Gaur urtebete Mexikoko Golkoan British Petroleum enpresak isuritako marea izugarrienagatik barkatzeko eskatu zien Tony Hayward-ek, enpresako arduradun gorenak, AEBetako herritarrei, eta, modu horretara, aurpegia jarri zion ozeanoko hondamendi beltzenaren errudunari. Ez zuela inoiz gertatu behar, eta erantzukizuna bere gain hartu ostean, burumakur irudikatu zuen agurra. Urtean 715.000 euro jasoko ditu joateagatik; alegia, 2.000 euro egunean.Horrez gainera, milioi bat euro baino gehiago ere bai, urtebeteko soldataren ordaina. Baina, gainera, leku bat egin diote TNK-BP Errusiako petrolio enpresako zuzendaritzan. BPk%50eko parte hartzea dauka han.
Delitu ekologikoengatik zigorra hori bada, pentsatzekoa da enpresa boteretsuei bidegabeki hondamendiak eragitea merkeago ateratzen zaiela gerta ez daitezen neurriak hartzea baino. BPren isuria produkzioa merkatzearren segurtasun neurrietan ez inbertitzeagatik izan zela frogatuta geratu baita. Gainera, petrolioa etengabe igotzen ari denez, kalteen zuloa aise beteta daukate erabiltzaileek ordaintzen dituzten zergekin.
Eta litekeena da horrelako gehiago izatea, isuriak saihesteko neurriak ez direlako eraginkorrak. Iazko apirilaren 20an gertatutakoari emandako erantzuna ikusita, behintzat, hori ondoriozta daiteke. Deepwater Horizon plataformako leherketaren ondorioz, 4,9 milioi upelen petrolio findugabea isuri ziren itsasora, eta AEBetako kostaldeko urak ito zituen. 11 pertsona hil ziren.
Gaur, oraindik ere, Barack Obamaren administrazioak ekosistema leheneratzeko lanean jarraitzen du, eta oraindik ere herritarrei ezinegona sortzen dieBPren inguruko albisteak entzuteak. AEBetako presidentearen batzordeak urte hasieran kaleratu zuen ikerketa ofizialean, baieztatu zuten BPren kontratak, Halliburtonek, aldez aurretik bazekiela ez zela egonkorra putzuaren sakonean erabilitako porlana.Kostuak jaisteko erabaki sistematikoak hartu zituzten, denbora eta dirua aurrezteko prozesuak, eta txostena egin zutenek ondorioztatu zuten ingurumena bigarren mailan jarri zutela.
Datu hori irregulartasun askoren zerrendaren hasiera da. BP eta Halliburton erraldoien arteko akusazioak ere entzutetsuak izan dira ikuskizun beraren barruan. BPk munduko petrolio negozioaren herena dauka, eta Halliburton garai batean Bushen presidenteorde Dick Cheneyk zuzendutakoa da, Iraken kontratu polemikoa lortutakoa hori bera.
Auzia itxi nahia
Urtebetera, bukatutzat jo ditu BP petrolio enpresak Alabamako garbiketa lanak. Han izan dira lanean 1.300 pertsona eta 320 makina handi 80 kilometroko kostaldea garbitzen, eta hemendik aurrera enpresak zaintza lanak besterik ez du egingo, orbanak agertzen ote diren, lehenbailehen kendu ahal izateko. Floridan, Mississippin eta Lousianan laneanjarraitzen dute, baina han ere BPk ziurtatu du turismora begira dauden hondartzak garbiak daudela. Ezbeharra izanez gero petrolioa ustiatzeko baimenak geldirik egon dira, eta lanak amaitu dituztela esan bezain laster, AEBetako Gobernuak kaltetutako kostaldeetatik gertu lanean jarraitzeko baimena eman die hainbat enpresari, kaltea eragindakoak tartean. Auzia ixteko modua hori izan dute.
