Txinako Alderdi Komunistako idazkari nagusi Xi Jinping alderdiko gainontzeko buruekin batu da lehen aldiz aurten, eta alderdiaren barruan izan diren ustelkeria kasuei aurre egiteko bide orri bat zehaztu dute. Alderdiko Batzorde Zentralak Xi izendatu aurreko hilabeteetan —joan den azaroan izendatu zuten—, makina bat ustelkeria kasu izan ziren buruzagitza postuetan.
Iturri ofizialek zabaldutakoaren arabera, alderdiko diziplina behatzeko taldeei «ustelkeria kasuak ikertzeko, praktika desegokiak egin dituzten ofizialak zigortzeko eta emaitza zehatzak lortzeko» agindu diete, dokumentu baten bidez. Horretarako, hainbat neurri berri ezarri ditu azkenaldian alderdiaren buruagitzak. Ohiko kontrolak egingo dituzte neurriok errespetatzen direla segurtatzeko, jokamolde araudi berria txerta dadin. Besteak beste, alderdiko kideei «jarrera nabarmenak» saihesteko eskatu zaie.
Neurri sorta horrekin, ustelkeria kasuak murriztu nahi dituzte, baita hedatzea eragotzi ere. Horrez gain, «herriarekiko harremana sendotzea, segizio apalekin bidaiatzea, bilera laburragoak egitea eta hitzaldiak laburtzea» ere lrtu nahi duela adierazi du Alderdi Komunistak. Xi idazkari nagusiak berak diru xahutzea murrizteko asmoa adierazi du behin baino gehiagotan, eta bizkartzain gutxiagorekin bidaiatzea eta halako hainbat neurri hartu ditu, eredu izate aldera.
Txinako Herri Auzitegi Gorenak hainbat neurri juridiko prestatu ditu, ustelkeriaren aurkako zigorrak gogortuz. Orain arteko neurriak legez kanpoko dirua onartzen zutenen aurka egiteko prestatuak zeuden, baina eraginkortasun urria zeukaten. Neurri berrien arabera, 2013tik aurrera funtzionarioekin eroskeriatan aritu izana leporatu eta erruduntzat jotako guztiek «eskuratu duten dena» itzuli beharko dute. «Dagokion agintaritza arduratuko da dirua edo jabetzak konfiskatzeaz zein itzularazteaz». Eroskeriarekin jasotako onurak ezin ukituzkoak badira, postu igoerak esaterako, «errudunei aurre egiteko moduak aurkituko dira».
Gobernuak gisa horretako hainbat neurri hartu ditu azkenaldian, herritarrak pozik ez egoteko arrazoi nagusietarikoa izan daitekeelakoan.
Ustelkeriaren aurkako plana izan du hizpide Xik urteko lehen bileran
Txinako agintarien artean makina bat kasu izan ziren Xi Jinping idazkari nagusi izendatu aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu