MUNDUA

Ur erradioaktiboa isurtzen duen beste arrakala bat topatu dute Fukushiman

Ostegunean ohartu ziren isuriaz, zentral nuklearra kudeatzen duen Tepco enpresak jakinarazi duenez. 

2013ko abuztuaren 28a
14:04
Entzun

Fukushima-1 zentral nuklearretik ur toxikoa itsasoratzen duen beste arrakala bat topatu dute, Tepcok gaur jakinarazi duenez. Zentral nuklearra kudeatzen duen enpresak iragan astean azaldu zuen arrakala ugari zituela zentralak eta ur kutsatuak ihes egiten zuela horietatik.

Atzo eman zuen Tepcok isuri horiek eteteko neurrien berri, baina gaur esan du konpainiak beste arrakala bat aurkitu dutela. Aurreko isuriak gertatu ziren biltegi bereko beste leku batetik ihes egin du ur erradioaktiboak; 16 milisieverteko erradiazio maila antzeman zuten bertan.

Azken isuria ikertzen ari dela esan du Tepcok, baina ohartarazi du asteak emango dituela lan horretan. Lehen azterketen arabera, pieza batzuen eta biltegiaren materialaren korrosioak eragin du arrakala.

2011ko martxoaren 11n gertatu zen hondamendi nuklearra Fukushiman: Richter eskalan 9 graduko lurrikara batek astindu zuen kostako eskualdea, eta tsunamia eragin. Japoniako geografiagatik, dardara jasateko prestatuta zegoen Fukushimako zentral nuklearra, baina ez olatuari eusteko. Erreaktoreak gelditu zituzten, baina ezin izan zuten tenperatura garaiz jaitsi, eta hiru erreaktore urtu egin ziren, eta ingurura erradiazioa hedatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.