Obamaren taldeak ziurtatu duenez, golkoa bere onera etorriko da ia datorren urterako, baina hainbat ikerketak ez du gauza bera esaten. Georgiako Unibertsitateak aurkeztu berri duen txostenak azaltzen duenez —itota ageri diren animalien argazkiak gehitu dituzte—, petrolio findugabea barreiatzen ari da espero bezala, eta, horrez gain, plataformaren alde batzuetako faunan eta floran triskantza egiten ari da. DISL Dauphin Island Sea Laben ikerketan, berriz, nabarmendu dute petrolioa bazka bilakatu dela, lur azpiko bakterioek hartutakoa itsas faunaren espezie batzuenganaino heldu delako.
Petrolioa sakabanatzeko, bi milioi litro produktu kimiko erabili dira, eta 1.600 metro sakonera jaurti dituzte, lehertu zen putzuaren inguruan. Massachusettsko Woods Hole institutu ozeanografikoaren bi hilez behingo azken txostenak esaten du —otsailekoada— produktu kimikoek inguruan jarraitzen dutela eta azaleko kutsadura saihestu badute ere petrolio asko hondora bidalarazi dutela eta horrek kalte gehiago egiten duela azalean geratu izan balitz baino.
Isuriaren inguruan, gainera, hilda agertzen diren animalien kopurua ezohikoa da oraindik. Urte hasierako bi hilabeteetanLousianan, Alabaman eta Mississippin, 28 izurde aurkitu dituzte hilda, eta golkoko uretan gehiago. Ekologistak esaten ari dira isuriaren ondorio direla, eta laginak jaso dituzte frogatu ahal izateko.
Kostaldeko industriak bere onera itzuliko diren ere ez daki inork, arrantza eta turismoa bereziki. Zailtasun handienetakoa da etorkizuneko galera ekonomikoak neurtzea. Kaltetutako biztanleek uste dute BPk kalte-ordainetarako sortutako erakundea enpresaren interesen alde ari dela eta biktimak direnekiko konpromisoa saihestu nahian dabilela. 170.000 pertsonak jaso dute ordaina, Etxe Zuriak emandako datuen arabera, eta 130.000ren eskaerak bertan behera geratu dira nahikoa frogarik aurkeztu ez dutela eta. 8.000 kasuren atzean iruzurra dagoela uste dute.
Ekologistek hondamendiaren benetako ondorioak jakiterik ez dagoela salatzen duten bitartean, AEBetako Gobernua hasi da ustiatzeko baimenak ematen. Ingurumenaren azterketatik salbuetsita, segurtasun neurriak betetzen dituztela erakustearekin bakarrik berreskuratu dute duela urtebete eten zitzaien baimena. Noble Energy izan da baimena berreskuratzen lehena. Noblek golkoan ustiatzen duen putzuaren beste jabea BP bera da.
Petrolio plataformak diru sarreren iturri sendoa dira AEBetako administrazioarentzat. Obamak enpresei baimena luze atzeratzeko ahalegina egin zuen, baina Lousianako, Texasko, Mississippiko eta Alabamako gobernuek —errepublikanoak denak— eta Ordezkarien Ganberak erabaki dute baimenak emateko prozesua abiatu behar zela.
Protestak
Joan den astean egin zuen BPk akziodunen lehen bilera hondamendiaz gero, Londresen, eta han protesta egin zuten kaltetuek eta ekologistek, baina segurtasun neurri gogorrak jarri zituzten bazkideen lana ez oztopatzeko.
Esku artean zituzten gaietako bat TNK-BPk Rosneft errusiarrarekin egitekoa duen hitzarmena izan zen. Maiatzaren 16ra arte atzeratu dute Artikoan egitekoak dituzten ustiaketa handien planak, Estockholmeko epaitegi batek akordioaren alde gatazkatsuak ikertu arte. Tony Hayward, golkoko hondamendiaren erantzukizuna hartu zuena, ez da urruti ibiliko, itsasoa bezain zabalak direlako bidegabekeriarako zirrikituak.
Urte beltza Mexikoko Golkoan
Gaur urtebete, AEBetan inoiz izan den isuririk kaltegarriena egin zuen BP petrolio enpresak, segurtasun neurrietan behar beste ez inbertitzeagatik; urtebetera, lekuan bertan ustiatzeko baimena lortu berri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu