Uruguaiko diktadurako delituak baliogabetuta geratuko dira azaroan

«Legez kontrako ekintzak dira, ez gizadiaren kontrakoak», Justizia Auzitegi Gorenaren arabera

Jon Fernandez.
2011ko ekainaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Uruguaiko diktadura militarraren garaian (1973-1985) egindako delituak baliogabetuta geratuko dira datorren azaroaren 1ean. Egun horretatik aurrera ezingo dute militarren kontrako epaiketarik egin, izan ere, delitu horiek «legez kontrako ekintzak dira, eta ez gizadiaren kontrakoak», Uruguaiko Justizia Auzitegi Gorenaren azken ebazpenaren arabera. Hortaz, bide bakarra dago diktadurako delituen baliogabetzea saihesteko: parlamentuak baliogabetze epea luzatzen duen legea onartzea azaroa baino lehen.

Jose Nino Gavazzo eta Ricardo Arab militarren kontrako epaiketak berretsi du albistea. 25 urteko kartzela zigorra jaso zuten «bereziki larritutako hilketagatik»: 28 lagun atxilotu eta desagerrarazi zituzten diktadura garaian. Mirtha Guianze fiskalak helegitea aurkeztu zuen zigor epaiaren kontra. Hilketaz gain, «behartutako desagerpena» leporatzea eskatu zuen fiskalak, baina Justizia Auzitegi Gorenak ezezkoa eman dio. «Ez da bidezkoa behartutako desagerpenaren delitua leporatzea, delitu hori 2006ko irailaren 25eko legeak sortu baitzuen. Hau da, desagerpenak gertatu ziren garaian ez zen delitu hori existitzen, eta ezinezkoa da legea atzeraeraginezkoa izatea», argudiatu dute Justizia Auzitegi Goreneko bost epaileetatik lauk.

Hori horrela, diktadura garaiko hilketak, torturak eta giza eskubideen gainontzeko urraketak «delitu arruntak» dira, eta, beraz, iraungitze data daukate. Uruguaiko Zigor Kodeak hogei urteko epea ezartzen du hilketa delitua baliogabetzeko, eta heren bat luzatu daiteke kasuaren larritasunaren arabera. Hau da, gehienez 26 urte eta zortzi hilabeteko epea dute delituok baliogabetuta geratu aurretik.

Baliogabetze eguna ezartzeko, diktadura garaia kontuan ez hartzeko eskatzen du Uruguaiko Justizia Auzitegi Gorenak, «berme faltagatik». Hortaz, 1985eko martxoaren 1a hartzen da erreferentziatzat, Uruguaik demokrazia berreskuratu zuen eguna.

Azken aukera, parlamentuak

Datorren azaroaren 1ean beteko dira diktadurako militarren kontrako epaiketak egiteko aukera eman duten 26 urte eta zortzi hilabeteak, baina oraindik ugari dira justizia eskatzen duten desagertuen familiak eta zigorrik gabe dauden militarrak.

Militarren zigorgabetasuna saihesteko aukera bakarra legebiltzarrak delituen baliogabetze epea luzatzen duen legea onartzea da. Baina zaila dirudi, duela bi aste, esaterako, Iraungitze Legea baliogabetzeko bozketan ez baitzuten gehiengorik lortu.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.