Unionistak, Irlanda batuaren beldur

JUANMA SARASOLA - PORTADOWN
BERRIE
2003ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
gandea. Izpien kilimek antsigarra urtua dute eguzkiak goia jo duenerako. Belfasteko karriketan giroa hotza da, Portadownen bezalatsu. Trenez 45 minutura geratzen da hiria, hego-mendebaldera. Eguzkiak oraina argitzen ahal du; ez, ordea, iragan beltza. Portadown (Port an Duin, gaelikoz) Murder Triangle edo Hilketen Triangelua deitzen den eremuan dago, ondoko Craigavon eta Lurgan hiriekin batera. Hilketa loialisten atzean politikari tartean UUP Ulsterko Alderdi Unionistako buru David Trimble eta enpresaburu batzuek osatutako batzorde sekretu bat dagoela salatzen duen Sean McPhilemyren The Committee liburuak honela definitzen du Hilketen Triangelua: «UDR Ulsterko Defentsa Erregimentuko eta RUC Poliziako dozenaka kide protestante hil ditu IRAk eta paramilitar loialistek zibil katoliko ugari torturatu eta hil dituzte eremuan». Irlanda iparraldeko gatazkako gertaera sektario eta lazgarri franko ikusiak dituzte Portadowngo kaleek. Baina 30.000 biztanle inguru dituen hiri honetan, eguzki errainuek nola, halaxe argitu nahi du geroa askoren itxaropenak.

Patek egunkari eta elikagai denda dauka erdigunean, baina gehienbat eremu protestantea dirudien kale batean. «Denda gehienbat protestantea den eremuan dut, baina ez dut inoiz arazorik izan haiekin; bizilagun bikainak dira, ondo moldatzen naiz, baita bezeroekin ere. Istiluak izan direnean, gutaz kezkatu dira gure bizilagunak». Michelle ere katolikoa da eta erdigunean egiten du lan, arropa denda batean. Berak ere ez du arazorik bizilagun protestanteekin. «Lanean eta kalean aurkitzen ditut eta ez dut sekula arazorik izan». Antonio portugaldarra da, eta auzo protestante batean bizi da. Bizilagunek, oro har, ondo hartu dutela dio. «Halere, ez diet esan katolikoa naizela. Politikaz eta erlijioaz deus jakin nahi ez dudala adierazi diet, badaezpada ere, arazorik ez izateko. Egia esateko, ez zait buruan sartzen askok hemen erakusten duten sektakeria. Gauza garrantzitsuagoak daude, hala nola langileon egoera txarra, soldata txikiak-eta konpontzea». Brownstown auzo protestantean LVF Boluntario Loialisten Indarra eta UVF Ulsterko Boluntarioen Indarra erakunde paramilitarren pintada franko daude, argindar mastetako eta espaloietako kolore urdin, zuri eta gorriekin tartekatuta. Kanpotarra mesfidati hartzen dute, etakalean ez diete kazetariaren galderei erantzun nahi izan. Erdigunean ere askok ezetza eman edota aitzakiak jarri dituzte iritzia ez ematearren. «Presaka nabil», «nahiago dut ez erantzun», «ez zait politika interesatzen», «ez dut bozkatzeko inongo asmorik»... eta horien gisakoak esan dituzte; hori bai, modu onean.

Bozetarako lehia bizia

Sammyk bi esaldi besterik ez ditu bota hauteskundeez galdetu diogunean: «UUPk irabaziko duela uste dut. Baina niri ez dit gehiegi axola nork irabazten duen; Irlanda batura eramaten ez gaituzten bitartean, ondo».

