Pepe Mujica uruguaitarrak lortu duena politikari gutxik lortzen dute bizirik dauden artean: hots, lan publikoa utzi ondoren eta, batez ere, herrialde bateko presidente izan ondoren miretsia eta maitatua izatea. El Pepe, edo Mujica —halaxe egin baita munduan ezagun Jose Mujica Cordano— 89 urte zituela hil da Montevideon, minbiziak jota. Rara avis bat izan da, boterearen gozoa probatu arren sekula ez baitzion guztiz muzin egin bere jatorriari, bere ohiko bizimoduari, herri xehearen aldeko borrokari, horrela esanda topiko hutsa badirudi ere.
Urte hauetan guztietan, Mujicari egindako ezin konta ahal elkarrizketa eta dokumental argitaratu dira, eta, bertan, beti agertzen zen bere chacra edo etxaldean, loreak inguruan, traktore gainean edo bere Volkswagen kakalardo urdin argian, baita presidente zen garaian ere. «Presidente jaunek arrandia handia behar izaten dute, eta halako misterio kutsu bat ere bai, baina, denok berdinak baldin bagara, hori ez dago ulertzerik», esaten zuen behin eta berriz. «Haien eginkizunak badu garrantzia, baina presidente bat ez da ez Jainkoa eta ez erregea. Kultura feudalaren eta monarkiaren kondar batzuk geratzen dira oraindik errepubliketan. Iruditzen zait nahaspila handia egoten dela halakoetan, eta komeni izaten dela hortik urruntzea». Mujicak aitortzen zuen ez zela batere eroso sentitzen presidenteen goi bileretako protokoloekin, eta, presidente izan zen garaian, soldataren %85 eman zuen dohaintzan, gainerakoa nahikoa omen zuen-eta bizitzeko. Denborarekin, agerian geratu zen ez zela itxurakeria hutsean ari, baizik bizimodu horixe hautatua zuela, eta azkeneraino eutsi ziola, gainera.
Maradonarekin gertatzen zen bezala, Mujica abizena edo El Pepe ezizena aipatu, eta mundu guztiak jakiten zuen nor zen hizketagai; eta hori, aintzat hartuta Diegok baino abizen aski arruntagoa zuela Pepek. Nolanahi ere, han eta hemen, ia mundu guztiak daki Mujica politikari uruguaitar bat dela —edo zela—, gerrillari ere izana, eta preso egon zela, eta gero instituzioetako politikan sartu zela, zer eta presidente bilakatzeraino. 1935eko maiatzaren 20an jaio zen, Paso de la Arena izeneko chacra lurralde batean, Montevideo hiriaren aldirietan, eta gerora ere jaioterritik bertantxe bizi izan zen, betiko bikotekide Lucia Topolanskyrekin. Rincon del Cerro izena zuen haien etxeak, eta, han, Mujica beti agertzen zen lorez eta animaliaz inguratuta, bere bizitzako pasadizoak kontatzen, eta etortzen zitzaizkion ezin konta ahal bisitariei matea eskaintzen.
Zioenez, 14 urterekin hasi zen militatzen, anarkismoan hain zuzen, eta, pixkana-pixkana, gero eta gehiago engaiatu zen marxismoaren ideiekin. Orobat kontatzen zuen haurtzaro gogorra izan zuela eta familiari lagunduz eman zituela lehen pausoak nekazari gisa. Oso esker oneko omen zegoen txikitatik naturan ibiltzeko aukera izan zuelako. Haren hitzetan, natura ere irakurtzen eta interpretatzen jakin behar da, irakurgaiak, testuinguruak eta pertsonak irakurtzen eta interpretatzen jakin behar den bezalaxe. «Ez dut miseriaren apologia egiten: soiltasunaren apologia egiten dut, bizitzako funtsezko gauzei garrantzia ematearena eta bizitzeko astia izatearena. Horixe da libertatea: gustatzen zaizkigun gauzak egiteko astia izatea; eta ez halabeharrez bizitzea lanerako eta gauzak pagatzeko bakarrik, batere astirik gabe ez seme-alabentzat, ez lagunentzat, ez ezerentzat. Hori ez da bizimodua».
Urteekin, Tupamaros Askapen Nazionaleko Mugimenduan sartu zen, eta erakunde haren ekinaldirik epikoenetako batean parte hartu zuen: hain justu, Pando hiria hartu zutenetako bat izan zen Mujica. 1960ko lehen urteetan, izan ere, nekazari lurretako lehen gerrillak sortu ziren Latinoamerikako zenbait herrialdetan, eta Uruguain, berriz, hango geografia dela eta, lehen hiri gerrillak sortu ziren. 70eko hamarkadaren hasierarako, tupamaroak nabarmen ugarituak ziren, eta ezagun bihurtuak ere bai, oso ekinaldi ikusgarriak egiten baitzituzten. Aipatu bezala, Pando hiria hartzea izan zen ekintzarik ezagunenetako bat: gerrillari saldo bat hileta segizio batean iritsi zen, eta, hala, komisaria, suhiltzaileen kuartela, telefono zentrala eta hiru banku hartu zituen.

Mujica lau aldiz egon zen preso, eta bitan ihes egin zuen. Guztira, ia hamahiru urte atxilotuta eta torturapean; zioenez, horrek markatu zion izaera, beste ezerk baino gehiago: «Bizi izan dudan guztia bizi izan ez banu, agian ez nintzateke halakoa izango. Gehiago ikasten da minetik, oparoalditik baino. Gauzak ondo doazenean, oilartu egiten gara, eta iruditzen zaigu dena zoragarria dela. Baina askoz ere gehiago ikasten dugu porrotetik eta oinazetik, zeren horien bidez gutxienez umilak izaten ikasten baitugu, eta gure pentsamenduak berrikusten; fanatikoak ez izaten ikasten dugu, eta besteak errespetatzen, gure iritzi berekoak ez izan arren».
Errealitatea aldatuta
Kartzelatik irten zenean, Mujicak bazekien ez bera eta ez inguruko errealitatea ez zirela lehengoak eta, beraz, ezin ziola errealitate horri lehen bezala heldu. 2005ean, Uruguaiko hauteskundeetan, lehen aldiz ezkerra irten zen garaile, eta Tabare Vazquezek proposatu zion Abeltzaintza, Nekazaritza eta Arrantza ministro izatea; baita Mujicak onartu ere. Hala hasi zuen bere ibilbide profesionala, azkenean presidentetzaraino eraman zuena. Maria Esther Gigliok bere Pepe Mújica, de tupamaro a presidente liburuan dioenez (Pepe Mujica: lehen tupamaro, orain presidente), duda handiak izan zituzten Mujica ministro izendatu ala ez; izan ere, beren buruari galdetzen omen zioten: «Zenbateraino onartuko ditu gerrillari zahar batek gobernatzeak berekin dakartzan transakzio amaigabe horiek guztiak?». Baina ondo moldatu zen: bere modura negoziatu zuen, eta amore ere eman zuen horren premia ikusi zuenean, hala nola gobernuaren ekintza batzuetara trajea eta gorbata jantzita joatea onartu zuenean. 2009ko azaroko azken igandean hautatu zuten presidente, eta 2015ean bukatu zuen legealdia; 2020an, berriz, uko egin zion senatari karguari ere. Harrezkeroztik, herri militantziari emana bizi izan da.

«Ni aurrerakoia naiz: berdintasunaren alde borrokatu naiz. Eta, niretzat, berdintasuna ez da denak berdinak izatea, baizik eta denek izatea aukera gutxi-asko leku beretik abiatzeko. Hori dut amets eta utopia. Nire herrikide gehienak bizi diren bezala bizi behar dut nik, borrokatzeko motibo ditudan horiek bizi diren bezala, zeren, ekonomia solidario baten alde borrokatzen banaiz eta baztertuen daudenak orain baino hobeto bizi daitezen borrokatzen banaiz baina gero azkenean hobekuntzatxo batzuk baino ez baditut lortzen, ez baitut eskubide moralik izango nire ohiko bizimodutik aldentzeko. Haiek hobeto bizi direnean, orduan agian bai, pesoren bat gehiago gastatu ahalko dut; baina bitartean, ez».
Animalia politiko esaten zaien horietako bat izan da Mujica, gorputzak laguntzen ez duenean ere guztia bazter uzten duten horietakoa. Mujicari esofagoko minbizia diagnostikatu zioten, eta erradioterapia eman; azkeneraino borrokatu da, eta, 2024ko hauteskundeetako kanpainan Fronte Zabalak egindako azken ekitaldietako batean, agur diskurtso moduko bat ere egin zuen: «Itzulbiderik ez duen leku horretara erretiratzear nago, baina era berean pozik, zuek hor zaudetelako, nire besoak ez daudenean ere beste mila beso egongo direlako hor, borrokarako prest».