Siriako gatazka

Ustez Siriako matxinoek egindako exekuzio bat ikertuko du NBEk

Sarean agertutako bideo batean, talde armatu bat ageri da, atxikiak dituen hainbat lagun jo ondotik horiek tiroka hiltzenQatarren elkartuko da bihar SNC oposizioko taldea, berregituraketa bat egiteko

mikel rodriguez
2012ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Interneten hedatutako bideo batek Siriako gatazkaren inguruko bertze eztabaida bat sortu du nazioartean. Irudietan, zibilen arropak eta osagarri militarrak jantzita dituzten gizonezko talde bat ageri da, armatuta, lurrean atxikita duen bertze talde bati kolpeka eta garrasika. Amaieran, hainbat tiro sorta jaurtita hiltzen dituzte gatibuak. Hiltzaileak ustez talde matxino bateko kideak dira, eta biktimak, berriz, gobernuaren aldekoak. «Jada ez ziren borrokan ari, beraz, badirudi bertze gerra krimen bat izan dela», adierazi du Rupert Colville NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren bozeramaileak.

Oposizioko Siriarako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, exekuzioak ipar-mendebaldeko Saraqeb hirian gertatu dira, Idlib probintzian, Aleporako bidean. Erakunde horren arabera, FSA Siriako Armada Askeak kontrolpean hartu zuen atzo. Giza Eskubideen Behatokiak dioenez, borrokan preso hartutako soldaduak edo xabiha gobernuaren aldeko milizianoak dira hildakoak. Londresen egoitza duen erakundeak dio matxinoek 28 soldadu hil dituztela Saraqeben, eta gutxienez zortzi exekutatu dituztela.

Colvillek erran du zaila dela «berehalakoan egiaztatzea» bideoan ageri direnak nortzuk diren eta non grabatu den. Beraz, ez du zehaztapenik egin nahi izan. «Lehendik ere ongi dokumentatuta dauzkagun exekuzioen artean bat gehiago izan liteke». NBEk gertaera ikertuko duela agindu du, eta «egiaztatuz gero»,egileek «kontuak eman» beharko dituztela. AI Amnesty Internationalek ere erran du bideoan ageri dena «gerra krimena» izan litekeela.

Malik Kurdi FSAko buruzagiordeak gertaeren berririk ez duela adierazi dio Espainiako Efe agentziari. «Ez dakigu zeinek egin duen hori. Gaitzetsi egiten dugu, eta FSAko kideak badira, zigortu eginen ditugu». Kurdi Turkian dago erbesteratuta. Matxinada hasi zenetik, hainbatetan agertu izan dira erreboltariek egindako gehiegikeriak agertzen dituzten bideoak. Iragan abuztuan, adibidez, matxino talde batek soldadu batzuk Alepoko eraikin batetik beheiti nola botatzen zituen agertu zen irudi batzuetan; hori baino egun batzuk lehenago, gatibuak pareta baten kontra ezarrita egindako fusilatzeak.

Clintonen «aholkua» SNCri

Mendebaldearen eta Persiar golkoko herrialdeen sostengua duten oposizioko taldeentzat aste erabakigarria izan liteke hurrengoa, bihartik hasi eta asteazkenera bitartean Qatarren elkartuko baitira, SNC Siriako Kontseilu Nazionala berregituratzeko edo hedatzeko asmoz. Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak egindako adierazpen batzuek baldintzatuta eginen da bilkura hori, erran baitu SNC jada ezin dutela «oposizioaren lidertzat hartu», haren buruzagitza nagusiki erbesteko liderrek osatzen baitute, eta ez «Sirian bertatik bertara borrokan ari direnek».

SNCko alderdi nagusia dira Anaia Musulmanak islamistak. Mulhem al-Derubi buruzagiak adierazi du Qatarren hiru zutabe nagusi dituen proposamen bat eztabaidatuko dutela: burujabetza nazionala «nola babestu», Baxar al-Assad boteretik nola bidali, eta «eskuak odolez zikinduta dituztenen» aurkako epaiketak egin. Al-Derubiren arabera, proposamenak bat datoz Clintonek errandakoarekin. «Ongi hartu ditugu adierazpen horiek, eta gainerakoekin elkartzeko aholku bat dira».

Kritikak Clintoni

Al-Derubiren alderdikide Zuhair Salemen ustez, ordea, «onartezina» da Clintonek oposizioa «zuzenean bideratu» nahi izatea. Anaia Musulmanek Londresen duten bozeramailea da Salem. Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaile Aleksander Lukaxevitx ere antzera mintzatu da. «Erbesteko gobernu bat eratzeko zer egin behar duen erraten zaio oposizioari, eta nortzuk sartu beharko liratekeen gobernu horretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.