Ustezko lau ekintzaile hil ditu Turkiak Iraken menpeko Kurdistanen

'Lege antiterroristaren' aitzakian kurdu adingabeak auzipetzeari utz diezaiola eskatu dio AIk Turkiari

Erredakzioa
2010eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
PKK Kurdistango Langileen Alderdiko ustezko lau ekintzaile hil zituen gutxienez atzo Turkiako armadak, Iraken menpeko Kurdistanen. Bi herrialdeak banatzen dituen muga gurutzatu zuten soldaduek, eta hiru kilometrotara antzeman zituzten PKKko ustezko ekintzaileak; iturri ofizialek jakinarazi dutenez, helikopteroetan lortu zuten haiek mendean hartzea. Herenegun ekintzaileek egindako eraso bati erantzunez eraso zietela nabarmendu du armadak; Uledere base militarrean sartu ziren ekintzaileak, eta sarjentu bat utzi zuten larri zaurituta. Ordu gutxitara hil zen.

Turkiako soldaduek Irakeko muga igaro izana istilu iturri gisa ikusi dute Bagdaden. Joan den astean, hain justu, Irakeko enbaxadore irandarrak ukatu egin zuen bere herrialdeko tropek Irakeko muga gurutzatu zutela, Iraken menpeko Kurdistanek leporatutakoari erantzunez.

Bestalde, AI Amnesty Internationalek 'lege antiterroristaren' aitzakian adingabeak auzipetzeari utz diezaiola galdegin dio Turkiari. Kurduak dira gazte horietako asko, eta soilik manifestazioetan parte hartu izanagatikatzeman dituztela salatu du erakundeak. Atxilotzeko unean, askok tratu txarrak pairatzen dituztela ere deitoratu du; haatik, Poliziako kide batek ez du horregatik auzitegietara joan behar izan.

Oldarraldien gogortzea

Herri kurdua Irak, Iran, Siria eta Turkia artean sakabanatua dago. PKK-k hamaika borroka abiarazi izan ditu herri gisa aitortzeko ahaleginetan, eta borroka bortitzen lekuko izan dira lau herrialde horien arteko mugak. Iran eta Irak banatzen dituen zeharbidean, hain zuzen, Guardia Iraultzaileko kideak hedatzen hasi zen atzo Teheran. Medhi Moini komandanteak nabarmendu du Israel eta Ameriketako Estatu Batuak inguru haietan dabiltzala, eta segurtasuna bermatze aldera hartu dutela han hedatzeko neurria. «Gure herrialdea ezegonkortzea bilatzen dute etnien arteko ezberdintasunak agerian utzita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.