Heldu den asteazkeneko hauteskundeez mintzo, Patek dio lehia bizia izango dela: «Uste dut Sinn Fein eta SDLP hortxe-hortxe ibiliko direla boto nazionalista gehiena eskuratzeko. UUPren eta DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren artean ere oso berdinduta geratuko da lehia. Hortaz, litekeena da hung parliament bat izatea [gobernuko eta oposizioko alderdiak oso berdinduta daudenean eta alderdi txikiago batek gobernatzeko giltza duenean]». Michellek nahi bai, baina ezingo du bozkatu. «Oraindik ez ditut 18 urte bete». Dena dela, bozetan esku hartuko ez duen arren, politikariek bake prozesua bideratzea espero duela nabarmendu du. Pat: «Bozen ondoren uste dut DUP eseri eta negoziatzen hasiko dela, agian Sinn Feinekin zuzenean ez, bitartekariekin baizik. Nolabaiteko akordio bat lortuko dela uste dut. Stormonteko Legebiltzarra ibili bazebilen, eta alderdiak elkarlanean ari ziren; sistemak funtzionatzen zuelako kontent ziruditen alderdiek. Bestalde, Londresek eta Dublinek zeresana badute Irlandako iparraldeko aferetan». Trimble Portadown barne hartzen duen Upper Bann barrutiko diputatua eta egun hautagaia da. DUPek berriki aupegiratu zion ez zela bere barrutian kanpaina egiten ari. UUPko buruak hori ukatu eta eskuko lau behatz erakutsi zizkien DUPeko kideei, lau bider izana zela adieraziz. Bien bitartean, UUPko diputatu Reg Empeyk igandean esan zuen DUP Ostiral Santuko Akordioaz «aprobetxatzen» ari dela, «hari batere ekarpenik egin gabe». Bake prozesuan urrunegi joatearen beldur dira DUPekoak eta UUPko zenbait sektore eta Dublingo gobernuak ahalik eta esku-hartze txikiena izatea nahi dute. Eileen katolikoa da, eta Obiens Streeten bizi da, eremu katoliko nagusiak eta hiriko erdigunea banatzen dituen trenbidearen bestaldean, martxa orangisten garaian istilu gune izaten den The Tunneltrenbidearen azpiko pasabidea ospetsua igarota. Akordioaren kontra dagoen UUPko hautagai Jeffrey Donaldsonengatik galdetu diogu, baina ez du haren izena ezagutzen. «Donaldson? Ez dakit zein den. Nik argi daukat: Sinn Feini emango diot botoa, eta SDLP gaindituko duela espero dut».Ideologiak eta komunitateak ondo bereizten ditu 40 bat urteko emakume horrek: «Ez pentsa protestanteekin gaizki moldatzen naizenik. Lanean hainbat protestante ditut lankide, eta ez dugu arazorik. Dena den, katolikook klaserik baxuena osatzen dugu hemen. Hauteskundeen ondoren Ostiral Santuko Akordioa osoki garatzea espero dut». Kexu da katolikoak oraindik diskriminatuta daudelako. «Hemen dugun arazo nagusia esango dizut: gure umeek ezin dute tunela igaro beste auzoetara joateko, arazoak izan baititzakete. Katolikook oraindik diskriminatuta gaude». Stormonteko gobernuak diskriminazioa bukatzeko batzorde bat eratu zuen, baina, Eileenen aburuz, «lan asko» du egiteko.

-

MARTXA ORANGISTAK



Mugez gaindi, auzo katolikotik



Behiala ugariagoak ziren hilketengatik ez ezik, Portadownek beste arrazoi batengatik ere erakarri du komunikabideen arreta, hain juxtu, martxa orangisten inguruko istiluengatik. Urtean ehunka martxa egiten dituzte logia orangistek hainbat herri eta hiritan. Baina Portadown hiri ondoko Drumcree elizaraino egiten denak sona handia hartu du. Paraden Batzordeak gehienetan desfile orangista Garvaghy Road auzo katolikotik pasatzea ebatzi du, eta auzotarren protestak loialisten erasoak eta Poliziarenak ere izan ditu erantzun gisa. Drumcreetik itzulera errepide nazionalistatik egitea oztopatzeko Erresuma Batuko Armadak soldaduak hedatu eta hesi metalikoak zein «alanbradak» ezarri ditu azken urteotan. «Gune katolikoetatik igarotzeko bizilagunekin negoziatu behar dute», adierazi du Pat katolikoak.

Erdigunetik Drumcreera joan-etorria egitea paseo ederra da egun eguzkitsu batean. Zorteko gaude eta ez du tantorik bota. Eliza urbanizazioak bukatzen diren lekutik oso gertu dago, larrez betetako muinoetako batean, bakarti, ondoko bi eraikinengatik ez balitz. Bertatik ez da hiria ikusten eta bakea eta isiltasuna dira nagusi. Uztailaren hasieran urtero urratzen den bakea eta isiltasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.