Ukrainari gerra abioiak emateko iritzia indartzen ari da AEBetan

Igor Susaeta.
2023ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Ukrainari F-16 gerra hegazkinak emateaz eztabaidatzen ari direla nabarmendu zuen herenegun NBE Nazio Batuen Erakundean AEBek duten enbaxadore Linda Thomas-Greenfieldek. «Ukrainarrekin lanean ari gara jakiteko zer behar duten eta noizko behar duten», adierazi zuen, CNN telebista katean egindako elkarrizketa batean.

Aintzat hartu behar da Joe Biden Etxe Zuriko maizterrak urtarril amaieran esan zuela aukera hori ez zegoela mahai gainean, eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra ere iritzi berekoa dela. Baina NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek atea ireki zion aukera horri joan den astean: «Ukrainari emandako laguntza moldea aldatu eta garatu egin da denborarekin. Eta aldatuz eta garatuz jarraituko du gerra hau garatu ahala».

Gainera, AEBetako armadako jeneral Christoph Cavoliren iritziz, Ukrainari gerra hegazkinak eta irismen luzeko misilak ematea lagungarria izan daiteke Kieventzat. Politico hedabidearen arabera, AEBek Europan duten buruzagi militar gorenak hori azaldu zien, bilera batean, AEBetako Kongresuko dozena bat inguru kideri, joan den ostiralean. Komunikabide horrek berak kaleratu du, bide batez, Ordezkarien Ganberako bost diputatuk— bai errepublikanoak, baita demokratak ere— Bideni eskatu diotela gerra hegazkinak emateko Ukrainari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.