Noos auzia

Urdangarin aske utzi du epaimahaiak, batere bermerik jarri gabe

Barmepean utzi nahi zuen aske Fiskaltzak, baina epaimahaiak ez du beharrekoa ikusi bermea jartzea. Hala, hilero sinatzera joateko baldintzarekin aske egongo da, Auzitegi Gorenak helegiteei buruz erabaki bitartean.

Urdangarin, gaur, Auzitegitik ateratzen. ATIENZA, EFE
2017ko otsailaren 23a
11:13
Entzun 00:00:0000:00:00

Sei urte eta hiru hilabeteko zigorra jarri zion Iñaki Urdangarini Balearretako Auzitegiak. Noos auzian zigortu zuten, baina, helegiteei buruz erabaki bitartean ez dute espetxeratuko. Hala erabaki du epaimahaiak, uste duelako ez dagoela Urdangarinek ihes egiteko arriskurik.

200.000 euroko bermea jartzeko eskatu dio Fiskaltzak epaileari, baina hark ez du beharrezko ikusi. Suitzan bizi da Urdangarin, eta han bertan hilaren lehen egunetan sinatzeko baldintza besterik ez dio jarri. Oporretara joan behar badu eta etxez aldatu behar badu, jakinaren gainean jarri beharko du epaimahaia.

Diego Torres ere aske utzi dute. Hari pasaportea erretiratu diote, eta Espainiatik ateratzeko debekua jarri diote. 8 urte eta sei hilabeteko zigorra jarri zioten Torresi, korrupzio delituengatik.

Espainiako errege Felipe VI.aren arreba Cristina Borboikoa absolbitu egin zuen Balearretako Auzitegi Nagusiak —265.088 euroko isuna jarri diote, iruzur fiskalagatik—, eta haren senar Iñaki Urdangarin zumarragarrari sei urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra jarri zion prebarikazioagatik, iruzurragatik, eraginen trafikoagatik eta Ogasun Publikoaren kontrako bi deliturengatik —hemeretzi urte eta erdiko zigorra eskatu zuen fiskalak—. Hamazazpi pertsona epaitu zituzten, horien artean Urdangarinen bazkide Diego Torres —zortzi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra—, eta Jaume Matas Balearretako presidente ohia —hiru urte eta zortzi hilabetekoa—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.