Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta Joe Biden AEBetakoa Etxe Zurian elkartu dira bart, aliatuen arteko giroa irudikatu duen bileran. Harreman onek ez dute ezkutatu, ordea, bi gobernuen arteko desadostasunak. Garrantzitsuena, Errusia eta Alemania lotuko dituen Nord Stream 2 gas hodiaren eraikuntza.
Biden Etxe Zurira heldu zenean, indargabetu egin zituen gas hodiaren eraikuntza lanetan ari den enpresaren kontrako zigor ekonomikoak, eta keinuak erraztu egin ditu auziari buruzko elkarrizketak, baina Alemaniaren eta AEBen interesak ez datoz bat. Bidenek «kezka» agertu du azpiegitura horrek Europaren eta, bereziki, Ukrainaren segurtasunerako ekar ditzakeen arriskuengatik. «Ezin dugu baimendu Errusiak energia erabiltzea bere bizilagunak hertsatzeko edo mehatxatzeko».
Ukrainaren eta Europa ekialdeko beste herrialde batzuen kezka da gas hodi berriak Ukraina zeharkatzen duen hodia baztertzeko aukera emango diola Errusiari. Moskuk uko egingo balio Ukrainatik igarotzen diren hodiak erabiltzeari, Kievek 2.000 milioi euro irabazteari utziko lioke.
Egoera horren aurrean, Europaren eta Ukrainaren segurtasuna bermatzeko «neurri bateratuak» aztertuko dituzte bi gobernuetako lantaldeek.
Merkelek ziurtatu du Nord Stream 2 ez dela Ukrainako gas hodiak ordezkatzeko proiektu bat, eta halako ondorio batek «tentsio handia» sortuko lukeela aitortu du.
Merkel izan da presidente estatubatuarrak kargua hartu duenetik Washingtonen hartu duen lehenengo agintari europarra, eta agur kutsua izan du bilkurak, Merkelek agintea utziko baitu iraileko bozen ostean. «Nik bezain ondo ezagutzen du Bulego Obala», esan du Bidenek. Alemaniako kantzilerra lau presidente estatubatuarrekin bildu da agintari arteko bileretan, boterean eman dituen 16 urteetan.