Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak hutsik nahi du Istanbulgo Taksim plaza, eta lehenbailehen bada, hobe. Horregatik, ultimatuma eman die plaza horretan eta ondoko Gezi parkean hamasei egunez kanpatuta egon diren manifestariei: «Amaitu zaigu pazientzia. Gezi parkea hustu behar duzue. Zuen eskaerak egin dituzue jada, baina legez kanpoko erakundeetako ordezkariak daude zuen artean, eta ez dira zintzoak. Ez zaitezte haien tranpan erori. Zoazte behingoz. Hau duzue azken abisua».
Gobernuko AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiko ordezkariekin Ankaran egindako bilera batean egin zituen adierazpen horiek, atzo. Ordurako, alta, 24 orduko epean protestak errotik erauzteko agindua emana zion Barne Ministerioari, CNNTurk telebista katearen arabera. Atzerako kontua amaitu da jada.
Geziko manifestari gazteen gurasoei ere mintzo zaie Erdogan: «Seme-alabak eskutik heldu eta parketik atera ditzatela eskatu nahi diet. Ezin dugu gehiago itxaron, Gezi parkea ez delako okupatzaileena, herriarena baizik». Manifestari eta ekintzaileen arabera, zatiketa eragin nahi du lehen ministroak Taksim plazan dauden lagunen artean, eta horretarako, bi multzotan banatzen ditu manifestariak: «ekologista zintzoak», batetik, eta «terroristak», bestetik. «Ekologistek hobe lukete handik alde egin. Utz ditzatela muturreko ekintzaileak eta terroristak Poliziarekin bakarrik. Gezi garbituko genuke horrela, espazioa herriari itzultzeko», gaineratu du Erdoganek.
Lehen ministroaren diskurtsoan etengabeak dira herriari eta nazioari aipamenak. Istanbulgo Taksim plaza eta Gezi parkea «herritar guztiona» direla eta hori bermatzeko modu bakarra asteazkenean iragarritako erreferenduma egitea dela dio: «Gezi parkean Istanbulgo hiritarrek nahi dutena egiteko konpromisoa hartu dugu». Protestak eragin dituen hirigintza proiektuaren gaineko galdeketa hori, alta, ez da bete beharrekoa izanen, eta hautsak harrotu ditu manifestarien artean.
Bilera ekintzaileekin
Erreferendumaren gaia egonen da, hain zuzen, datozen egunetan Erdogan eta Taksimgo protestariak egitekoak diren bileraren oinarrian. Inork espero ez zuen garaian heldu da negoziazioa: azken egunetako diskurtso gogorren ostean. Oraingo honetan, gainera, Taksim Elkartasuna plataformako kideekin ere hitz egiteko prest agertu da lehen ministroa. Plataformako ordezkariek beraiek zabaldu zuten berria atzo. «Espero ez genuen norabidea hartu du egoerak. Artista eta intelektualen ordezkaritza batekin batera, Taksim Elkartasuna taldeko ordezkariak lehen ministroaren etxebizitzara joango gara, Ankarara, negoziazioan parte hartzera», azaldu zuten, sare sozialetan turkieraz eta ingelesez zabaldutako mezu baten bidez. Plataformako ekintzaileen artean, KESK sindikatuko kide bat ere parte hartzekoa zen bart gauean egitekoa zuten bileran.
Dena den, gauza bat da Erdoganekin bilera egitea, eta oso bestelako bat haren erreferendum proposamena onartzea. Taksim Elkartasuna plataformak gogor kritikatu du lehen ministroaren plana. «Ezezkoa eman diogu Erdoganen erreferendumari. Poliziaren jazarpenarengatik egiten dugu protesta, eta hori ez da oraindik amaitu. Ez dugu kanpalekua husteko inolako asmorik», adierazi zuen atzo plataformak, ohar batean.
Plataformako kide Tayfun Kahramanek, berriz, agerian utzi nahi izan zuen erreferendum bat egitea «zentzugabekeria» dela. «Gezi parkeko lanak eteteko agindua eman dute jada epaileek; beraz, ez du zentzurik orain erreferenduma egitea horren inguruan. Bestalde, legez kanpokoa da, erreferendumak konstituzioari buruzko gaietan soilik egin baitaitezke», adierazi zion BBC telebista kateari.
Manifestariak eta ekintzaile ekologistak ez dira, alta, Erdoganek planteatutako erreferendumarekin kritiko agertu diren bakarrak. Turkiako Estatu Kontseiluko presidente Huseyin Karakullukcuk atzo esan zuen erreferendumaren emaitza edozein dela ere ezin izanen dela kontraesanean egon Turkiako Justiziak ebazten duenarekin. «Niretzat, hau ez da erreferendum bat, herritarren eskaerei erantzun bat eman nahian antolatutako bozketa bat baizik. Ezinen dio kontra egin epaileen erabakiari. Magistratuen epaiekiko errespetua ezinbestekoa da zuzenbide estatu batean», gaineratu zuen.
Europako Parlamentua izan da Erdoganen aurka hitz egiten azkena. Turkian «banaketa bultzatzea» eta «indarkeria neurrigabe erabiltzea» leporatu dio parlamentuak lehen ministroari.
Ultimatuma Geziko protestariei
Pazientzia amaitu zaiola esan du Turkiako lehen ministroak, baina Taksim Elkartasuna taldearekin bildu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu