2017ko azaroaren 13an atera zen ARA San Juan itsaspekoa Argentina hegoaldeko Ushuaia hiritik, iparralderantz, Mar de Platara iristeko. 44 marinel zihoazen barruan. Bi egun geroago, arazo mekaniko baten berri eman zuen, eta armadaren itsaspekoen buruzagitzak Mar de Platara joateko agindu zion. Ez zen ezer gehiago jakin, atzo gauera arte.
Ocean Infinity AEBetako enpresak jakinarazi zuen itsaspean 907 metroko sakoneran aurkitu zuela ontzia, kostatik 500 kilometrotara. Iazko abenduaren 1ean Defentsa Ministerioak adierazi zuen inor bizirik aurkitzeko aukerak agortu zirela, eta handik hiru egunera armadak esan zuen "agian" ez zela inoiz jakingo zer gertatu zen.
Argentinako Gobernuak duela bi hilabete eman zion Ocean Infinityri bilaketa lanak egiteko ardura. ARA San Juan-ek azken deia egin zuen eremu berean aurkitu du, duela urtebeteko erreskate lanak egin zituzten lekuan. "Ontzi horiek guztiak toki horretan zentratu ziren, ez zegoelako zalantzarik", adierazi du gaur Oscar Aguad Defentsa ministroak, Buenos Airesen egin duen prentsaurrekoan. "Ontzi horiek denak pasatu ziren, eta ezin izan zuten atzeman". Jose Luis Villan armadako komandanteak, berriz, berretsi du itsaspekoak barne leherketa bat jasan zuela.
Ateratzeko lanak
Ontzia aurkitu duten arren, orain ez dago argi zer gertatuko den. Aguadek esan duenez, lehenik eta behin istripua ikertzen ari den epaileak baimendu behar du itsaspekoa ateratzea. Ondoren, "arazo teknikoa" dago: "Esanen nuke ezetz, ez daukagula [urpetik ateratzeko] baliabiderik". Defentsa ministroak esan du Argentinako Estatuak ez zituela ezta itsas hondoraino jaisteko baliabideak.
Mauricio Macri presidenteak dolu egun nazionala dekretatuko du.
2003az geroztik itsaspeko batek jasan duen istripurik handiena da ARA San Juan-ena. 2003ko maiatzean 70 marinel hil ziren Changshan uharteetatik gertu izandako istripuan, Itsaso Horian.