Urteurrena italiar erara

Berlusconiren aurkako txistuak eta Lega Norden boikota, Italiaren batasunaren 150. urteurrenean

Iker Aranburu.
2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Gobernuburua akusatuen aulkian, klase politikoa etengabeko borroka antzuan, ekonomia pattalalditik irten ezinik, estatua goraino zorpetuta eta iparralde aberatsaren eta hegoalde pobrearen arteko bereizketa inoiz bezain sendoa. Giro nahasi eta hain italiar horretan ospatu dute italiarrek beren batasunaren 150. urteurrena.

Herrialdean dauden tentsio handien lekuko, zenbait istilu ere izan dira: Lega Nordeko hautetsiek hainbat ekitaldi boikotatu dituzte, eta Silvio Berlusconi gobernuburuak txistuka hartu duteleku guztietan. «Dimisioa eman! Dimisioa eman!», «bunga, bunga!» oihuak entzun ditu goizean Erromako museo batean, eta txistuak eliza batean.

Lehen ministroak, ordea, isiltasunarekin erantzun behar izan dio Lega Norden jarrera probokatzaileari, haren beharra baitu aulkiari eusteko. Umberto Bossiren taldekideek Lombardiako eta Emilia Romagnako batzarrak utzi zituzten ospakizunen harira Italiaren ereserkia jotzen ari zirela. Atzo, Lega Nordeko bost diputatu eta senatari —haien artean Bossi— baizik ezin ziren azaldu Parlamentuan egindako ekitaldi ofizial nagusian, eta ez zioten txalo egin Giorgio Napolitano Errepublikako presidentearen hitzaldiari. Napolitanok ez zion garrantzirik eman nahi izan Lega Norden jarrerari —«ez ditut zenbatu»—, eta federalismoaren onurak onartuta ere, batasuna aldarrikatu zuen: «Arrakasta izango dugu, baina baldintza batekin: batasun nazionalaren lotura indartsuak berreskuratzea, alderdikerietan disolbatu gabe». Bossik «hitzaldia ona izan da», esanez erantzun dio.

Arazoak arazo, italiar gehienak nahiko harro daude beren herrialdeaz eta iritzi ona daukate beren 150 urteko historia komunari buruz. La Repubblica egunkariak kaleratu duen inkesta baten arabera, herritarren %89k ontzat jo du Italiaren batasuna, eta %7k soilik uste du txarra izan dela. Batasunaren aldekoen kopurua pixka bat handiagoa da hegoaldean iparraldean baino, baina alde txikiarekin. Padania edo iparraldearen bereizketa edo autonomia handiagoa eskatzen duen Lega Norden hautesleen artean ere, %70ek iritzi ona dute batasunari buruz.

«Ospatzeko ezer ez»

XIX. mendean Italia osatzen zuten erresuma eta estatuen batasun prozesua luzea 1850eko hamarkadaren amaieran bizkortu zen, Piamonteko erregeak bultzatuta. 1861eko martxoaren 17an, Italiako Erresumako legebiltzarra lehen aldiz bildu zen eta Saboiako Vitorio Emmanuelle II.a hautatu zuten Italiako errege. 1870ra arte independentziari eutsi zioten aita santuaren menpeko lurraldeek. Gaur egun Italia osatzen duten beste hainbat lurralde —Trentino, Trieste eta Hego Tirol— 1918an batu zitzaizkion, Inperio Austriar-Hungariarrak aliatuen aurka I. Mundu Gerra galdu ondoren. Dalmaziako hiri batzuk eta Istria, ordea, Jugoslaviaren menpe utzi behar izan zituen II. Mundu Gerra bukatzean.

Hego Tirol da Italiaren batasuna gehien zalantzan jartzen duen lurraldea. Hango presidente Luis Burnwalderrek «ospatzeko ezer ez» dagoela adierazi berri du. Haren alderdi SVPk ez du orain independentzia eskatzen, baina «injustizia historikotzat» jotzen du Hego Tirol Italiari batu izana 1918an. 2008ko probintziako hauteskundeetan %48 lortu zituen SVPk, %14,3 Die Freiheitlichen eskuindar autonomistak, %30 alderdi italiarrek eta gainontzekoa independentzia argi eta garbi eskatzen duten STFk (%4,9) eta UFSk (%2,3).

Independentismoak jarraitzaile gutxiago ditu Sardinian eta Aosta Haranean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.