Barne Desplazamenduen Behatokia (IDMC) GKE gobernuz kanpoko erakundeak urteroko txostena kaleratu du gaur, eta datuak ez dira hobetu iaztik: 2024. urtearen bukaeran 83,4 milioi barne desplazatu zenbatu zituzten munduan. Hamargarren txostena da gaur plazaratutakoa, eta, bilakaerari begiratuta, desplazatuak orain hamar urte halako bi dira egun.
Lekualdatze horietako gehienak gatazken eta liskarren ondoriozkoak dira: hain justu, 73,5 milioi. Gainerakoak hondamendien ondorio dira: 9,8 milioi guztira. Inoiz ez ziren hainbertze izanak; gatazken ondorioz desplazatutakoak 2023an baino %10 gehiago dira, eta, hondamendien eraginez lekualdatutakoak, berriz, %29 gehiago.
Barne Desplazamenduen Behatokiak 2015ean egin zuen lehen txostena, eta, 2018ra arte, berrogei milioi desplazaturen bueltan ibili ziren datuak. 2019tik 2024ra arte, ordea, kopuruek goiti egin dute etengabe. Azken-aitzineko txostenean, kasurako, 74,6 milioi barne desplazatu izan ziren.
Txostenean azpimarratu dutenez, laguntza eskasiak eta baliabide faltak zuzenean eragiten diete desplazatuei. «Nekez» jasotzen dituzte bizirik iraun ahal izateko baliabideak eta laguntzak, eta horrek «desplazatzera behartzen ditu herritarrak», azaldu dutenez. Laguntza humanitariorik eta ekonomikorik gabe, inork ez du modurik bere bizitokira itzultzeko, ezta bertze bizitoki bat eraikitzeko ere.
Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Yemenen erregistratu dute desplazatu gehien; izan ere, bi eremu horietan urte anitz daramatzate krisian. Sudani dagozkion datuak ere larriak dira, 11,6 milioi barne desplazatu baitaude. Txostenaren arabera, giza krisi «hagitz larrian» bizi dira Sudanen.
«Porrot kolektiboa»
Egungo egoera «porrot kolektibotzat» jo du GKEak, inork ez baitu irtenbiderik aurkitu. Faktore anitzek eragiten dituzte barne desplazamenduak: pobreziak, berdintasunik ezak, klima aldaketak eta desegonkortasunak, erraterako. Horrek guztiak lehendik ere desplazatuak zeudenei eragiten die gehien, eta berriz desplazatu behar izaten dute, argitu dutenez.
Palestinan, adibidez, zerrendako «biztanle ia guztiek» desplazatu behar izan zuten iaz. Kongoko Errepublika Demokratikoan ere, 5,5 milioi pertsona inguruk utzi behar izan zuten beren bizilekua gatazken ondorioz: herritarren %27k.
AEB Ameriketako Estatu Batuetan, hondamendiek lekualdarazi dituzte biztanleak; erraterako, iaz 11 milioitik gora lagun mugitu ziren urakan bortitz batzuen ondorioz. Desplazamendu horietako anitz gobernuak prebentzioz agindutakoak dira, baina txostenean salatu dute halakoek ere giza kostu bat daukatela, kostu ekonomikoa izateaz gain.
Geroz eta gehiago dira barne desplazatuak, baita barne desplazamenduak eragiten dien herrialdeak ere, eta horrek bereziki larritu du Barne Desplazamenduen Behatokia. Hortaz, datuak emateaz gain, eskatu dute gaiaz hitz egin dezatela debate politikoetan eta nazioarteko eztabaidaguneetan, «ezinbertzekotzat» baitaukate egoera hori konpontzeko bide bat aurkitzea.
Txosteneko datuak 2024an bildutakoak dira, baina ohartarazi dute aurten egoera ez dela hobetu; are, erran dute giza krisiaren ondorioz egoera okertu egin dela, eta aurrerantzean zailagoa izanen dela zehazki zenbat desplazatu dauden jakitea ere. IDMCren 2025eko helburuei dagokienez, datu base egonkor bat izaten ahaleginduko dira, eta jendea desplazatzera behartzen duten faktoreak identifikatuko dituzte.