Alemania

Ultraeskuindarrak kalera Saxonian, hirugarren egunez jarraian

Kaleak hartzen ari dira neonaziak Alemaniako estatu horretan. Igande goizaldean izandako lixkar batean, 35 urteko gizonezko bat hil zuten, eta horrek xenofobiaren eztanda eragin du. Polizia hamar lagun ikertzen ari da nazien agurra egiteagatik.

Neonaziak, atzo. FILIP SINGER, EFE
2018ko abuztuaren 28a
07:22
Entzun

Gaur hirugarrenez aterako dira kalera ultraeskuindarrak Alemanian. Giroa gaiztotzen ari zen, eta eztanda egin zuen igande goizaldean. Argi ez dauden gertaera batzuetan, 35 urteko alemaniar bat —jatorri kubatarrekoa— hil zuten, eta neonaziak kalera atera ziren. Zortziehun bat elkartu ziren lehen kolpean, "migranteak ehizatzera". Bi egunez Chemnitzen manifestatu ostean, gaur Dresde hirian elkartuko dira, Saxoniako hiriburuan.

Igande goizaldean zer gertatu zen ez dago argi, baina, iturri batzuek diote ezen, festa baten ondoren, hainbat jatorritako hamar bat gizonezkok eztabaida izan zutela, eta kubatar jatorriko alemaniar bat hil zutela. Horren ondoren, sare sozialetan dei egin zuten neonaziek "kaleak garbitzeko" eta han "nork agintzen duen erakusteko" kalera ateratzeko.

Atzo, Karl Marx plazan elkartu ziren neonaziak manifestazioa abiatzeko, eta, toki berean, xenofobiaren kontrako elkarretaratzea ere egin zuten mila bat lagunek. Tentsio handiko uneak izan ziren, batzuen eta besteek oihuekin, eta polizia andana batek hartu zuen parte bi taldeak bereizita edukitzeko.

 

Nolanahi ere, sei lagun zauritu ziren, eta Polizia hamar lagun ikertzen ari da, Hitlerrek erabiltzen zuen agurra eta beste sinbolo nazi batzuk baliatu zituztelakoan. Berri agentzien arabera, 2.000 inguru ziren neonazien taldean, eta haien erdiak xenofobiaren kontra elkartu zirenen artean.

Steffen Seibert Alemaniako Gobernuko bozeramaileak ohartarazi du zer gertatu den ikertzea Poliziari bakarrik dagokiola. Hain justu atzo, bi lagun atxilotu zituzten hilketa egotzita —Siriako jatorria duen bat eta Irakekoa duen beste bat—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.