Ustelkeriak ataka estuan paratu ditu Vietnamgo goi agintariak

Urak harro dabiltza Asiako herrialdeko politikan, Vo Van Thuong presidenteak dimisioa eman berri baitu. Gainera, Nguyen Phu Trong Alderdi Komunistako idazkari nagusi eta herrialdeko liderra makal dabil osasunez.

Vo Van Thuong Vietnamgo presidente ohia —eskuinetik lehena— eta Nguyen Phu Trong Alderdi Komunistaren idazkari nagusia —eskuinetik bigarrena—, joan den urtarrilean, Asanblearen ezohiko saio bat hasi aitzinetik, Hanoi hiriburuan. LUONG THAI LINH / EFE
Vo Van Thuong Vietnamgo presidente ohia —eskuinetik lehena— eta Nguyen Phu Trong Alderdi Komunistaren idazkari nagusia —eskuinetik bigarrena—, joan den urtarrilean, Asanblearen ezohiko saio bat hasi aitzinetik, Hanoi hiriburuan. LUONG THAI LINH / EFE
Josep Solano
Tokio
2024ko apirilaren 27a
05:10
Entzun

Vietnamgo Gobernua are ezegonkorrago dago joan den martxoaren 20az geroztik: Vietnamgo Alderdi Komunistak herrialdeko presidente Vo Van Thuongen dimisioa onartu zuen egun hartan, irregulartasunak eta ustelkeria leporatu baitzizkioten kargua hartu eta urtebetera, alderdiaren Komite Zentralak baieztatu zuenez. Ordura arte presidenteorde izandakoak hartu zuen Thuongen tokia, Vo Thi Anh Xuanek, jarduneko presidente gisa, eta, horren ondorioz, ez da modurik izan luze gabe ordezko finkorik hautatzeko.

Horrez gain, Vietnamgo buruzagi nagusia, hau da, Vietnamgo Alderdi Komunistako idazkari nagusi Nguyen Phu Trong makal dabil osasunez. Urte hasieran, gaitza larriagotu zitzaiola, ospitaleratua zutela eta are hila zela zioten zurrumurruak bolo-bolo ibili ziren sare sozialetan, Vietnamgo iritzi liderrek hauspoturik, bai eta analista politikoek ere, nahiz eta ez hain nabarmen. Thuong Vietnamgo lider nagusiaren hurbilekotzat jotzen zuten, eta iazko martxoan izendatu zuten presidente —53 urte ditu, eta, beraz, Vietnamen inoiz izandako presidenterik gazteena bihurtu zen—. Thuongek Nguyen Xuan Phuc ordezkatu zuen, azken horrek dimisioa eman baitzuen hilabete lehenago, bere agintepean ustelkeriazko jokabideak izan zirelakoan.

Azken urteetan, Vietnamgo Alderdi Komunistako idazkari nagusiak inoiz ez bezalako kanpaina bat bultzatu du ustelkeriaren kontra, eta jardun horrek aitzinean eraman ditu bertze garai batzuetan ukiezinak iduriko luketen zenbait goi kargudun eta enpresari. Hala dio Angel Maciak; Murtziako Unibertsitateko doktoregaia da Macia, eta, haren ustez, orain gertaturikoa zera da, «bertze pauso bat» herrialdeak 2015ean ustelkeriaren kontra abiatutako bidean: «Eta ez du itxurarik, inondik ere, Thuong izanen denik postua utzi beharko duen azken karguduna».

Maciaren hitzetan, nahiz eta Vietnamgo Alderdi Komunistak «egiatan» baduen asmoa «sektore pribatuko zikinkeriak garbitzeko eta nazioarteko inbertitzaileei mezu positibo bat bidaltzeko», «arrazoi politikoak» daude ustelkeriaren kontrako kanpaina horren gibelean. «Ikusita ustelkeriak konpondu ezinezko kalteak eragiten dituela bai ekonomikoki eta bai politikoki, alderdiak ez du etsiko xede hori lortu arte, badakien arren arrunt zaila dela gaitz hori arras desagerraraztea», erran du akademikoak; berriki, Espainiako Meritu Zibilaren Ordenako gurutzea eman diote Maciari, pandemia garaian Vietnamgo berri ematen egindako lanagatik.

