Protestak herrialde arabiarretan

Ustekabean kutsatu da Siria

Segurtasun indarrek gogor erantzun dute Dara hiriko manifestarien aurka. Bashar al Assad presidenteak erreforma politikoak iragarri ditu, herrialdearen egonkortasuna bermatzeko asmoz.

2011ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Duela aste batzuk inor gutxik pentsa zezakeen herrialde arabiarretan piztu diren protestek Siriaren egonkortasuna kolokan jarriko zutenik. Bashar al Assad presidenteak berak iraultzek herrialdean eraginik izango ez zutela ziurtatu zuen The Wall Street Journal egunkariari urtarrilaren amaieran eskainitako elkarrizketa batean. «Gertukoa» delako eta «herritarren beharrak ulertzen dituelako» uste zuen Assadek berari ezin zitzaiola gertatu Zine el Abidine Ben Aliri lehenik eta Hosni Mubaraki gero gertatu zitzaiena. «Siria ez da ez Tunisia ez Egipto», azaldu zuen.

Egunotan, ordea, 1963tik manifestazio publikoak egitea debekatzen duen larrialdi legea bazter utzi, eta milaka herritarrek kaleak hartu dituzte erreforma politikoak eskatzeko. Deialdiek oihartzun txikia izan dute hiri gehienetan. Izan ere, herritarrak errepresioaren beldur dira. Baina Jordaniarekin mugan dagoen Dara hirian egoerak eztanda egin du. Segurtasun indarrek tiro egin zuten manifestarien aurka duela egun gutxi. Hasieran hildakoak hamazazpi izan zirela uste zen, baina zenbait lekukok Al Jazeera telebista kate arabiarrari azaldu diote ehun inguru izan daitezkeela. Horien hiletak manifestazio jendetsu bilakatu dira, eta Siriaren egonkortasuna kolokan jartzea lortu dute.

Aitagandik hartu zuen oinordetzan Assadek agintea 2000. urtean. 40 urtetik gora Baaz alderdiaren menpe egon da errepublika, eta urte horietan guztietanerrepresio bidez kontrolatu dituzte herrialdeko gatazkak, bai aitak bai semeak. Atzo, baina, protestak urrunegi joan zirela iritzita, Assadek erreforma politikoak iragarri zituen. Besteak beste, larrialdi legea deuseztatzea, alderdi politikoen lege bat eratzea eta ustelkeriaren aurka borrokatzea hitzeman zuen.

Mendebaldearen etsai

Tunisiak, Egiptok eta beste hainbat herrialde arabiarrek pairatzen dituzten arazo berak dituzte Sirian ere. Inflazioa, ustelkeria, autoritarismoa, askatasunik eza eta langabezia dira bertan ere herritarren kezka nagusiak. Baina orain arte inork ez zuen Sirian iraultza piztu zitekeenik uste.

Borra kolpe eta izuaren bidez kontrolpean izan du Assadek herrialdearen egonkortasuna. Hain justu, Sirian, boterean daudenen oniritzirik gabe ezer ezin dela egin esan ohi da.

Herritarrak oso zatituta daude etnia, erlijio eta arrazoi sozioekonomikoak direla medio. Ezberdintasun horiek elikatu eta elkarrekiko mesfidantza sustatu du gobernuak urteetan, herritarren batasuna saihesteko. Oposizio bateratu bat sortzea saihestu dute era horretan. %10 ere ez diren alauien esku dago herrialdea. Elite oro euren kontrolpean dago, baita segurtasun indarrak ere. Assadtarrak ere alauiak dira. Gehiengo sunitak, berriz, ez du ordezkaririk agintean.

Herrialde arabiarrak bitan banatu izan dira hamarkadatan zehar. Moderatuak edo mendebaldearen aldekoak, batetik; eta mendebaldeak erradikaltzat hartu dituenak, bestetik. Azken horien artean dago Siria. Israelen eta AEBen aurkako jarrera garbia erakutsi du hainbatetan. Iranen aliatua da Damasko, eta Hamas Palestinako organizazio politiko islamista eta Hezbola Libanoko talde xiita babesten ditu. Orain arte mendebaldearen aldeko diktadoreak harrapatu ditu JasminenIraultzak. Hain justu, analista politikoek «militantzia arabiarrak» Siria protestetatik salbu utziko zutela uste zuten, baina herrialde horretan ere hasi dira liskarrak. Gaurko, hain zuzen ere, Duintasunaren Egunera deitu du oposizioak.

Orain arte gobernuaren aurkako ahotsik altxatu ez izanak baditu bestelako arrazoiak ere. Besteak beste, herrialdea erabat bakartuta egon da 80ko hamarkadaz geroztik. Hori horrela, atzerriko esku hartzea minimoa da Sirian. Bestalde, erregimenak guztia kontrolatzen du, eta ez dago Sirian agintarien aurka egin ahal duen talde antolaturik; ez alderdi politikorik, ez sindikatu askerik, eta ezta ikasle talderik ere. Horrez gain, Assadek bere aitagandik boterea hartu izana trantsizio gisa bizi izan zuten askok. Aldaketak agindu eta hitza bete ez duen arren, eskualdatze hark herritarrak baretu zituela uste da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.