jo dute Zelenskiren eta Xiren arteko telefono elkarrizketa, baina Etxe Zuriko iturriek esan dute oraindik «goiz» dela jakiteko solasaldi horrek bake proposamen esanguratsuren bat ekar dezakeen.
Gerra piztu zenetik, Mendebaldeak Errusiari ezarritako zigorren aurka, herrialdeen lurralde osotasuna —Ukraina barne— eta «alde guztien segurtasun kezkak» errespetatzearen alde azaldu da Txina. Pekinek Moskurekin dituen harreman onak direla eta, Mendebaldeak Asiako potentziari eskatu dio Errusian duen «eragina» erabil dezala gatazka geldiarazteko.
Kievek eta Moskuk laurogei bat preso trukatu dituzte
Errusiako eta Ukrainako agintariek jakinarazi dutenez, laurogei preso baino gehiago trukatzea adostu dute; hain zuzen, herrialde bakoitzak berrogei bat preso jasoko ditu. Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, Kievek askatutako militar errusiarrek «hiltzeko arriskua» zuten; orain, ordea, arreta psikologikoa eta laguntza medikoa jasotzeko moduan izango dira. Ukrainara, berriz, 44 preso joango dira; besteak beste, ofizialak, sarjentuak eta soldaduak. Horietatik zenbaitek salatu dute torturak jasan dituztela.