Ezegonkortasunak Vietnamgo sistema politikoa arriskuan paratuko ote duen galdetuta, Murtziako Unibertsitateko doktoregaia segur da ez dela deus gertatuko «bederen 2026aren hasiera arte, Alderdi Komunistaren hurrengo kongresua egiten duten arte». Doktoregaiaren irudiko, Vietnam «ataka aski estuan» egonen da errentari dagokionez ezarritako helburuak bete nahi baditu: «2030erako tarteko diru sarrerak dituen herrialde bilakatu gogo du, eta 2045erako, berriz, diru sarrera handiko herrialde. Kontuan hartuta Vietnamgo ekonomia esportazioetan oinarritua dela eta bezero nagusien eskariak apalak direla aski ezagunak diren arrazoiengatik, ez daude denbora alferrik galtzeko moduan, eta agintariek ederki dakite hori».

«Ez du itxurarik, inondik ere, Thuong izanen denik postua utzi beharko duen azken karguduna»».

ANGEL MACIAMurtziako Unibertsitateko doktoregaia

Bertzalde, zuzenean galdetuta atzerriko potentziaren bat —hala nola Txina edo AEB Ameriketako Estatu Batuak— Vietnamgo ezegonkortasun politikoaz baliatuko ote den bere mesederako, Maciak zalantzarik gabe erantzun du Txinak ez duela halakorik eginen. «Izan ere, Txina ez da halako abenturetan nahasten, guk dakigunez behinik behin, eta, bertzalde, Vietnamen beti begiratu izan diete mesfidantzaz iparraldeko bizilagunei, agintariek baino gehiago herritarrek, gainera. Hortaz, pentsatzekoa da herritarrek ez luketela inondik ere babestuko halakorik».

AEB Ameriketako Estatu Batuei buruz, berriz, zuhurrago mintzatu da Murtziako Unibertsitateko doktoregaia, eta erran du Vietnamgo agintariak adi dabiltzala jada, litekeena delako «AEBetako Gobernuak interesa izatea gisa horretako prozesu bat bultzatzeko, izan indar handiagoz edo izan txikiagoz, modua emanen diolakoan bere interesen arabera jokatzeko». Gaineratu duenez, joan den urtean eta aitzinekoan estatubatuar anitz izan ziren Vietnamen, bai enpresa pribatuetako ordezkariak eta bai gobernuko kideak ere, Antony Blinken Estatu idazkaria eta Joe Biden presidente buru zituztela, helburu izanik Vietnam argiago ager zedila AEBen alde estatubatuarrek Txinarekin abiatua duten norgehiagokan.

Horretarako, Hego Txinako itsasoaren, hau da, vietnamdarrek Ekialdeko itsaso deitzen duten horren inguruko gatazka erabili zuten aitzakia gisa, baina bete-betean egin zuten porrot, nahiz eta nazioarteko hedabideek ez duten horren berri eman.

'Lau ezezkoen politika'

Maciak argitu du Vietnamgo Gobernuak irmo eusten diola lau ezezkoen politika delakoari: ez du onartzen ezein aliantza militarretako kide izatea, ez herrialde baten alde jartzea bertze baten kontra egiteko, ez Vietnamen atzerriko base militarrak ezartzea eta Vietnamgo lurrak bertze herrialderen baten kontra egiteko erabiltzea, ezta nazioarteko harremanetan indarkeria erabiltzea edo hura erabiltzeko mehatxua egitea ere.

Ezegonkortasun politikoak aurreikusiak diren atzerriko inbertsio batzuk kolokan paratuko ote dituen galdetuta, Murtziako Unibertsitateko doktoregaiak ohiko erramolde batekin erantzun du: «Dirua ere beldurtzen da».

Bukatzeko, Maciak azpimarratu du Vietnamek «anitz» duela eskaintzeko, eta «bere buruari ezarritako helburuek ere baldintzatzen» dutela. «Horrexen ondorio da, preseski, inbertsioak bultzatzeko sortutako esparru juridikoa, eta, arestian ustelkeriaren kontrako kanpainari buruz errandakoak kontuan hartuta, inbertitzaileek ikasi egin beharko dute egungo errealitate honekin bizitzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.